Koreako Gerra
Wikipedia(e)tik
KOREAKO GERRA | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Gatazka | Koreako Gerra | ||||||||||||
Data | 1950–1953 | ||||||||||||
Tokia | Koreako penintsula | ||||||||||||
Ondorioa | Koreako banaketa | ||||||||||||
|
Koreako gerra 1950eko uztailaren 25etik 1953ko uztailaren 27ra luzaturiko gatazka dugu, Ipar Korea (komunista) eta Hego Korearen (kapitalista) artean. Aldi berean, guda hau Estatu Batuetako eta Sobietar Batasunaren arteko guda ez ofizialtzat har daiteke.
Esan bezala, gerra honek Ipar Korea eta Hego Korea elkarren aurka ipini zituen. Azken herrialde honek Estatu Batuetako laguntza militarra eskuratu zuen, batik bat; halaber, Australiak, Kanadak eta Erresuma Batuak, hala nola beste hainbat naziok, bere babesa eskaini zioten hegoaldekoei. Ipar Koreak, berriz, txinatarren laguntza jasotzeaz gain, sobietarren babesa izan zuen.
[aldatu] Jatorriak
1910tik Bigarren Mundu Gerra amaitu arte, Korea Japoniako kolonia izan zen. Aliatuek zera agindu zioten Japoniako Armadari gerra amaitu ondoren: bere tropek amore eman zezatela sobietar eta estatubatuar tropen aurrean (gerra bukatu eta gutxira estatubatuarrek Koreako penintsularen hegoaldea hartu zuten; sobietarrek, halaber, iparraldea. Haien arteko muga 38. paraleloak finkatzen zuen). Aliatuek Koreako penintsulak estatu bakarra eta demokratikoa osatuko zuela prometatu zuten, zehaztasunik eman barik. Hala gauzak (eta Japoniako tropek amore emanda), Estatu Batuek hauteskundeetarako deialdia egin zuten Hego Korean 1948an. Sobietar Batasunak, ordea, hauteskundeen ospakuntza galarazi eta Koreako Alderdi Komunistari eskaini zion lurraldearen agintea, Kim II-Sung alderdi honen presidente zelarik. Hego Koreak Syngman Rhee nazionalista hautatu zuen presidente.
Koreako gerraren zergatiek eztabaida sortu ohi dute. Batzuen ustez, zergatirik posibleena Estatu Batuetako gobernuaren beldurra litzateke, Hego Koreak komunismoari ekitearen beldur baitziren. Askok eta askok Mendebaldeari eta Hego Koreari leporatu diote gerraren eztanda. Nolanahi ere, artxibo sobietarrak azterturik, zera baiezta dezakegu gaur egun: Kim II-Sung Ipar Koreako garaiko presidenteak Stalin konbentzitu zuela gerra finantza zezan. Izan ere, 1950eko urtarrilaren 12an, Estatu Batuetako Estatu Idazkariak bere herrialdeak Ozeano Barean zuen defentsa-perimetroko herrialdeak edo lurraldeak izendatu zituenean, ez zuen Hego Korea aipatu. Horrek Estatu Batuak gerran sartuko ez zirela esan nahi zuen, sobietarrak eta ipar-korearrak gerrari ekitera bultzatuz.
Hego-korearren nahiz ipar-korearren helburua Korea Estatu kapitalista edo komunista batean batzea zen, hurrenez hurren. Hegoaldekoek bazekiten, nolanahi ere, irabazteko aukerarik handienak iparraldekoek zituztela, babesa sobietarra zela eta.
Txinan, Mago Zedong Ipar Korea babesteko prest zegoen, baina, hala ere, ez zuen gerrarik nahi. Izan ere, bazitekeen gerra luzatzea eta Estatu Batuek nahiz europarrek esku sartzea, guneko erregimen komunisten biziraupena mehatxatuz.
[aldatu] Gerra
1950eko uztailaren 25ean Ipar Koreako tropak, pilaka, hegoalderantz abiatu ziren. Hauen arrakasta sekulakoa izan zen, Sobietar Batasunak ondo hornitu baitzituen. Egun gutxitan, Hego Koreako Armadak huts egin zuen eta Pusa izeneko hirira eta haien inguraldeetara atzera egin behar izan zuten.
Gudaren arrakastak beste gune batzuk inbaditzera anima zitzakeela kontutan harturik, Estatu Batuek interbenitzea erabaki zuten. Douglas MacArthurren jeneralaren agindupean, amerikarrek Smith Operazio Berezien Taldea sortu zuten.
Bien bitartean, Nazio Batuek Hego Koreari laguntza eskaintzea erabaki zuten. Horrela gauzak, MacArthur komandantearen agindupean, Nazio Batuetako tropek Inchon hiria (Seuletik hurbil) inbaditu zuten, arrakastatsuki. Egun gutxitan Seulera iritsi ziren, non erresistentzia txikia aurkitu zuten tropa komunistengandik. Ipar-korearrak azkar abiatu ziren 38. paraleloaren iparreraino.
Bistan zegoen Nazio Batuek bere helburua lortu zutela: Hego Korea askatzea. Dena dela, Estatu Batuek gutxiegitzat jo zuten lorturikoa eta Ipar Korea inbaditzeko asmoa iragarri zuten. Izan ere, amerikarren helburua Korea bakarra sortzea zen. Nazio Batuen babesa lorturik, Ipar Korearaino aurrera egin zuten.
Baina Txinak, laguntza sobietarra lortuz gero eta Estatu Batuek Txina inbadi zezaten beldur, Ipar-korearrei laguntza eskaini zien, amerikarren iparralderainoko aurrerapena geldiaraziz.
[aldatu] Oraindik dirauen geldialdia
Hainbat eta hainbat kontraeraso gertatu ostean, gauzak gerra hasi baino lehen zeuden bezala geratu ziren: kapitalistak 38. paraleloaren hegoaldera; komunistak paralelo berberaren iparraldera.
Su-eten batek gune desmilitarizatu bilakatu zuen 38 paraleloa, Ipar Korea eta Hego Korearen arteko muga, alegia.
Kategoriak: Korea • Gerrak • Komunismoa