Mexikoko geografia
Wikipedia(e)tik
Mexikoko geografia Ipar Amerikako hegoaldean kokatzen da. Geologikoki, Yucatan penintsula (estatuaren %12a) Ertamerikan dago, bien arteko banaketa Tehuantepec istmoa baita. Hala ere, geopolitikoki, Mexiko ez da estatu ertamerikartzat jotzen, muga Belize eta Guatemalan kokatuz.
Mexiko 1.972.550 km² luze-zabal da, 6.000 km² inguru uharte barne. Uharte hauek Ozeano Barean (Guadalupe eta Revillagigedo uharte urrunak barne), Mexikoko Golkoan eta Karibe itsasoan kokatzen dira. Iparraldeko muga Estatu Batuekin 3.141 km luze da eta hegoaldean 871 km Guatemalarekin eta 251 km Belizerekin.
[aldatu] Topografia
Bi mendilerrok zeharkatzen dute Mexiko ipar-hego, Sierra Madre Oriental eta Sierra Madre Occidental, Estatu Batuetako Mendi Harritsuen jarraipena. Ekialdetik mendebaldera, erdialdean, Sierra Nevada mendilerroa dago, jatorri bolkanikoa duena. Laugarren mendilerro bat Michoacan estatutik Oaxacara doa. Hau guztia dela-eta, Mexikoko erdi eta iparraldearen gehiengoa garaiera handian kokatzen da. Gailur garaienak Sierra Nevada mendilerroan daude: Pico de Orizaba (5.700 m), Popocatepetl (5.462 m), Iztaccihuatl (5.286 m) eta Nevado de Toluca (4.577 m). Hirigune handienak lau gailur hauen arteko haranetan kokatzen dira: Toluca, Mexiko Hiria eta Puebla.