Satelite artifizial
Wikipedia(e)tik
Satelite artifiziala gizakiak espazioraturiko gidari gabeko gailu mekanikoa da beste objektu baten orbitan dabilena tripulatu gabea edo tripulatua izan litekeena, azken kasu honetan egoitza espazial batez arituko ginateke. Historian jaurti zen lehena Sputnik delakoa da 1957ko urriaren 4an, Baikonurreko kosmodromotik (Kazakhstan).
[aldatu] Satelite motak
Oro har, denbora luzez orbita berean irauteko espazioratzen dira, bertan daudenean zenbait misio ezberdin bete ditzaketelarik, misio honen arabera ondorengo satelite artifizial motak nabarmendu genitzake:
- Satelite zientifikoak: Lehen klase honetako sateliteek orbitatzen ari diren objektuaren edota espazioko beste edozer gauza aztertu eta neurtzen dute, horretarako satelite hauen ekipamenduan neurketa eta kaptazio instrumentuak dira nagusi. Sputnik satelitea edota Hubble teleskopio espaziala ditugu aipagarrienak.
- Esplorazio sateliteak: Aurrekoen oso antzekoak, lehen aldiz gehienbat beste planeta edo objektuak aztertzera bidaltzen diren sateliteak dira.
- Komunikazio sateliteak: Bi punturen arteko komunikazioa ahalbidetzen duen aparailua, gehienbat uhin elektromagnetikoen bidezko komunikazioak berbideratzen ditu planeta edo antzekoren baten gainazaletik urruti dagoen gainazaleko beste puntu batera edo espazioko beste norabaitera.
- Lekutze sateliteak: Oro har satelite sareetan antolatuak, satelite hauek lekutze eta nabigaziorako erabilgarriak diren seinaleak igortzen dituzte, itsasoko itsasargi eta aireportuetako radio-faroen eboluzioa lirateke. Sistema hauetan lehenak GPS amerikarra eta GLONASS sobietarra izan ziren, gaur egun Galileo lekutze sistema ez militarra espazioratzen dabil Europako Agentzi Espazialak (ESA) mota honetako lehen satelite konstelazioa delarik.
- Satelite militarrak: Helburu sekretuetarako erabili ohi diren sateliteak dira bi taldetan bana genitzake:
- Espioi sateliteak, etsai bati buruzko informazioa lortzeko helburua dutenak, bai obserbazioaren bidez edota komunikazioen interzepzioaren bidez.
- *Guda sateliteak, hauek orbita mailan erabili litezkeen armak daramatzate beste gailu espazialak suntsitu, misilak jaurti edota misilak interzeptatzeko besteak beste.
- Egoitza espazialak: Gizakiek orbitan bizi daitezen egokituriko sateliteak, lehena EEBB-ren skylab estazioa izan zen baina taxuzko lehen egoitza espaziala SESB-k eta gero Errusiak eraikiriko Mir egoitza espaziala izan zen. Gaur egun (2007) bakarrak dirau orbitan, ISS edo Alpha izena duen Nazioarteko Egoitza Espaziala (euskeraz).
[aldatu] Satelite artifizialak ez direnak
Esan bezala, espazioan dauden beste objektuen inguruan biraka dabiltza sateliteak, hala ez dabiltzan aparailu tripulatu gabeak ez dira sateliteak zundak baizik, askotan nahasten dira bi kontzeptuak. Orbitan ez dabiltzan eskifaiadun gailuei berriz espaziontzi deritze.
Badira artifizialak ez diren sateliteak, hau da satelite naturalak edo besterik gabe satelite izenez ezagutzen direnak. Lehen satelite artifiziala Sputnik-a izan zenez zenbait testutan Sputnik hitza satelite artifizial kontzeptuaren sinonimotzat aurki liteke, azken finean Sputnik hitzak horixe esan nahi du, satelite.