Ordu-zona
Wikipedia(e)tik
Ordu-zona denbora estandar bera onartzen duen Lurreko eskualdeetako bakoitza da. Elkarren alboan dauden ordu-zona gehienek ordubeteko diferentzia daukate elkarrekiko, eta normalean zona bakoitzeko tokiko orduarekiko UTC duen diferentziaren arabera kalkulatzen da.
Ordu-zona estandarrak Lurraren esferoidea ilargi formako 24 iruditan zatituz defini daitezke geometrikoki. Zona hauek mugatzeko, 15º-ko longitudeko distantziara dauden meridianoak erabiltzen dira. Hala ere, ordu-zona gehienek ez dute forma hau errespetatzen, arrazoi politiko eta geografikoen ondorioz itxura irregularra baitaukate. Ordu-zona askok muga politikoak jarraitzen dituzte, eta zenbait kasutan uneko egoera politikoaren araberako aldaketak jasaten dituzte. Bestalde, zenbait herrialdetan ordua sasoiaren arabera aldatzen da, esaterako energia aurrezteko udan egiten den ordu-aldaketa.
Ordu-zonak onartu baino lehen, jendeak tokiko eguzki-ordua erabiltzen zuen (hasieran itxurazko eguzki-ordua, eta gero batez besteko eguzki-ordua). Egoera hau gero eta erabilgaitzagoa bihurtu zen garraioa eta telekomunikazioak garatzen joan ziren neurrian, bi tokiren arteko ordua longitude geografikoaren funtzioan aldatzen baitzen. Herrialde bateko toki guztietako erlojuak sinkronizatu zitezkeen, baina orduan zenbait hiri eta herrietako ordua ordura arteko eguzki-orduarekiko oso desberdina izango zen. Ordu-zonak bi egoera hauen arteko erdi bideko konponbidea izan ziren, geografiarekiko erabateko mendekotasuna hausten baitzuen eta tokiko orduak ez baitziren gehiegi aldentzen batez besteko eguzki-ordutik.
Urteen joan-etorrian, ordu-zonen mugak mendebalderantz mugitzeko joera agertu da, udako ordutegia izeneko efektuaren bitartez energia aurrezteko.
[aldatu] Ordu-zona estandarrak
Hasieran, ordu-zonak Greenwich Meridianoko Orduan (ingelesez Greenwich Mean Time, GMT) oinarritzen ziren, hau da, 0º-ko longitudean (Lehen Meridianoan) existitzen zen batez besteko eguzki-orduan. Hala ere, GMT ordua Lurraren errotazioaren bidez definitzen denez, eta hura konstantea ez denez, urtero-urtero erloju atomikoak aldatu eta GMT-ra doitu behar izaten ziren. 1072ko urtarrilaren 1ean ordua finkatu egin zen, Lurraren errotazio aldaketa erabili ordez aurrez definitutako segundu tartekatuak erabiliz. Sistema berri honi Denbora Unibertsal Koordinatu (UTC) deritzo.