Santa Klara komentua
Wikipedia(e)tik

Santa Klara komentua Zarauzko eraikin nabarmenenetakoa da, Azken Portu auzoan kokatua dago. 1610ean sortu zuten eta gaur egun 12 moja bizi dira bertan, otoitzean eta lanean.
Zarauzko eraikin zaharrenetakoa da Santa Klara komentua. 1610ean sortu zuten, eta ordudanik bertan bizi diren klaratarrek hamaika otoitz egin dute. Martxoaren 23an Santa Klara eguna ospatzen dute. 2006an hamabi moja bizi ziren Santa Klara komentuan. Gazteena abadesa bera da, eta 72 urte ditu.
[aldatu] Komentuaren historia
Klaratarren komentua Narros jauregian bizi zen alargun aberats batek sortu zuen, alabekin batera, XVII. mendean
Narros jauregian bizi zen Doña Maria Ana de Zarauz, aberatsa, zumaiar baten alarguna. Alaba zaharrena Iraetako gizon batekin ezkondu zitzaion, baina alaba horren senarra ere hil egin zen. Ama, orduan, alaba alargunarekin eta beste bi alabekin geratu zen, eta mojak izatea erabaki zuten. Baina ez zekiten zein ordena aukeratu, eta txotx egin zuten. Santa Klara atera zitzaien, eta moja klaratarrak izatea erabaki zuten. Zer egin behar zuten ez zekitenez, Burgosko Lerma komentuan laguntza eskatu zuten, handik mojak etor zitezen, beraiei bizitza berria erakustera. Oso aberatsak ziren, eta zituzten baserri, lur eta gainerakoak eman egin zituzten, eta komentu hau eraikitzea erabaki zuten. Komentu hau eraiki bitartean, hogei bat urtez, Narros jauregian egon ziren bizitzen moja klaratarrak.
Felipe III.ak eman zien lizentzia, Madrilen, 1610eko urtarrilaren 4an. 1611n hasi ziren eraikuntza lanetan, eta 1625ean amaitu zuten. Eliza, berriz, geroago eraiki zuten, 1656an, gurutze itxurako egiturarekin. Agiri zaharretan irakur daitekeenez, «sortzaileek komentuari 14.000 dukat eman zizkioten, eta urtero 700 errealeko errenta ordaintzen zuten».
Espainiako Gerra Zibilaren garaian, esaterako, komentuan bertan emakumeak preso egon ziren. Aurreko gerran, karlistaldian, larri ibili ziren mojak, eta komentutik atera eta Bilbora joan behar izan zuten.