Odesa
Wikipedia(e)tik
Odesa |
|||
---|---|---|---|
|
|||
Berezko izena Errusieraz |
Одеса Одесса |
||
Herrialdea | - Ukraina | ||
Probintzia | Odessa Oblast | ||
Herritarra | Odesar | ||
Koordenatuak | |||
Azalera |
163 km2 | ||
Garaiera | 41 m | ||
Sorrera | 1794 | ||
Biztanleria | 1 012 500 (2004) | ||
Dentsitatea | 6.198 bizt/km² | ||
http://www.odessa.ua |
Odesa Ukrainako hiria da, izen bereko probintziako hiriburua, Itsaso Beltzeko portu nagusia. 1.012.500 lagun bizi dira bertan (2004ko erroldaren arabera; kilometro koadroko, 6.128 biztanle). Dniester eta Bug ibaien bokaleen artean kokatua dago. Hiria la auzo-administratibotan banatuta dago: Kievskiy, Primoskiy, Suvorovskiy eta Malinowski. Hauetako bakoitzak bere administrazioa du, baina ardurak mugatuak dira.
Ukrainako laugarren hiri handiena da, eta jardun ekonomikoari begira garrantzitsuena.
Eduki-taula |
[aldatu] Izenaren jatorria
Izenaren jatorriak baliteke zerikusia izatea antzinako Greziako Odessos zeritzon koloniarekin (III.mendea).
Anekdotarako tartea eskaintzen du izenaren jatorriak. Jada aipatua izan da greziar koloniarena. Bada bestelako hipotesia ere: Katalina II.ak agindua eman omen zuen sortzen berriak ziren hiriei izendapen femeninoa ezartzeko, orduko hegoaldeko hiri guztien izenak maskulinoak zirelako ustean: horra eme kutsuko Odesa hori.
Hirugarren etimologia bat frantsesaren eraginaren ildotik dator, berori baitzen errusiar gorteko hizkuntza: assez d’eau (ur nahikoa, soberan). Atzetik aurrera ahoskatzera, ‘odesa’-ren antzeko soinua sortuko da.
[aldatu] Historia
Antzinako aztarna askok Eki Mediterraneoarekin izan zuten harreman hori baieztatzen dute. Erdi Aroan lurrok erlazio estua izan zuten inguruko zein urrutiko aberri eta estatu-modu askorekin: batez ere Kieveko Rusarekin, Lituaniako Dukat Handiarekin, Galiziarekin, mongolek euren agindupean izan zuten lurrekin, tartariarrek Krimean eratutako estatuarekin edota inperio turko-otomandarrarekin. XIV. mendean tartariarrek euren baitan hartu zuten Odesa. XV. mendean Khadjivey zeritzon ingurune honi eta 1529an turko-otomandarren agindupean zegoen, Yedisan izentzat zuen herrialde baten barruan. 1787-1792 bitartean errusiar eta turkiarren arteko gerra jazo zen, eta horren ondorioz, 1792ko Jassyko Itunaren harian, Errusia Berriaren zati bihurtu zen lurralde hura. 1795ean Odesa izena ezarri zioten gaurko hiriari.
[aldatu] XIX. mendea
1819-1858 bitartean Odesa portu frankoa izan zen, eta horrek zekartzan abantaila ekonomikoak agerian geratu ziren. Jatorri askotako biztanleak bertara biltzea eragin zuen: errusiarrak, ukrainarrak, juduak, greziarrak, bulgariarrak, albaniarrak, armeniarrak, italiarrak, frantsesak, alemanak… Hortik hiriko kale-izendegian jatorri horiek sarri islatzea: Frantsuszkiy eta Italianskiy bulebarrak, Grecheskaya (greziar), Evreyskaya (judu), Arnautskaya (albaniar) kaleak. 1823-1824an Alexander Pushkin idazlea bertan bizi izan zen eta haren berbetan Odesan “Europa usaindu, dastatu ahal duzu. Frantsesa nonahi entzuten da eta eskueran duzu Europako prentsa”. XIX. mendean Errusiako laugarren hiri inportanteena zen, Mosku, San Petersburgo eta sasoi hartan errusiarren mende zegoen Varsoviaren ondotik. Hiriko arkitekturak Errusiakoa baino, Mediterraneoko Frantziako eta Italiako estiloak ditu aintzatago.
Odesako hazkundea Krimeako Gerrak gerarazi zuen (1853-1858); frantziarren eta ingelesen armadek bonbaz josi zuten. Gerra amaituta hazteari ekin zion atzera ere, eta 1866an trenak Kiev eta Kharkovekin lotu zituen. Garai honetan hirian juduek zuten garrantzia tamainakoa zen, biztanleriaren % 37 ziren. Haatik, eten barik jazarri zituzten eta euretako askok et askok Palestinara egin zuten ihes, batez ere 1882az geroztik.
[aldatu] XX. mendea
1905ean Odesako langileen matxinada izan zen. Sergei M. Eisensteinek istorio hori ardatz hartu zuen bere 1925eko lana filmatzeko: Potemkin korazatua (Bronenosets Potyomkin). Egun ezagunak diren Potemkin eskailera horietan bertan filmatu zituzten gerora zinemaren historian garrantzi erabatekoa izan zuten irudiak.
1917ko iraultza hasi eta hiru urtean Odesa hainbaten kontrolpean izan zen, harik eta Armada Gorriak 1920an hiriaren agintea bereganatu arte. 1921-1922 bitartean goseteak gogor jo zuen Odesako herria. Bigarren Munduko Gerran Errumania eta Alemania hiriaren jabe egin ziren aldian-aldian, eta kalte eta galera handiak jasan zituen. 60.000 pertsona baino gehiago (batik bat juduak) hil edo erbesteratu zituzten. 1944an sobietar armadak askatu zuen.
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak iraun zuen bitartean Odesako kaia merkantzien sartu-irten ekintzetarako leku estrategikoa izan zen. 2000ko urtarrilaren batean, eta 25 urteko balioarekin, portua gune ekonomiko salbuetsia izendatu zuten.
[aldatu] Ekonomia
Portuak berariazko garrantzia du Odesako ekonomian. Bertatik itsasora bidean doaz aleak, linazia, artilea, egurra, abelburuak eta azukrea batik bat; eta bertara ailegatzen dira kotoia, tabakoa, oihalak, tea, kafea... Industriak ere badu lekua: petrolio findegiak, ontzigintza eta autogintza.
[aldatu] Kanpo loturak
Ingelesez eta errusieraz: