Pedro Agerre
Wikipedia(e)tik
![Axular jaiotetxea, Urdazubin](../../../upload/shared/thumb/e/e6/Axular-2005-03-20.jpg/250px-Axular-2005-03-20.jpg)
Pedro Agerre edo Axular (Urdazubi, 1556- Sara, 1644) apaiza eta euskal idazle handienetarikoa izan zen.
Jaiotzez nafarra, goitizena bere jaiotzezko Axular baserritik datorkio, Lapurdiko mugan dagoen Urdazubikoa. Herri honek Zugarramurdi, Ainhoa eta Sararekin batera Xareta izeneko eskualde naturala osatzen du. Ikasketak Salamankako unibertsitatean egin eta apaiztu ondoren, Donibane Lohitzunera jo zuen Axularrek, 1600ean Sarako parrokiako erretoretza eskuratu zioten, eta hantxe iraun zuen berrogei urte baino gehiago heriotzera arte.
Idazle aberatsa, sermolari ugaria eta hiztun oparoa zen Axular. Horregaitik izango zuen horrenbeste eragin eta itzal sasoi hartako eta geroagoko euskal idazleen artean. Bere esku trebeak ordura arte ezohizkoa zuen dotorezia erantsi zion euskarari. Esaldi luze eta korapilotsu samarrak gustatzen zaizkio batzuetan, laburrak eta trinkoak besteetan. Baina mezu ulergarria eta garbia emango digu beti.
"Gero" (1643) bere liburu mardula, bera hil baino urtebete lehenago publikatu zuen, eta bertan, ederki erakusten dio kristauari zein arriskutsua izan daitekeen arimari dagozkion zereginei berehala ez atxikitzea,erlijioarekiko betebeharrak biharko uztea, beti gerotik gerora luzamendutan ibiltzea. Bere ideiak hobeto adierazteko, adibideak erabiltzen ditu sarritan, sinonimoak pilatuz eta autore klasikoen aipuak tartekatuz.
Axular eta bere taldeko lagunek urratutako bideari jarraituz, beste elizgizon batzuek ere landu zuten mende horretan lapurtera: K. Harizmendi, B. Gazteluzar eta S. Pouvreauk, adibidez. Dena den, badugu lapurtarra ez den idazle sekular aipagarri bat ere; Arnaut edo Allande Ohenarte.