Bigarren Mundu Gerra
Wikipedia(e)tik
Bigarren Mundu Gerra gizateriak ezagutu duen guda garrantzitsuena izan da, munduko biztanleriaren %2 hila gertatu zelarik (56 milioi pertsona) horietako gehienak zibilak. 1939ko irailaren 1an hasi zen (nahiz eta Asian 1937tik Japonia eta Txina gerran zeuden) eta 1945eko irailaren 2an amaitu zen. Laburbilduz, bi alderdi lehiatu ziren: Aliatuak eta Ardatza.
- Ardatza osatu zuten herrialdeak: Alemania, Italia eta Japonia. Ardatzari atxiki zitzaizkion beste herrialdeak: Eslovakia, Finlandia, Hungaria, Errumania, Bulgaria, Kroazia eta Tailandia.
- Aliatuak: Hasiera batean Ardatzaren kontra aritzeko elkartu ziren bi herrialdeak Frantzia eta Erresuma Batua izan ziren. Ardatzaren erasoen ondorioz Aliatuei atxiki zitzaizkien herrialdeak Polonia, Danimarka, Norvegia, Belgika, Herbehereak, Luxemburg, Jugoslavia eta Grezia . Commonwealtheko herrialdeek ere parte hartu zuten, hala nola Australia, Kanada, Hegoafrika eta Zelanda Berria. Ardatzaren Japoniarekin bategiteak Txinarekin ituna ekarri zuen, eta Ardatzaren erasoak jasan ondoren Sobietar Batasuna ere batu zitzaien. Estatu Batuak 1941eko abenduaren 7an sartu ziren gerran Ardatzaren kontra Pearl Harboreko erasoaren ondorioz.
- Neutralak: Europan herrialde hauek mantendu ziren neutral: Irlanda, Espainia, Portugal, Suedia, Suitza eta Turkia.
Bigarren Mundu Gerrak zibilen gainean jarri zuen sufrimenduen parte handiena: judutar, homosexual, ijito, esklabu eta ezinduen konzentrazio-esparrutan biltzea Alemaniaren aldetik; japoniarren konzentrazio-esparrutan biltzea Estatu Batuetan; Txinako biztanleriarengan eragindako sarraskiak Japoniar soldeduen aldetik; gizakien gaineko esperimentazio zientifikoak mediku nazi eta japoniarren aldetik; zibilen kontrako airetiko bonbardeaketak, lehenengo Ardatzen partetik Rotterdam eta Londresen, eta gero Aliatuen partetik Tokyo, Dresde edota Hamburgon, besteak beste; eta lehenengo aldiz bonba atomikoaren erabilpena, Estatu Batuen aldetik, Hiroshima eta Nagasakiren kontra.