Espainiako Alderdi Komunista (berreraikia)
Wikipedia(e)tik
Siglak: | PCE(r) |
---|---|
Historia: | 1975 (Sortze Kongresua) |
Burua: | Manuel Pérez Martínez, Camarada Arenas |
Ideologia: | Komunista (marxista-leninista) |
Eremua: | Espainia |
Ekintzaileak: | - |
Militante presoak: | - |
Egoera: | Legez kanporatua 2003tik |
Webgunea: | Antorcha |
Espainiako Alderdi Komunista (berreraikia), izen ofiziala gaztelaniaz Partido Comunista de España-reconstituido, PCE (r), Espainiako alderdi politiko marxista-leninista bat da. Bere buruzagi historikoa egun Espainian espetxeraturik dagoen Manuel Pérez Martínez Camarada Arenas da.
1968an Espainiako Alderdi Komunistatik (PCE) ateratako militante batzuek OMLE erakundea (Espainiako Marxista-Leninisten Erakundea) sortu zuten, PCEren nazio adiskidetze politikarekin bat ez zetozelako. Era berean, garai hartan Sobietar Batasuneko ildoa errebisionistatzat jo zuten. 1975ean PCE (r)-ren Sortze Kongresua burutu zuten.
Bere helburua Espainian herri errepublika bat ezartzea da, bertan kapitalismoa gainditu, sozialismoari bideak ireki eta gizarte komunista eraiki ahal izateko. Honekin batera, Kanariar irlen independentzia eta Zeuta nahiz Melillak Marokorekin bat egitea (koloniatzat jotzen dituelako), eta Katalunia, Galizia eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen du.
PCE (r) alderdiak ez du inoiz bere burua legeztatu, Espainiako erregimena "faxista" bezala definitzen duelako. PCE(r)-ko 3.000 bat kide atxilotuak izan dira 1975etik, askotan GRAPOrekin zerikusia izatearen akusaziopean. Bere militante batzuk, era berean, indar polizialek hil zituzten, Juan Carlos Delgado de Codes eta Francisco Javier Eizagirre, esaterako. 2003ko apirilean Espainiako Auzitegi Nazionalak PCE(r)-ren jarduera bertan behera utzi zuen, GRAPOrekin batera erakunde terrorista bera osatzen zuela baieztatuz (GRAPO-PCE(r) delakoa).
Bere adierazpen organoak Resistencia eta Antorcha dira.