Andres Urdaneta
Wikipedia(e)tik
Andres Urdaneta (Ordizian, Gipuzkoa, 1508 - Mexiko, 1568) kosmografo, apaiz, esploratzaile eta marinel gipuzkoarra zen.
[aldatu] Bizitza
Andres Urdaneta Ordizian (Gipuzkoa) jaio zen 1508an eta Mexikon hil 1568an. Kosmografoa, apaiza, marinela eta esploratzaile euskalduna, ospe izugarria hartu zuen bere garaian “itzulerako bidea” deritzonak (Urdaneta ibilbidea edo Tornaviaje), Filipinetatik Ameriketara itzultzeko ibilbidea, Ozeano Barea zeharkatuz.
1525ean 17 urte zituen eta García Jofre de Loaisak Moluketara eginiko bigarren espedizioan laguntzaile gisa ontziratu zen Juan Sebastian Elkano getariarrarekin batera. Magallanes itsasartean ontzia hondoratu egin zitzaien eta, zenbait egun lehorrean egin ondoren, atzetik zetozen ontzietan sartu beharra izan zuten. Eskorbutoak Elkano eta beste kide batzuk hil zituen. Elkanoren testamentua sinatu zuen testiguetako bat bera izan zen. Moluketara iritsita, Tidor uhartean gotorlekua eraiki zuten. Gaztela eta Portugalen artean sinatutako akordioaren arabera (Tordesillasko ituna izenekoa), hura portugesei zegokien lurra zen eta, arrazoi horrexegatik, portugesek espedizioari eraso eta ontziak suntsitu egin zizkieten. Borrokek luzaro iraun zuten eta Urdaneta zauritu egin zuten. Bakea sinatu zutenean, Urdaneta ez beste guztiak itzuli egin ziren. 1534a zen eta Urdanetak 26 urte zituen.
Urdanetak Moluketarako bidea markatuz mapak egin zituen. Espainiara itzuli zenean, uharte horien memoria entregatuko dio Karlos I.ari. Mexikora joan eta agustindarren komentuan sartu zen 1553an (45 urte). Filipinetatik Mexikorako espedizioek porrot egiten zutela ikusirik, bere burua aurkeztu zuen bidaia antolatzeko. Filipe II.ak baimena eman eta 1564an abiatu zen (56 urte), bere osaba Miguel Lopez de Legazpi buru zutela. Bere ezagutza zientifikoen arabera, Urdanetak berak diseinatuko zuen bidaia. Filipinetara iritsi ziren. Lopez de Legazpi uhartedian gelditu zen bitartean, Urdanetak itzulerako bidaiari ekin zion. 1565eko ekainaren 1ean bide berri batetik abiatu zen, Filipinetako San Migueletik, eta, lehendik eginiko mapei esker, Acapulcora iritsi zen urriaren 8an, 4 hilabetetan gutxi gorabehera 20.000 kilometro egin ondoren.
Iritsi zenean, Urdanetak zera jakin zuen: Alonso de Arellano, bere eskifaia kide izan zenak, aurrea hartu zion eta, Urdanetak esplikatutako bidea jarraituz, abuztuan iritsi zen Navidad portura. Hala ere, Arellanok berri gutxi idatzi zuen eta zenbaitzuk fede txarreko ekintza kontsideratu zuten. Horregatik eman zitzaion Urdaneta Ibilbidea izena eta XVI eta XVII. mendeetan, eta, batez ere, Acapulco-Manila-Acapulco bidaia urtero egingo zuten galeoi espainiarrak bide hau erabiliko dute behin eta berriro.
Urdaneta Mexikoko agustindarren komentura erretiratu zen. 60 urte zituen hil zenean.
[aldatu] Jakingarriak
Gehiago jakin nahi izanez gero, Ordizian 2007-2008 tartean hitzaldiak burutuko dira.