Gerra
Wikipedia(e)tik
Gerra (baita guda, gerla edo gudua ere) bi talde edo gehiagoren artean maila handiko gatazka bortitza da. Gerrak kausa anitzek eragiten dituzte: lurraldearen gaineko tirabirak, burujabetasuna, baliabideak, ideologia... Nazioarteko gerrak gerra deklarazioarekin hasi ohi ziren, nahiz eta gaur egun normalean hala ez gertatu. Gerra zibilen kasuan ere deklarazioak ez dira ohikoak.
Gizakien artean lehenengo gerra noiz gertatu zen zehazten zaila da oso. Adituak ez datoz bat. Batzuen ustez, duela bost milurteko hasi zen, lehendabiziko estatuen sorrerarekin batera. Beste batzuen iritziz, ehiztari-biltzaileek ere gerrak izaten zituzten.