Maoriera
Wikipedia(e)tik
Maoriera Te Reo Māori |
||
---|---|---|
Non mintzatzen den: | Zeelanda Berria | |
Eskualdea: | Polinesia | |
Guztira hiztunak: | 100.000–160.000 inguru | |
Rankina: | Ez 100 mintzatuenen artean | |
Hizkuntza familia: | Austronesiarra Malaio-Polinesiarra Fijian-Polinesiarra Maoriera |
|
Estatus ofiziala | ||
Hizkuntza ofiziala: | Zeelanda Berria | |
Araugilea: | Māoriera Batzordea (Te Taura Whiri i te Reo Māori) | |
Hizkuntza kodeak | ||
ISO 639-1: | mi | |
ISO 639-2: | mao (B) | mri (T) |
ISO/FDIS 639-3: | mri | |
Oharra: baliteke orri honek NAF fonetika ikurrak edukitzea Unicoden. |
Maoriera edo Māori Zeelanda Berria edo Aotearoako hizkuntza ofiziala da, ingelesarekin batera. Maori etniakoen mintzaira da.
Hala ere, hizkuntza gutxitua da eta, etorkizunera begira, egoera ez da ona. Gutxi gora-behera, 150.000 hiztun dagoela kalkulatzen da (zeelanda berritar guztien %3.75 eta maorien %14 inguru). Egun, hiztun gehienak bizi dira Ipar Uharteko iparralde eta ekialdeko eremuetan, Northland eta Gisborneko eskualdeetan zehazki.
Polinesiar jatorrizkoa da eta senidetzat ditu beste hiru hizkuntza: Rarotongan (Cook Uharteak), Tahitiera eta Hawaiiera.
[aldatu] Historia
- Maoriera Zeelanda Berrira eraman zuten Polinesiako biztanle batzuk, ziur aski Tahititik hara joandakoak, orain dela 600-800 urte.
- 1814an misiolari batzuk saiatu ziren, lehenengo aldiz, maoriera geure alfabeto erromatarraz idazten.
- 1840. Waitangi-ko Ituna sinatu zuten. Orduan, Zeelanda Berriako hizkuntza nagusia zen oraindik.
- 1842an lehenengo egunkaria argitaratu zuten.
- 1850. hamarkada inguruan hasi zen bere gutxitze prozesua, Erresuma Batuatik joandako pertsonen hizkuntza nagusituz joan zen bitartean, ingelesa alegia. 1858an 56.000 maori inguru erroldatu zuten.
- 1860. hamarkadatik eskolan maoriera erabiltzea debekatzen hasi ziren, hizkuntzaren prestigioa murriztuz. Hari honetatik, 1867an kaleratu zuten Native Schools Act dekretua.
- 1920 inguruan Sir Āpirana Ngata hasi zitzaien Māori komunitateei ohartarazten hizkuntzaren erabileraren garrantziari buruz.
- 1930. hamarkadan maori gehienek oraindik egiten zuten maorieraz.
- 1940. hamarkadan hasi zen hirietarako emigrazio handia. Hortik aurrera hiztun galera izugarria pairatu zuten.
- 1961an Hunn Report delako txostenak Maoriera jotzen du Maorien bizimoduaren aztarna edo erlikiatzat.
- 1970. hamarkadaren hasieran hiriguneetako talde batzuk (Ngā Tamatoa eta Te Reo Māori Society) ekin zieten hizkuntzaren biziberritzeari.
- 1975 inguruan inkesta batek azaldu zuen maorien %20-ak (70.000 pertsonak) bakarrik hitz egin zezaketela jariotasunez, gehienak adineko jendea izanda. Urte hartan, Ngāti Raukawa, NgātiToa eta Te Āti Awa taldeek hasi zuten Whakatipuranga Rua Mano hizkuntza ekimena.
- 1978an Rūātoki School delakoa lehendabiziko eskola elebidun bilakatu zen.
- 1980. hamarkadan hasi ziren lehenengo irrati emisioak: Te Upoko o te Ika eta Radio Ngāti Porou.
- 1986an 50.000 hiztun kalkulatu zuten, maorien %12a.
- 1987an, Māori Language Act dekretuaren bidez, maorieradunek estatus ofiziala lortu zuten. Te Taura Whiri i te Reo Māori eta Te Kōhanga Reo National Trust erakundeak sortu zituzten.
- 1993an Te Māngai Pāho hedabideetako agentzia sortu zuten. Ordurako, tokian-tokiko 20 irratik emititzen zuten herrialde osoan.
- 1995an ospatu zuten He Taonga Te Reo, hizkuntzaren urtea.
- 1997an kalkulatzen zen 13.000 haurrek, 32.000 ikaslek ertaineko zikloetan eta beste 55.000 heldu inguruk maoriera ikasten zutela.
- 2001ean, Health of the Māori Language Survey inkestak 136.700 hiztun kalkulatu zuen guztira.
- 2003an burutu zituzten 7th Polynesian Languages Forum – Te Reo i te Whenua Tipu jardunaldiak, Wellington-en.
- 2004ko martxotik Māori Television hasi zen emititzen, elebidunez.