Koralezko uharri
Wikipedia(e)tik
Koralezko uharria ur azpian koralek eta kare-algek sortzen duten uharri mota da. Itsaso tropikaletako gune eufotikoan eratzen dira, olatu mugimendu lasaia dagoen tokian, nahiko ahula uharria ez puskatzeko baina nahiko indartsua ura mugitzeko elikagai eta oxigenoz hornitzeko.
Eduki-taula |
[aldatu] Biologia
Koralezko uharriak kaltzio karbonatozkoak dira, koralen eta kare-algen hondakinak. Horrela, koral berriak hildako koralen kanpo-hezurduran oinarritzen dira. Horrela, koral burua hazten doan heinean, polipo berria inguratzen duen kare-egitura uzten du. Olatuek, urratze-arrainek (adibidez loro-arrainek), itsas trikuek, belakiek eta beste orgnasimo batzuek koralen hezurdura puskatzen dute, zati txikiek uharriaren tarteak betez. Kare-algek ere (gehien bat zooxantelatuek) uharriaren egitura indartzen dute, batez ere olatuen indarra handiena den lekuetan.
Munduko ornodunen 48.000 espezie ezagunen artean, 24.600 inguru arrainak dira. Nahiz eta koralezko uharriak itsasoko azaleraren %1a baino ez izan, itsas arrainen erdia gutxi gorabehera bertan bizi dira.
[aldatu] Kokapena munduan zehar
Koralezko uharriek 284.300 km² inguru hartzen dute mundu osoan. Gehienak (%91,9) Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barean aurkitzen dira, Itsaso Gorria eta Asia hego-ekialdea barne. Ozeano Barean, Australia barne, %40,8a du. Atlantikoan eta Karibe itsasoan munduko koralezko uharrien %7,6a bakarrik aurkitzen da.
Ameriketako eta Afrikako itsas ertzean ez dago ia koralezko uharririk, itsas-laster indartsuek higadura handitu eta tenperatura txikitzen baitute. Hego Amerikako ipar-ekialdean eta Bangladeshko kostan ere ez dago koralezko uharririk, Amazonas eta Ganges ibaiak itsasoratzean ur geza kopuru handian kanporatzen baitute.
Hauek dira koralezko uharri gune ezagunenak:
- Koralezko Barrera Handia (Great Barrier Reef) - munduko koralezko uharri sistema handiena, Queensland, Australia
- Belizeko Koralezko Barrera - munduko bigarrena
- Itsaso Gorriko korazlezko uharria - Egiptoko eta Saudi Arabiako kostetan.
[aldatu] Koralezko uharri motak
Koralezko uharriak hainbat itxura izan dezakete:
- Bazterreko uharria — itsas ertzari edo bazterrari erantsitakoa, tartean ur meheko ubide edo laguna bat duela.
- Barrera uharria — uhartetik edo kontinentetik laguna sakon batez banandua.
- Mahai uharria — bakandua, atoloi uharriaren antzekoa baina erdiko laguna gabe.
- Atoloi uharria — gutxi gorabehera biribila dena, laguna edo uharte bat inguratuz. Ikus Atoloi.