Emile Durkheim
Wikipedia(e)tik
Émile Durkheim (1858-1917) soziologo frantziarra zen, soziologia modernoaren sortzaileetako bat. Gizarte zientziei buruzko lehen aldizkariaren (Année Sociologique) sortzailea. Familia judu batean hezi zen.
1879an École Normale Supérieure-an sartu zen. Auguste Comte eta Herbert Spencer-en obren jarraitzailea izan zen, metodo zientifikoaz arduratuz. 1882an Filosofiako ikasketak amaitu zituen.
[aldatu] Bere soziologiaren oinarriak
Durkheim oinarrizko autorea da soziologian, Max Weber-ekin batera. Durkheimek bere soziologiaren oinarriak finkatu zituen Metodo soziologikoaren arauak liburuan. Soziologiaren ikergaia kolektiboa, soziala dena (gizarteari dagokiona) izango da, sikologiarena indibiduoa den bezala. Gizartezkoa (soziala) dena, hortaz, egitate espezifiko bat da: Gizartea ez da gizabanakoen batuketa hutsa, baizik eta berezko ezaugarriak dituen errealitate autonomoa.
Durkheimen soziologiaren oinarrian egintza soziala dago (Weberrek ekintza soziala hobesten duen bitartean). Egintza soziala ekiteko edozein modu da (bilatua izan hala ez), gizabanakoari kanpo presioa eragiten badio. Hau da, gizarte batean orokortua dagoen ekiteko modu bat, gizabanakoen ekite moduetatik haratago doana berezko izaera hartuz.