Dolores Ibarruri
Wikipedia(e)tik
Dolores Ibarruri, "La Pasionaria" ezizenez ere oso ezaguneko politikaria, 1895eko azaroaren 12an jaio zen Gallartan (Abanto-Zierbena). Familia ugaria eta pobrea zen, eta haurtzaroko testuinguru soziala zen Euskal Herriko industrializazio hasiera, meatzeekin oso lotuta Bizkaiko haren zonalde hartan, Meatzaldea izeneko eskualdean. Politikari dagokionez, Espainiak Kuba eta Filipina Uharteak izandako koloniak galdu berri zituen eta, beste aldetik, komunismoaren hastapenak ziren munduan.
Laster hasi zen inguruko arazo sozio-politikoetaz arduratzen. Hain zuzen ere, 1918an lehen artikulua argitaratu zuen "Minero Vizcaíno" argitalpenean, "La Pasionaria" izengoitia erabiliz. 1920an Julián Ruiz buruzagi komunistareki ezkondu zen, elkarrekiko urteak laburrak izango ziren arren.
1932an, ordurako bananduta zegoela, Madrilen izendatu zuten Alderdi Komunistaren Emakumeen Atalaren arduradun. Espainiako Errepublika sasoi hartan, diputatu izatera ailegatu zen Asturiasen. 1934an, Emakumeen Batzordeko I. Kongresuan presidente aukeratu zuten, eta Parisen parte hartu zuen Emakumeen Munduko Kongresuan. Seme-alabak Errusiara bidali zituen ikastera. Apur bat geroago, Espainiako Gerrate Zibila hasi zen, eta bertan protagonismo handia bereganatu behar izan zuen. 1942an Alderdi Komunistaren Idazkari Orokor izendatu zuten, errusieraz ikasi zuen eta Stalin eta munduko beste agintari batzuekin elkarrizketatu zen. Leninen Bakearen Saria jaso zuen, eta Moskuko Unibertsitatean "honoris causa" doktore hautatu zuten. Hainbat bidaia egin zuen garai hartan.
Franco hil ondoren, Asturiasera itzuli zen eta, laurogei urte zituela, diputatu izendatu zuten berriro. 1983an "Dolores" pelikula estreinatu zuten. Argentinan parte hartu zuen Maiatzaren Plazako Amek burututako protestaldietan, bizitzaren haren azken momentuetan.
1989ko abenduaren 9an hil zen, Madrilen.