Schrodingeren katu
Wikipedia(e)tik
Schrödingeren katua Erwin Schrödinger fisikari austriarrak 1937an proposatu zuen irudimenezko esperimentua da. Esperimentu honetan paradoxa harrigarria sortzen da.
[aldatu] Esperimentua
Demagun katu bat hartu eta kaxa batean sartzen dugula, eta kaxa itxita dagoenean guk ezin dugula barruko katua ikusi. Kaxa horren barnean gailu berezi bezain arriskutsua dago. Gailu hau pozoi hilgarria daukan beirazko ontzi batez eta mailu batez osatua dago; mailuak ontzia jo eta hautsiko balu katua momentuan hilko litzateke. Aldi berean mailua alfa partikulak detektatzen dituen mekanismo bati lotuta dago; alfa partikula bat detektatuz gero mailuak ontzia hautsiko du.
Dena prest dagoenean esperimentua hasten dugu. Detektorearen ondoan material erradioaktiboa jartzen dugu, ezaugarri jakinak dituena: ordubetean alfa partikula bat askatzeko %50eko probabilitatea dauka. Argi dago ordubete barru bi aukera posibleetako bat gertatuko dela: atomoak alfa partikula askatu du ala ez du askatu. Ondorioz, kaxa barruan, katua hilik dago ala bizirik. Baina ezin dugu jakin kaxa iriki arte. Hau da mekanika klasikoaren legeen arabera egiten dugun interpretazioa, erabat logikoa dena gainera.

Baina kaxa barruan gertatzen dena mekanika kuantikoaren legeekin deskribatzen saiatzen bagara, ondorio harrigarri batetara iristen gara. Katua uhin funtzio konplexu baten bidez deskribatua azaltzen zaigu (Schrödinger-en ekuazioa), non uhin hori bi egoeren gainjarpena den %50ean: "katua bizirik" eta "katua hilik". Hau da, katua bizirik eta hilda dago aldi berean eta bi egoerak ezin dira elkarrengandik bereizi. Honek noski, erabat ilogikoa dirudi, eta sen onaren aurka doa erabat, baina mekankika kuantikoaren arabera egoeraren deskripzio teorikoki zuzena da.
Katuarekin zer gertatu den jakiteko modu bakarra kaxa ireki eta barruan begiratzea da. Baina zer gertatzen da orduan? Hau eginez gero sisteman eragiten dugu, bi egoeren gainjarpenta hautsiz, eta sistemak bi egoeren artean bat aukeratzen du, kaxa irikitzean guk ikusiko duguna.
Bi egoeren gainjarpen hau materiaren uhin izaeraren ondorioa da, eta bere aplikazioak sistema kuantikoetan, oinarrizko partikulen portaera azaltzea ahalbidetzen du. Sistema mikroskopikoetan da soilik praktikan lagungarria, eskala atomikoetan. Katu bat bezalako sistema makroskopikoan aplikatzeak, Schrödinger-ek proposatzen duen paradoxara eramango gintuzke.
Paradoxa honek eztabaida filosofiko sakonak eragin ditu, honi buruz liburuak ere idatzi direlarik, eta zientzia fikzioan ere eragin haundia izan du.