Bideojoko
Wikipedia(e)tik
Bideojokoa espresuki dibertitzeko sortutako programa informatikoa da. Gizaki baten eta bideojokoa jotzen den tresna elektroniko baten arteko elkarrekintzan oinarritzen da. Bideojokoek inguru birtualak islatzen dituzte. Inguru hauetan jokalariak pertsonaia bat edota edozein inguruko elementu kontrola dezake, arau zehaztu batzuen bidez helburu bat edo gehiago lortzeko.
Eduki-taula |
[aldatu] Ezaugarriak
Bideojokalari eta tresna elektroniko baten (hardware) arteko elkarrekintza jokoaren arabera jokalari bakarrentzakoa edo jokalari askorentzakoa da eta zuzen edo Interneten bidez joka daiteke. Hardware-ri dagokionekoan, ordenagailu batetik jokatzeko espresuki sortutako tresna batera (bideokontsolak, arcade makinak) izan daiteke, baita ere telefono mugikorrak eta beste zenbait tresna elektroniko. Software-ri dagokionekoan, bideojokoak zenbait baliabidetan (kartutxoak, txartelak, disketeak, CDak…) gorde daitezke.
[aldatu] Historia
[aldatu] 1979 arte: sorrerak
Jatorria Estatu Batuetan kokatu zen. 1952ko Nought and crosses (edo OXO) lehen bideojokotzat har daiteke. Hiru lerroan jokoan zetzan eta jokalari batek makinaren aurka jokatzen zuen. 1958an Tennis for Two sortu zuten, ping-pong simulagailu bat. Bi giza jokalariren artean jokatzeko bidea eman zuen lehen bideojokoa izan zen. 1962an Spacewar! sortu zuten, lehen bideojoko arrakastatsua. 1971an lehen arcade makina, Computer Space, sortu zuten. 1972an Odyssey, lehen bideokontsola, merkaturatu zuten. Urte berean Pong, beste ping-pong simulagailu bat sortu zuten eta berarekin bideojokoa industria bihurtu zen. Hurrengo urteetan aurrerapen tekniko ugari egon ziren eta Invaders edo Asteroids bezalako jokoak merkaturatu zituzten.
[aldatu] 1980-89: 8 bit-etako hamarkada
Bideojoko-sektoreak 80ko hamarkada hazkunde nabarmenarekin hasi zuen, baina 1983 eta 1985en artean krisialdia pairatu zuen, batez ere Estatu Batuetan eta Kanadan. Gainerako herrialdeei dagokienekoan, Japonian bideokontsolek merkatua hartu zuten, batez ere 1983an merkaturatutako Nintendo-ko NES (Nintendo Entertainment System). Europan, berriz, etxe-ordenagailuak arrakastatsuagoak izan ziren, batez ere ZX Spectrum, Commodore 64 eta Amstrad CPC. Krisialdiaren ondoren, Estatu Batuetan ere Nintendo nagusitu zen. Nintendo-ren arrakastaren zati bat 1985eko Super Mario Bros. jokoari esleigarria izan zen. Bideojoko hau helburu eta amaiera izan zituen historiako lehenengoa izan zen. Hamarkada igaro heinean, etxe-sistema berriak agertu ziren. Segak bere Master System (8 bit-eko bideokontsola) eta hamarkadaren amaieran, Mega Drive (16 bit-ekoa) merkaturatu zituen. Apurka-apurka PC-ek etxe-ordenagailuak ordezkatu zituzten. Arcade munduan, 80ko hamarkada urrezko aroa izan zen, eta Japoniak ekoizle nagusia bilakatu zen. Esku-bideojokoek ikaragarri aurrera egin zuten, batez ere Nintendo-k Game Boy merkaturatu zuenetik 1989an.
[aldatu] 1990-99: 3D Iraultza
Hamarkadaren hasieran 16 bit-eko kontsolak teknika arloan aurrerapauso handia izan ziren, baita ere CD-ROM-a. 16 bit-eko kontsolen artean arrakastatsuena Super Nintendo izan zen. 3 dimentsioko inguruak PC ordenagailuetan hasi ziren, Doom bezalako bideojokoekin. Kontsoletan, 3D-ren garapen handia 32 bit-eko kontsolekin heldu zen, Sony PlayStation arrakastsuena izanez (100 miloi kontsola salduak baino gehiago) eta gero 64 bit-ekoekin, Nintendo 64 arrakastatsuena izanez. Ordenagailuetan 3D azeleragailuak agertu ziren. Kontsola eta ordenagailuak hobetzen joan heinean, arcadeak beherantz joan ziren. Esku-bideojokoek bere benetako goren unea hasi zuten. Lehiakide berriak merkaturatuak izan ziren, baina Game Boy eta bere ondorengoak (Game Boy Color, Game Boy Advance…) merkatuan nagusitu ziren. Hamarkadaren amaieran PlayStation-ek kontsolarik arrakastatsuena izaten jarraitzen zuen, Final Fantasy VII, Resident Evil, Gran Turismo eta Metal Gear Solid bezalako jokoekin. PC ordenagailuetan Quake, Unreal eta Half-life bezalako jokoak oso arrakastatsuenak izan ziren. Interneten bidezko ordenagailuen arteko konexioak jokalari askorentzako jokoei bultzakada handia eman zion. Sega Dreamcast lehen 128 bit-eko kontsola bihurtu zen 1999an.
[aldatu] 2000. urtetik aurrera
Hurrengo urteetan gainontzeko 128 bit-eko kontsolak merkaturatu zituzten: 2000n Sony PlayStation 2 eta 2001ean Nintendo Gamecube eta Microsoft Xbox, enpresa estatubatuarraren lehen agerpena kontsolen munduan. Esku-kontsolen artean, Nintendo DS eta PlayStation Portable izan dira nagusitu direnak bere irteeratik 2004an. 2005. urtearen amaieran, Microsoft-ek kontsolen belaunaldi berriari hasiera eman zion, Xbox 360 merkaturatuz. Nintendo-k eta Sony-k urtebete geroago beraien kontsolak merkaturatu dituzte, Wii eta PlayStation 3. Kontsoletan zein PC ordenagailuetan, Interneten bidezko jokoak gero eta garrantzitsuagoak dira.
[aldatu] Bideojokoen mota nagusiak
- Abentura-jokoak: Protagonistak zenbait pertsonaia eta gauzakirekin elkarrekinez korapiloan aurrera egin behar du.
- Kirol-jokoak: Kiroletan oinarrituak.
- Tiro-jokoak: Ingelesez Shooters edo Shoot’em up. Protagonistak tiroka aurrera egin behar du.
- Joko hezigarriak: Helburua jokalariari ezagutzaren bat ematea da.
- Estrategia-jokoak: Pertsonaia, gauzaki edo datu multzo bat baliatuz zenbait xede lortu behar dira.
- Rol-jokoak: RPG ere deituak. Protagonistak paper bat antzezten du eta bere trebetasunak hobetzen ditu, inguruarekin, gauzakiekin eta beste pertsonaiekin elkarrekiten duen bitartean.
- Simulazio-jokoak: Jarduera baten irudipen errealistan oinarritzen direnak.