Eunate
Wikipedia(e)tik
Eunate Muruzabalgo herri hustua da. Gaur egun, hor Andra Mariren omenezko eliza ikus daiteke. Erromar eran XII. mendean eraikia (1170 inguru), Donejakue Bideko harribitxia da.
[aldatu] Izena
Eunateko izena ez da ematen duen bezain begibistakoa. Azalpena moduan, ehun - ate hitzetan bereizten da. Eskualde horretan (Izarbeibarrean) XIX. mende arte euskaraz hitz egin zen, eta, arkuen kopuruan egongo litzateke hipotesi honen oinarria. Hala ere, arkuak ez dira 100era iristen, eta izen hori ez litzateke oso ohikoa, onomastikari dagokionez behintzat. Horrelako beste kasurik ez da aurkitzen. Beraz, azken urteotan beste teoria bat agertu da. Horren arabera "Eunate" Onateren garapena izango litzateke. Izan ere, dokumentazioetan hala ere aurki daiteke, eta eskualdeko ahoskatzeko era arrunta izan zen orain gutxi arte.
Hala ere, Tenpluko Ordena inguratzen duen misterio eta sinesmenkeriak direla eta, Eunate = Ehun ate herri etimologia honela justifikatzen da: tenplu oktogonala 33 arkuz osatutako arkuteriak inguratzen duenez, elizari hiru itzuli eman eta gero bertara sartzean, 33x33x33+1=100 ate edo arku igarotzen dira.
[aldatu] Jatorria
- Teoria entzutetsuenak dio Tenpluko Ordenak eraiki zuela. Eunateko planta oktogonalak zein arkuen kopuruak hipotesi hau babestuko lukete. Gainera, Antso VI.aren garaian (eliza hau eraiki zenean, hots), Orden horrek laguntza handia jaso zuen erregearengandik. Hala ere, ez dago zaldun tenplarioren arrastorik Eunatern gaineko dokumentuetan. Hori dela eta, historialari gehienek teoria hori arbuiatzen dute.
- XX. mendearen erdialdean egindako indusketa arkeologikoetan oinarriturik, Jerusalemgo San Joan Ordenako ospitalea izan zitekeela dio beste hipotesi batek. Orden horren presentzia dokumentaturik dago eskualdean. Izan ere, 1251eko orden horretako dokumentu batean, Obanosko anaikide batzuei "bideko ospitalea" utzi zitzien. Eunate izan zitekeen, baina Gareskoa ere bai.
- Beste teoria batek dio Antsa erreginaren aginduz eraiki zela, erromesen kontrako lapurretei aurre egiteko nahian. 1520ko Iruñeko katedraleko dokumentu baten arabera, Eunaten Antsa erregina dago lurperatua, eliza eraikitzeko agindua eman baitzuen. Eunateko inguruetan gorpuak aurkitu badira ere, hipotesi honen fidagarritasuna kolokan jarri da. Alde batetik oinarrizko dokumentu hori berriegia delako, eta bestetik, Antsa erregina Iruñeko katedralean lurperatu omen zelako.
- Teoriak teoria, argi dago erromesen babesteko eliza zela. Ospitala eta hilerria izango zituen aldamenean, Orreagako Sancti Spiritus edo Torres del Riokoaren bezalakoa.