Isaac Puente
Wikipedia(e)tik
Isaac Puente Amestoy, (Ekainaren 3, 1896 – Irailaren 2, 1936) anarkismoaren teorilaria izan zen. Las Carrerasen jaio zen eta batxilergoa Gasteizen egin ondoren, Medikuntza ikasi zuen Santiago eta Salamancako unibertsitateetan, 1914 eta 1918 bitartean. 1919an Arabako Maeztu herrian sendagile lan egiten hasi zen. 1921an edo 1922an, Gasteizko zenbait anarkistekin harremanetan jarri zen, Alfredo Donnay eta Daniel Orille tartean. Zenbait aldizkaritan idatzi zuen (Solidaridad Obrera, Tiempos Nuevos, La Revista Blanca, Generación Consciente, Estudios, Ética / Iniciales), politika zein medikuntza naturistaren inguruko gaiak jorratuz, askotan El Medico rural azpiizena erabiliz.
Sendagile bezala Naturismoaren jarraitzailea zen. Garrantzi handia ematen zion prebentzioari, eta gogorki salatzen zuen medikuntza ofizialaren komertzializazioa, eta honek langileen osasunean eragiten zituen kalteak.
Isaac Puente anarkismoaren teorilari garrantzitsua izan zen. 1933ko urrian, FAIaren Batzar Penintsularrak Komunismo Libertarioaren inguruko txostena idazteko lana proposatu zion. Gai honi buruzko bere El Comunismo Libertario liburuxka izugarrizko hedapena izan du mundu osoan zehar, eta hainbat hizkuntzatara itzulia izan da.
Teorilari izateaz gain, Isaac Puente hainbat ekintzetan ere parte hartu zuen. 1933ko Abenduaren 8an, Durruti eta Cipriano Merarekin batera, Zaragozako iraultza saiakeraren arduradunetariko bat izan zen. Zenbait egunetan Zaragoza hiria zein Aragoiko herri batzuk CNT sindikatu anarkistaren eskuetan egon ziren. Komunismo Libertarioa proklamatu zen, eta dirua debekatu. Aste batzuk pasata, ejerzitoak altxaera kontrolatu zuen eta arduradunak espetxeratu, traizio akusaziopean. 1934an atera zen, amnistiatuta.
1936ko uztailaren 28an, Gerra Zibila hasi eta bi astetara, Goardia Zibilak atxilotu zuen. Irailaren 2an, Burgoseko Pancorbo hirian fusilatu zuten.