Meddle
Wikipedia(e)tik
Meddle Pink Floyd-en 6. albuma da, 1971. urtean egina. Disko honetan taldearen heldutasun musikala gauzatzen da, aurreko diskoekin rock sinfonikoaren arloan hasitako esperimentazio bidea (Ummagumma, Atom Heart Mother) ondo burutzen baita lan honekin. Hasierako urteetako rock psikodelikoa (The Piper at the Gates of Dawn) eta Syd Barrett-en garaiak oso urruti daude disko honetatik, denboran ez bada bai estiloari dagokionez.
Meddle-ren bizkarrezurra "Echoes" gaia da (23 minutuko iraupena), sinfonia elektronikotzat jotzen den pieza luzea. "Echoes" , kritiko askoren ustez, ordura arte Pink Floyd-ek sortu duen lanik onena da, eta abiapuntutzat jotzen da bandaren hurrengo lanetarako; izan ere, pieza honetan agertzen dira taldeak hortik aurrera garatuko dituen klabe musikalak: musika-estudioko lan mardula, soinu garbi eta gardena, erritmo aldaketa bikainak, kutsu "siderala" duen doinua.... "Echoes"-ek musika eztia eta gozoa -flotaerazten duena- musika gogorragoarekin txandakatzen du, erritmoa eta progresioa ondo mantenduz.
Diskoaren "B" aldean agertzen diren lanak gai laburrak dira: "One of These Days" eta "San Tropez" dira ezagunenak.
Meddle urrezko diskoa izan zen 1973. urtean, eta arrakasta lortu zuen Erresuma Batuan. Hala ere, nazioarteko ospe handia ez da Pink Floyd-entzat iritsiko hurrengo diskoa ("The Dark Side of the Moon") argitaratu arte.