Euskadiko Mugimendu Komunista
Wikipedia(e)tik
Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK) Hego Euskal Herriko alderdi politiko komunista bat izan zen. 1966an sortu zen gero Euskadiko Mugimendu Komunista izan zena, ETA-Berri eta, ondoren, Komunistak izenekin, ETA organizazioaren helburuak eta metodoa baztertu ondoren, langile eta herri mugimendua marxismo-leninismoaren ikuspegi maoista batetik egituratu beharra aldarrikatu zuenean.
MC-ren (Movimiento Comunista) sorkuntzan parte hartu zuen, Espainia mailako langileen mugimendu komunista iraultzaile bakarra defendatzen baitzuen aldaketa politikorako bitarteko bezala, nahiz eta Espainiako nazio edo nazionalitateen autodeterminazio eskubidea ere defendatzen zuen. Hala ere, segituan MCtik bereizi egin zen, bere jarduna Hego Euskal Herrira berriz mugatuz.
Hauteskunde askotan Herri Batasunaren aldeko botoa eskatu zuen. LKI (Liga Komunista Iraultzailea) alderdiarekin batera jarduten hasi zen 1990eko hamarkadan, EMK-LKI bezala agertuz. Ondoren, bi alderdiak Zutik alderdi politiko iraultzailea sortu zuten. Nafarroan, mugimenduak Batzarren izan zuen bilgunea.