Ermuko Foroa
Wikipedia(e)tik
Ermuko Foroa (gaztelaniaz Foro de Ermua, logo ofizialean Foro Ermua) Espainiako elkarte zibikoa da, ETAk 1998ko otsailaren 13an Miguel Angel Blanco Ermuko zinegotzia hil ostean hainbat politikok eta kazetarik sortua. Egungo presidentea Mikel Buesa du.
Ondoko helburu hauek ditu:
- Terrorismoko biktimen laguntza eta ezagutza sustatu.
- Hego Euskal Herrian, batik bat EAEn, konstituzioaren aldeko alderdien bat-egitea bultzatu.
- Terrorismoen ekintzak salatu.
- ETA eta gobernuaren arteko negoziazioa eragotzi.
- Euskal nazionalismoa kritikatu.
José Luis López de Lacalle El Mundo egunakariko kazetaria eta Ermuko Foroko fundatzaileetako bat ETAk hil zuen 2000ko maiatzaren 7an. Foroko beste kide batzuk ere mehatxuak-eta pairatu dituzte.
Foroko kide batzuk Alderdi Popularreko zerrendetan agertu dira, Vidal de Nicolás, Iñaki Ezkerra, Mikel Azurmendi, Jon Juaristi edo Edurne Uriarte besteak beste. Beste batzuk PSOEko kideak dira, Carlos Totorika edo Javier Corcuera esaterako. Beste batzuek bere burua politikoki independientzat jotzen dute.
Lehenengo urteetan, Euskal gatazkari dagokionez, alderdi konstituzionalisten, PSE eta PPren, bat-egitearen alde agertu zen Ermuko Foroa. Baina azkenaldian Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernua gogor kritikatu dute, batik bat ETArekin elkarrizketatzeagatik. Hori dela eta, zenbait kidek Foroa utzi dute.