Korrika
Wikipedia(e)tik
Korrika euskararen alde Euskal Herrian zehar korrika egiten den martxa bat da, korrika egiten den manifestazio baten modukoa. AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du. Bi urtez behin egin ohi da eta bi aste inguru behar izaten du lurralde guztia zeharkatzeko. Urtero ibilbidea aldatu egiten da, baina beti 2.300 kilometro inguru izan ohi da. Ateratzen denetik bukaerararte, pankarta eskutik eskura, herriz herri aldatzen joaten da, baina martxa ez da inoiz geratzen, ez gauez ezta egoera klimatologiko txarrengatik ere.
Lehen Korrika 1980an egin zen; eta orain arteko azkena, hamabosgarrena, 2007an. 1999tik aurrera, Euskal Herritik at ere Korrika ekimenak burutu zituzten, atzerrian bizi diren euskaldunek edo euskal diasporako kideek bultzatuta.
Martxaren buruan, lekukoa duen pertsona joaten da. Kilometro oro, lekukoa erakunde edo pertsona zehatz batzuek eramaten dute. Erakunde edo pertsona horiek kilometroa «erosi» dute, euskararen aldeko erakundeak ekonomikoki laguntzeko. Testigua lehen Korrikatik gordetzen den zur tailatuzko makila eta ikurrina dira.
Testiguaren atzean, martxaren burua osatzen da, non urte bakoitzeko leloa dakarren pankarta ikus daitekeen. 2005ekoa, 14. Korrikan, Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai! izan zen; 2007koa, berriz, Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari. Pankarta horren atzean gainerako jendea biltzen da, musikarekin eta giro onean tipi-tapa lasterka. Eta, ibilbide guztian zehar, ospakizun kultural ugari izaten da.
Izan ere, Korrikaren inguruan, ekimen kultural ugari (kontzertuak, tertuliak, hitzaldiak, antzezlanak, erakusketak...) egiten da herriz herri. Korrika Kulturalaren barnean biltzen den kultur programazioa da.
Honetaz gain, Korrikarekin batera Ziberkorrika izeneko ekimena ere garatzen da. Munduko txoko desberdinetatik ziberkilometroak erosten dituzte, interneten Korrika birtual eta paralelo bat osatuz.
[aldatu] Korrikaren edizioak
- 1980: 1. Korrika, Oñati-Bilbo
- 1981: 2. Korrika, Iruñea-Donostia
- 1983: 3. Korrika, Baiona-Bilbo (Leloa: Euskaraz eta kitto!)
- 1985: 4. Korrika, Atharratze-Iruñea (Leloa: Herri bat, hizkuntza bat!)
- 1987: 5. Korrika, Hendaia-Bilbo (Leloa: Euskara, zeurea)
- 1989: 6. Korrika, Iruñea-Donostia (Leloak: Euskara Korrika eta kitto eta Euskal Herriak AEK)
- 1991: 7. Korrika, Gasteiz-Baiona
- 1993: 8. Korrika, Iruñea-Bilbo; Korrika Kulturala ekimena hasi zen, baita Korrika Kirolaria ere (azken hori, desagertua)
- 1995: 9. Korrika, Donibane Garazi-Gasteiz
- 1997: 10. Korrika, Arantzazu (Oñati)-Bilbo (Leloa: Euskal Herria Korrika!)
- 1999: 11. edizioa, Iruñea-Donostia (Leloa: 1+1=Hamaika). Bartzelona eta Londresko euskaldunek ere Korrikak egin zituzten.
- 2001: 12. Korrika, Gasteiz-Baiona
- 2003: 13. Korrika, Maule-Iruñea (Leloa: Herri bat geroa lantzen)
- 2005: 14. Korrika, Orreaga-Bilbo (Leloa: Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai!)
- 2007: 15. Korrika, Karrantza-Iruñea (Leloa: Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari). Madril, Bartzelona, Mar de Plata (Argentina) eta Pekingo euskaldunek ere Korrikak antolatu zituzten.
[aldatu] Antzeko beste ekimen batzuk
Ideia bera hartuta, beste herrialde batzuetan Korrikaren gisako ekimenak antolatzen dituzte. Katalan Herrietan, adibidez, Correllengua izeneko lasterketa antolatzen dute urtero, 1993az geroztik.
Arango haranean, bestalde, araneraren aldeko Corsa per la Lenga delakoaren 12. edizioa egin zuten 2005ean.