Loiolako Santutegia
Wikipedia(e)tik
Loiolako Santutegia Azpeitian (Gipuzkoa) dagoen estilo barrokoa duen santutegi eta basilika da. XVII. mendean hasi zen eraikitzen San Inazio Loiolakoaren omenez, haren jaiotetxearen inguruan.
Carlo Fontana arkitekto erromatarrak bururatu zuen eraikina eta hainbat arkitekto gipuzkoarrek eraldatu eta eraiki zuten, Inazio Ibero horien artean.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
San Inazio 1556. urtean Erroman hil zenean, haren jaiotetxearen entzutea piztu zen, 1567an barnealdean mezak egitea onartzeraino. 1609an santu egiteko prozesua amaitu zenean, benetako Santutegi bihurtu zen. Tokiaren garrantzia handitu egin zen San Inazio Loiolakoa Gipuzkoako zaindari izendatu zutenean 1610 urtean.
1681. urtean Jesusen Lagundiak Carlo Fontanari eskatu zion arkitektura multzo berriaren proiektua: jatorrizko dorretxea, eliza eta jesulagunen egoitza batuko zituena. Garai hartan, Carlo Fontana Erromako arkitekto ospetsuena zen. Eskaera baino hiru urte lehenago, Koliseoan eraiki behako zen Eliza Garailearen proiektua bururatu zuen, Loiolako elizaren antzekoa. Nahiz eta Fontanak eraikin osoa bururatu, ez zen Gipuzkoan inoiz agertu. Horregatik eta burutze prozesu luzeagatik, proiektuak aldaketa batzuk izan zituen eraikuntza lanetan zehar. Carlo Fontanak Gianlorenzo Bernini arkitektoaren dizipulua izan zen eta Santa Maria dell'Asunzione elizaren proiektuan lan egin zuen Ariccian, Italian. Hau oinplano biribileko eliza kupuladuna da, alboko bi kanpai dorre txikiekin, Erromako eran.
[aldatu] Santutegiaren eraikuntza
1681: Jesusen Konpainiaren jeneralak, Pablo de Olivak, eliza eta Loiolako jesulagunen ikastegia egiteko proiektua eskatu zion Erromako arkitekto Carlo Fontanari.
1689: Lehen harria ezarri zen.
1693: Martin Zaldua hargin maisuak hasierako proiektua aldarazi eta bi harmailadi zabal erantsi zizkion.
1704: Lanak eten ziren.
1717: Eraikuntza-lanak hasi ziren berriz, Sebastian Lekuona arkitektoaren zuzendaritzapean.
1733: Lekuona hil ondoren, Inazio Ibero arkitektoak bere gain hartu zuen proiektua. Ordura arte, sona handiko hargin maisu, tailugile eta aparejadorea izan zen.
1738: Eliza uztailaren 31n zabaldu zen, baina barrualdea amaitzeke zegoen
1767: Ibero hil zenean, Xabier Inazio Etxeberria izan zen lan-maisua. Urte horretan, Espainiatik kanporatu egin zituzten Jesusen Konpainiako kideak.
1840: Desamortizazioan, jabetza Gipuzkoako Foru Aldundira igaro zen.
1888: Santutegiak gaur egun duen itxura hartu zuen.
[aldatu] Ezaugarriak
Santutegiaren oinplanoa laukizuzena da, eliza biribila alde luzearen erdialdean kokatua. Elizaren aurrealdean fatxada planotik irteten den arkupea eta harmailadia ditu. Laukizuzenaren beste aldean jangela, jangelaurrea eta sukaldea daude, fatxadako planotik kanpo ere bai.
Etxe Santua, hau da Loiolatarren dorretxea, eskuin hegalean dago, ia tenpluari itsatsia. Lau ataleko eskailera monumentalak, eskailera zabalekoa eta mailadi leunekoa, ataria eta goiko solairuak lotzen ditu, alde batetik gelak eta bestetik dorretxera emanez.
Basilikaren arkupea erdi puntuko hiru arkukoa da, zutabeak ordena elkartukoak eta zokalo handiaren gainean ezarria. Argi ikusten da Santa Maria Aricciako elizaren eragina, arkupe mota honen erabileran, hiru arkuz zulatutako horma bailitzan. Fatxadako frontoi zabalean Espainiako harmarria ageri da, Carrarako haitzurdinean landua. Kupularen danborra, zortzi leiho laukizuzenek zulatua, akroteradun piramide erraldoiez inguratua dago. Kupula, zortzi zerrenda lauekin zatitua, linterna handi batez itxita dago.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
Loiolako Santutegia webgune ofiziala
Loiolako Santutegia hiru.com webgunean