Futbol
Wikipedia(e)tik
Futbola, hankarekin baloi bat gidatzen egiten den taldekako kirola da. Lurreko kirolik garatuenetarikoa da, eta diru gehien mugitzen duen kirola ere, saskibaloia, 1 Formula eta Golfarekin batera. Munduan zehar, FIFA erakundeak kudeatzen du futbola, eta sei konfederaziotan banatuta dago: AFC, CAF, CONCACAF, CONMEBOL, OFC eta UEFA.
[aldatu] Jokoaren arauak
Futbol partidu baten 10 jokalari eta atezain batek osatutako bi taldek jokatzen dute. Talde batek gola lortu duela esaten da baloia arerioaren atean sartzea lortzen duenean. Jokoaren helburua arerioak baino gol gehiago lortzea da.
Jokorako lekua 45 eta 90 metro bitarteko zabalera eta 90 eta 120 metro bitarteko luzeera duen belarrezko zelaia izaten da. Alde bakoitzean hiru zutoinek osatutako ate bat egoten da. Zelaia bi zatitan banatzen da eta ateen aurrean bina area egoten dira: area txikiak atezaina inork oztopatu ezin duen gunea da, eta area handia atezainak baloia eskuaz jokatu dezakeena eta defentsak ari den taldeak egiten duen falta penalti bezala adierazten dena.
Baloia eskuekin hartu dezakeen bakarra atezaina da, beti ere area handiaren barruan. Talde bereko jokalari batek atezainari baloia eman eta gero eskuarekin hartzen badu, falta da.
Jokalari batek baloia alboko marratik kanpora botatzen badu, alboko sakea egiten du aurkako taldeak, bere zelaiko hondoko marratik kanpora badoa kornerra eta beste taldearen zelaiko hondoko marratik kanpora ateko sakea.
Epaileak jokalariak ohartarazi egin ditzake arauz kontrako ekintzaren bat eginez gero. Futbolean ohartarazpenak txartel horia eta txartel gorria erakutsiz egiten dira, ekintzaren arabera. Bi txartel hori edo gorri bat ikusten dituen jokalariak zelaia utzi behar du, egotzita. Epaileak talde bereko 5 jokalari egozten baditu, partidua amaitutzat ematen da, talde honek galtzen duelarik.
Partidu batek 45 minutuko bi zati izaten ditu, 15 minutuko atsedenarekin tartean. Jokoan zehar izandako geldiuneak direla-eta, epaileak minutu batzuk luzatu dezake zati bakoitza. Denbora tarte honi deskontu-denbora deritzo.
Jokoaren 90 minutuaren igarotakoan, berdinketarekin amaituz gero, luzapena jokatu daiteke partiduak derrigorrezko irabazle bat izan behar badu; adibidez, kanporaketetan. Luzapen hau 15 minutuko bi zatik osatzen dute. Hala eta guztiz ere berdinketak jarraitzen badu, penalti jaurtiketak egiten dira irabazlea erabaki arte. Penalti gehien sartzen dituenak irabazten du norgehiagoka.
[aldatu] Euskal Herriko futbol talde garrantzitsuenak
- Bilboko Athletic
- Donostiako Real Sociedad
- Iruñako Osasuna
- Gasteizko Alaves
- Eibarko Eibar
- Irungo Real Union
- Baionako Aviron Bayonnais