Alexis de Tocqueville
Wikipedia(e)tik
Alexis Henri Charles de Clérel, Tocquevilleko bizkontea (1805eko uztailaren 29a, Verneuil-sur-Seine - 1859ko apirilaren 16a, Cannes) pentsalari, legegile, politikari eta historialari frantsesa.
Familia monarkiazale batekoa, txikitatik ezagutu zuen Frantziar Iraultzaren Izu Iraultzaile delakoa. II. urtean (1794) Robespierrek boterea galtzearen ondorioz libratu zen Tocquevilleren ama gilotinatik. Autore ugariren arabera, gertaerok eragin handia izan zuten bere pentsamenduan, iraultzaileetatik urrun mantendu baitzen, ultrakontserbadurismoan erori gabe.
Zuzenbidea ikasi eta 1827an epaile postua eskuratu zuen Versallesen. 1831n, gobernuaren eskaera bati jarraituz, AEBetara joango da bertako espetxe sistema aztertzeko. Bertan bi urte igaro eta bere lehenengo obra idatzi zuen: Estatu Batuetako espetxe sistemaz eta honen aplikazioaz Frantzian (1833). Era berean, AEBetako gizarte zein politika sistemak ere ikertu zituen, Democracy in America(1835-1840) idatziz.
Estatu Batuetatik itzultzean, epaile lana utzi eta politika zein lan intelektualari ekin zion. 1838an Zientzia Moral eta Politikoen Akademia-ko kide bihurtu zen. 1839an bere izen bera duen herriarengatik (Normandian) diputatu aukeratu zuten. 1848ko Iraultzaren eta Luis Napoleonen -Napoleon III- estatu kolpearen (1851-1852) aurka azaldu zen. Bigarren errepublikako Kanpo Arazoetako ministro (1848) Asanblea Nazionaleko presidenteorde (1849) izan zen. Bigarren inperioaren etorrerarekin, politika utzi eta lan intelektualean zentratu zen: Aitzin Erregimena eta Iraultza (1856) bukatu gabeko obra (Democracy in America-rekin batera bere obra garrantzitsuena). 1858an, osasun arazoengatik, Cannesen zendu zen.
Bere obra osoak H. G. de Beaumont-ek bildu zituen, bi tomotan, eta 1860 eta 1865ean argitaratu. Tocquevilleren obra AEBetara eginiko bidaietan oinarritzen da, liberalismoa eta demokraziaren defendatzaile historikotzat jotzen delarik. Horrela, kolektibismoaren aurka azaldu eta bere obra erreferentzia garrantzitsua izango da autore liberalentzat. Era berean, kolonialismoaren teorikoa izan zen, bereziki Aljeriako kasua aztertuz. Estatuaren eskuhartzearen gainetik, karitate pribatua honetsi zuen, kontserbadore estatubatuarrek behin eta berriz aipatzen dutelarik gaur egun.
[aldatu] Lan nagusiak
- Estatu Batuetako espetxe sistemaz eta honen aplikazioaz Frantzian (1833)
- Hamabost egunez basamortuan (1840)
- Demokrazia Amerikan(1835-1840)
- Aitzin Erregimena eta Iraultza (1856)