Klodia
Wikipedia(e)tik
Klodia Pulkra, latinez Clodia Pulchra Tertulla, Apio Klaudio Pulker eta Zezilia Metelaren hirugarren alaba izan zen. Ez dago Klodia Pulkra ilobarekin nahasi behar, zein Oktavianorekin ezkondu zen.
Kultura zabaleko emakumea izan zen, grekoan, filosofian eta poesian jantzia. Hala ere, Publio Klodio Pulker anaia gazteago bezain ankerra zen. Klodiaren bizitza, Katuloren poemetan eta Zizeronen hitzaldietan deskribitua, eskandalagarria zen erabat.
Anaia bezala, izena Klodia bihurtu zuen, behe-mailakoek ahoskatzen zuten erara. Zezilio Metelo Zeler lehengusuarekin ezkondu zen. Alabaina, maitale asko zuen, gizon ezkonduen eta esklabuen artean batik bat. Aldi berean, jokoa eda edatea zituen gustoko. Senarrekiko ika-mikak ohikoak izaten ziren, leku pribatu zein publikoetan. K. a. 59an, senarra egoera susmagarrian hil zenean, Klodiak pozoitu zuenaren susmoak piztu ziren.
Katulo poeta izan zen haren maitale begikoena. Arras maitemindurik, Katulok poema andana idatzi zion Klodiari, Lesbia izenpean. Poemetan irakurleak jakin ahal du haien arteko harremana ez zela nolanahikoa. Klodiak maitale gehiago zuen, Marko Zelio Rufo, Katuloren adiskidea, barna.
Zelio Ruforekiko erlazioa bukatutakoan, Klodiak hiltzen saiatzea leporatu zion. Zelio Ruforen abokatuak, Zizeronek, gogo jo zuen Klodiaren ohitura sentimentalen kontra, Klodio Pulker anaiarekin -Zizeronen etsai politikoarekin- intzesto izatea ere egotzi zion.
Epaiketaren ostean, iturrietatik desagertzen da Klodia. Baliteke eskandalua jasanezina izana, eta bizitza publikoetatik alde egitea. Heriotzaren data ezezaguna da.