Estratigrafia
Wikipedia(e)tik
Estratigrafia arroka sedimentario estratifikatuen ikerketa eta interpretazioa egiten duen zientzia da. Euren identifikazio, deskripzio, sekuentzia bertikal zein horizontala, kartografia eta gorputz ezberdinen arteko korrelazioa ikertzen ditu. Sedimentologiarekin oso harreman handia du.
[aldatu] Oinarrizko printzipioak
- Elkar-mozketaren printzipioa
- Printzipio honek failen sorreran ematen diren arroken mozketen arteko erlazioan datza. Aurreko printzipioan bezala, ebidentea da failak gazteagoak direla mozten dituzten arrokak baino. Faila batek arroka batzuk mozten baditu baina ez badu jarraipenik gainean dauden arroka gorputzetan behekoak baino gazteagoa baina goikoak baino zaharragoa izago da. Printzipio honek faila normalak edo alderanztuak diren jakiteko lagungarria izan daiteke.
- Aktualismoaren printzipioa
- Printzipio hau oinarrizkoa da Geologiaren ikerketan. Ingelesez aktualismo hitza ez da erabiltzen, baizik eta uniformitarismoa edo uniformismoa. James Huttonek XVIII. mendean proposatu zuen eta esaldi batean laburbil daiteke: "orainaldia iraganeran giltza da". Printzipio honen arabera gaur egungo prozesu geologiko guztiak iraganean ere modu berdinean gertatu dira, eta beraz prozesu geologikoak denboran aldaezinak dira.
- Hasierako horizontaltasun printzipioa
- Printzipio honen arabera sedimentuak hasieran beti horizontalean metatzen dira. Orain arte egindako ikerketa guztietan argi ikusten da generalizazio hau orokorrean egia dela, nahiz eta inklinazio apur bat izan dezaketen hainbat sedimentuk.
- Gainezartze printzipioa
- Printzipio honen arabera tektonikoki aldatu gabeko arroken sekuentzia batean behekoa zaharragoa izango da gainean duena baino. Logikoki, beraz, gazteagoa den arroka bat ezin da egon zaharragoa den baten azpian sedimentatua egon. Printzipio honekin arroka sedimentarioak denbora-lerro bat bailiran azter daitezke.
- Faunaren suzesio printzipioa
- Printzipio honek fosilen agerpena du oinarri. Izaki bizidunak denbora konkretu batean bizi dira eta beraz euren presentzia edo ausentzia arroken adin erlatiboak ezartzeko balio ahal du. Printzipio hau William Smithek argitaratu zuen Charles Darwinen eboluzioaren teoria baino mende bat lehenago. Printzipio hau baliagarria den arren ez da beti aplikagarria, izaki guztiak ez direlako bizi leku guztietan.