Epilepsia
Wikipedia(e)tik
-
Oharra: Wikipediak ez du aholku medikorik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, mesedez, jo zure sendagilera.
Epilepsia krisi epileptikoak edo konbultsioak nozitzeagatik nabarmentzen den gaixotasuna da. Krisi epileptiko bat sufritzen duten pertsona guztiak ez dute zertan epilepsia diagnostikaturik eduki beharrik. Gutxienez bi krisialditik gora eduki dituztenak hartzen dira epileptikotzat. Krisi epileptiko bat garuneko (zerebro) iharduera elektriko ezohiko batek gorputzean aldaketa ez boluntarioak sortzen dituenean gertatzen da: muskuluen mugimendu ez boluntarioa, gorputzaren funtzioen aldaketa, konportamenduan eta adi egoteko ahalmenean aldaketak... Krisi bat segundu batzuetatik hainbat minuturaino luza daiteke. 20 krisi epileptiko motatik gora daude.
Pertsona batek krisialdi epileptiko batean ager ditzakeen sintomak aldatu egiten dira alterazio elektrikoa eman den garunaren tokiaren arabera. Krisi tonokokloniko bat (grand mal ere deitua) duen pertsona batek ohiu egin dezake, zentzua galdu eta lurrera erori, zurrun jarri eta muskuluetan espasmoak eduki. Beste krisi mota bat krisi partzial konplexua delakoa da, non gaixoak zorabiatu itxura izan dezake eta ezingo luke ez galderei ez aginduei erantzun. Pertsona batzuek hain krisi ahulak izaten dituzte, ezen askotan besteek ez dute igarri ere egiten. Batzuetan, krisi epileptikoaren manifestazio bakarra begi kliskatze azkar bat edo segundu batzuetan ikusmena galtzea da; krisi mota hau ausentzia izenez da ezaguna eta erlatiboki ohikoa da haurtzaroan.
Epilepsia hainbat arrazoi izan ditzake; kasu batzuetan garuneko lesioegatik gertatzen da (traumatismoak, tumoreak...) baina kasu askotan ez dago inongo lesiorik, predisposizio genetiko bat soilik. Tratamendu egokiarekin posible da krisiak kontrolatzea gaixoen portzentaia handi batean.