Amnistiaren Aldeko Batzordeak
Wikipedia(e)tik
Amnistiaren Aldeko Batzordeak (gaztelaniaz Gestoras Pro-Amnistia) amnistiaren alde eta errepresioaren aurka lan egiten zuen Hego Euskal Herriko erakundea zen. Jendaurrean eta legearen barnean jarduten zuen, preso, iheslari eta deportatuen aldeko elkartasuna bideratuz. 2001. urtean prozesu bat abiatu zuen Ipar Euskal Herrian eremu berean ziharduen Koordinaketa erakundearekin batera Euskal Herria osorik hartuko zuen antolakunde nazionala sortzeko. Prozesu horretatik Askatasuna sortu zen. Baina Askatasunaren sorrera ekitaldia baino lehenago Amnistiaren Aldeko Batzordeen hainbat arduradun atxilotu eta legez kanpo utzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2002ko abenduan. Ikus: 33/01 auzia.
Eduki-taula |
[aldatu] Sorrera
Amnistiaren Aldeko Batzordeak 1975. urtean sortu ziren euskal preso politikoenamnistia lortzeko helburuarekin. ETAren sorreren ondoren Ayuda Patriotica Vasca moduko taldeak eratu ziren. Bestela ere, herrietan, presoen aldeko laguntza taldeak sortzen joan ziren presoen familiarren, lagunen eta burkideen artean, gehienetan eliza katoliko edo abade batzuen babesean. Amnistiaren aldeko mugimendua hedatzen eta zabaltzen joan zen presoen borroka eta bilakaera politikoarekin batera, eta legalki Amnistiaren Aldeko Batzorde modura Donostian sortu zen lehena 1976. urtean. Bertan joera desberdineko pertsonek hartzen zuten parte, preso politikoen abokatu eta familiarren ingurukoak batez ere. Izen batzuk gogoratzeko: Migel Castells, Juan Maria Bandres, Felix Soto... Eduardo Txillidak ere Amnistiaren Aldeko Batzordeen ikurra egin zuen. Gainerako herrietan Donostiakoa eredu modura hartu eta eratu ahala herriak koordinatzen joan ziren. Herrietako taldeak elkarte asanblearioak ziren garai honetan, eta guztiak koordinatzen joan ziren "Amnistia orokorra" lelopean nolabaiteko antolakundea osatuz.
[aldatu] Amnistiaren Aldeko Asteak
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak herri-mobilizazio ugari antolatu zituen. Amnistiaren Aldeko Asteak izan ziren nabarmenenak: 1977ko otsailaren 26an, maiatzaren 8tik 15era, ekainaren 9tik 16ra... Mobilizazio horien irudia emateko, maiatzeko aste horretan errepresioaren ondorioz zazpi lagun hil zituztelo gogoratu behar da: Gregorio Maritxalar (Oreretan), Rafael Gomez (Oreretan), Clemente del Caño (Bilbao-Behobia autopistan), Jose Luis Cano (Iruñean), Luis Santamaria (Iruñean), Manuel Fuentes (Ortuellan), Francisco Javier Nuñez (Bilbon).
[aldatu] 1977ko hauteskundeen aurrekoan
Espainiako Gobernuak hainbat indulto partzial ematen joan zen, presoak espetxetik ateratzen joan ziren eta batzuk Europako hainbat lekutara ere deportatu zituen. 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeen kanpaina elektoralari hasiera eman zitzaion egunean Amnistiaren Aldeko Batzordeek deialdia egin zuten euskal preso guztiak kaleratu ezik hauteskundeetan parte ez hartzeko, "Amnistia Orokorra" eta "Amnistia ez da negoziatzen, herria ari da lortzen" leloekin. Hauteskundeen aurrean, baina, alderdi politikoek jarrera desberdinak hartu zituzten, eta hauteskundeak egin ziren egunean 21 euskal preso politiko zeuden kartzelan, horietako lau Frantziako espetxeetan.
[aldatu] 1977ko Amnistia Legea
Espainiako Diputatuen Kongresuak Amnistia Legea onartu zuen 1977ko urriaren 17an eta Fran Aldanondo (Ondarroa), espetxean zegoen azken euskal preso politikoa 1997ko abenduaren 9an irten zen kalera. Dena dela, Espainian GRAPO eta FRAPeko preso batzuk ez ziren kaleratu lege honen ondorioz.
Lege honek mugarri bat jarri zuen eta trantsizioaren gako bat ere bada, frankismoaren errepresio eta gehiegikeria guztiak amnistiatu ez ezik euren egituretan jarraitzea ere bideratu baitzuen.
[aldatu] AABen bigarren aldia
Amnistia Legea onartuta hainbat kidek Amnistiren Aldeko Batzordeen zeregina betetzat jo zuten, baina Fran Aldanondo kalera irten eta 26 egun beranduoago, 1978ko urtarrilaren 4an, Oreretzan atxilotutako lagun bi sartu zituzten espetxera.
Horretara, Amnistiaren Aldeko Batzordeen bigarren aldia hasi zen, eta beren izaera autonomo eta asanblearioa mantenduta, ideologikoki borrokan jarraitu zuten sektoretan kokatu ziren, Ezker Abertzalearen eremuan hain zuzen.
Euskal Preso Politikoen askatasuna eta amnistia aldarrikatzen zituzten, presoei eta euren familiarrei laguntza esakini (politikoa, ekonomikoa, juridikoa...), presoen eskubideak aldarrikatu, poliziaren errepresio politikoa salatu egin dituzte urteetan zehar.
1991eko urrian Senideak elkartea sortu zuten euskal preso politikoen familiarrek, preso horien eskubideak defendatzeko. 2001ean Senideak (Hego Euskal Herria) eta Ahaideak (Ipar Euskal Herria) elkarrekin egindako prozesu baten ondoren Etxerat elkartea sortu zen, Euskal Herri osoko egitura nazionala sortuaz.
[aldatu] 33/01 auzia
Sakontzeko, irakurri: 33/01 auzia
2001eko urriaren 31n Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak Amnistiaren Aldeko Batzordeen arduradunak atxilotzeko agindua eman eta 33/01 auziari hasi zuen, Amnistiaren Aldeko Batzordeak legez kanpo jarriz.