Komunikazio
Wikipedia(e)tik
Komunikazioak amankomunean jartzea esan nahi du. Latinean du bere jatorria, communicare hitzetik dator, alegia: elkarrekin parte hartu, edo harremanetan jarri adierazi nahi zuten erromatarrek hitz honekin.
Pertsonen arteko ezinbesteko ekintza da: pertsona izateko eta gizartean bizi ahal izateko.
J.I. Basterretxeak honela definitzen du Kultur Aniztasunari buruzko bere liburuaren hasieran:
"Gizakien ahalmen esklusiboa izan arren, komunikazioa bere harreman indibidualak zein kolektiboak garatzeko eta bideratzeko beharrezkoa duen tresna kognitiboa eta azaltzaileada" Kultura Aniztasuna eta Gizarte-Komunikazioa Bilbo 2002.
- Kognitiboa da mundua ulertzeko balio diolako
- Azaltzailea da ulertu duen munduari buruzko diskurtsoa eraikitzeko balio diolako
Pertsona bi edo gehiagoren artekon ekintza izanik, askotan bidea (komunikabidea) ekintzarekin nahasten da, edo/ta ordezkatzen ere. Pertsonok elkarri egiten diogun ekintza izatetik, hots mezuak elkarri pasatzea eta eskuratzea, erabiltzen dugun bidearekin nahasten da. Hau da, papelean idazten dena komunikazioa izanik, papera bera komunikazioa izateraino iristen da.
Bilakaera historikoa
Historian zehar adiera ezberdinak izan ditu komunikazioak, Yves Winkin autoreak azaltzen duenez:
- Erromatarren jatorrizko hitza frantsesean agertzen da XIV. gizaldian zerbaitetan parte hartzea adierazteko. Communier hitzarekin zerikusia zuen, komulgatu aditzarekin konjugatuz.
- Baina XVI. mendean transmititu esanahia hartu zuen, adibidez gaixotasun bat komunikatu adierazteko, egoera biribil batetik (elkarrekin edukitzetik) funtzio lineal batera pasatuz (batak besteari pasatu).
- XVIII. mendean garraiobideen garapenagatik, sigularra plurak bihurtzen da Komunikazioak garraiobideekin nahastuz: errepideak, ubideak, trenbideak...
- XX. gizaldian zinema, prentsa, irratia, telebista eta beste komunikabideak Komunikazioa akaparatu dute, emaile batek sortutako mezua hartzaile askori (masa bati) helarazteko eskema sortu arte.
- Azken urteetan Zibernetikari esker, harreman dinamiko batekin begiratzen hasi da komunikazioa, partehartzearen ideia berreskuratuz. 1970. urtean Grand Robert delakoaren hiztegian "zerbaiten funtzionamenduan parte hartzen duen harrreman dinamikoa" agertzen da, zientziazko hiztegietan sartuz.