Sakana
Wikipedia(e)tik
Sakana |
|
---|---|
![]() |
|
![]() |
|
Herrialdea | Nafarroa |
![]() |
|
Azalera | 305,5 km² |
Biztanleria Urtea: |
19.832 (2001) |
Dentsitatea | 64.91 bizt / km² |
Udalerriak | 15 |
Herririk handiena | Altsasu (7.455) |
http://www.sakana-mank.com/ |
Sakana Nafarroako mendebaldean dagoen eskualdea da, Iruñeko merindadean. Gazteleraz Barranca, Burunda eta Ergoiena izenez ezagunak diren eskualdeak hartzen ditu bere baitan. Eskualdeak 305.5 km² ditu, eta bertan ia 20.000 biztanle bizi dira, %37 euskalduna izanda (2001).
Luzeran Ziordiatik Irurtzunera 35 kilometro ditu eta zabaleran ez ditu 5 baino gehiago leku gehienetan. Ziordia da mendebaldenen dagoen herria eta Gasteiztik 42 kilometrotara dago. Irurtzun da ekialdeenen dagoen herria eta Iruñeatik 20 kilometrotara dago. Altsasutik Donostiara 69 kilometro daude.
Sakana Euskal Herriko zentru geografikoan kokatzen da.
Eduki-taula |
[aldatu] Geografia
Sakana bailara bat da eta beraz bere geografia izaera honek mugatzen du. Udalerri gehienek ipar-hegoa norabidea dute, hau da, mendilerrotik mendilerrora. Norabide honetan luzeak dira, baina ekialde-mendebalde norabidean txikiak.
Bailara bera zabala eta laua da Arakil ibaiaren lasaiguneetan, baina alderik alde 500etik 1000 metroarteko desnibelak ditu, nabarmendi gainera Uharte-Arakilen dauden ipar eta hegoalderako profilak, Aralar eta Andia mendilerroen puntekin.
[aldatu] Mendiak
Sakana eskualde menditsua da, bailara bat izateagatik. Bere muga naturalak ere mendiak dira. Honela Hegoaldean Urbasako mendilerroak egiten du muga Ziordiatik Etxarri-Aranatzera eta ondoren Andia mendilerroak Ergoienatik Arakilera.
Iparraldean Altzaniako mendiak daude Ziordiatik Altsasura, Aizkorriko mendilerroaren hegoaldeko aldea direlarik. Altsasutik Irurtzunera Aralarreko mendilerroak egiten du muga iparraldean.
Zentruan Andia mendilerroak duen punturik altuena kokatzen da, Beriain mendia hain zuzen ere, 1.492 metrorekin. Honek bailara bitan zatitzen du, hegoaldean Ergoiena geratzen delarik eta iparraldean Arbizutik Irurtzunera doazen herriak.
Mendi guzti hauen altuera minimoa 1.000 metrotan kokatzen da eta bailara bera 500 metroko media batean. Guzti honegatik gune menditsua dela esan daiteke, kilometro gutxitan altuera desberdintasun handiak baititu.
[aldatu] Ibaiak
Sakanako ibairik garrantzitsuena bailara bera egiten duen Arakil ibaia da, Bakaikurarte Burunda izenarekin ezagutzen dena.
Sakanan Arakil ibaiak bere ezkerretik Altzania, Uzkullu, Sandindegi, Urrunizur eta Larraun ibaiak jasotzen ditu eta eskuinetik Zurkillo, Zubiarte eta Txarruka errekak.
[aldatu] Demografia
Sakanako biztanleriaren gehiengoa Altsasun bizi da. Hala ere biztanleriaren zati handi bat herri ezberdinetan barreiatuta dago eta 1.000tik 2.000 biztanlera dauden herri ezberdinak daude. Bigarren herririk populatuena Irurtzun da eta ondoren Etxarri-Aranatz, Olazti eta Lakuntza. Populaziorik txikiena duten herriek Ergoiena eta Arakil udalerriak sortzen dituzte, baina arraroa da herri hauetan 100 biztanle baino gehiago egotea.
Orokorrean esan daiteke populazioa Altsasu, Etxarri Aranatz eta Irurtzun dituela gunetzat, bertan pilatzen baita komertzio eta industria gehiena, hala nola garraioa eta osasun etxeak.
Sakanako populazioaren bataz-besteko adina 40,7 urtekoa da. Gazteena Irurtzun da 37 urterekin eta zaharrena Ergoiena, 51 urterekin.

*Oharra: 1991tik aurrera Irurtzun Arakiletik bereiztu zenez horren ondoren bi datuak gehitu behar dira.
[aldatu] Banaketa administratiboa
[aldatu] Mankomunitatea
1984ko urtarrilaren 31n Sakanako hainbat udal elkartu ziren, eskualdeko udal eta kontzeju guztiak bilduko zituen Mankomunitatea sortzeko. Gaur egun, Sakanako Mankomunitatea honako herri hauek osatzen dute: Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Ergoiena, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Arakil eta Irurtzun.
Bost dira Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuak:
- Goi-uraren hornidura
- Hiri hondakinen bilketa eta tratamendua
- Euskara
- Kirolak
- Etxebizitzak zaharberritzeko bulegoa.
[aldatu] Azpieskualdeak
Sakana historikoki hiru azpieskualde ezberdinetan banatua izan da:
- Burunda
- Ziordia
- Olazti
- Altsasu
- Urdiain
- Iturmendi
- Bakaiku
- Arakil
- Etxarri-Aranatz
- Arbizu
- Lakuntza
- Arruazu
- Irañeta
- Uharte-Arakil
- Arakil
- Irurtzun
- Ergoiena
- Dorrao
- Lizarraga
- Unanua
[aldatu] Udalerriak
![]() |
[aldatu] Historia
Sakanak duen komunikabide garrantzia handia da. Hori dela eta gertakari historikoz beteriko eskualdea izan da.
[aldatu] Antzinaroa
Urbasa eta bere inguruetan hainbat aurkikuntza egin dira eta batez ere Koskobilo, Ataba eta Oroben. Gainera hainbat trikuharri aurki daitezke herri gehienetan. Koskobilo gaur egun harrobi batek suntsitu du, baina bertan bifaz, gezi-puntak eta bestelako tresnak aurkitu ziren.
Honakoak dira Sakanan aurki daitezkeen monumentu megalitikoak ([1]:
|
|
|
|
[aldatu] Klasizismoa
Uharte-Arakil inguruetan erromatarren kanpamentu bat egon zen, Araceli izenarekin. Iruñeatik Iruña-Veleiara doan bidean gune garrantzitsua zen, Ager eta Saltusaren arteko mugan kokatzen baitzen Sakana. Galtzada honek Novempopulania eta Astorga batzen zituen.
V. mendean Erromatar Inperioaren erorketa bultzatu zuten hainbat faktorek ere eragina izan zuten Sakanan. 415etik 417ra Bagaudek euren eragingunea Iruñea eta Araceli zentrutzat zuten eskualde zabal batean kokatu zuten, altxamendu ugari sortuz. Gainera suebo, bandalo eta alanoak Sakanatik igaro ziren hegoalderako bidean. Beste herri batzuek ere komunikazio gune gisa erabili zuten.
[aldatu] Erdi Aroa
Ohiturak dio Altsasuko San Pedro baselizan Nafarroako lehenengo erregea, Abarzuza eta Ameskoetako Jauna Gartzia Ximenez koronatu zutela. Hori dioen idatzi bat ere badago baselizako sarreran. Hala ere ez da oso fidagarria eta badirudi esaera bat baino ez dela. Dena den gertakari honek aukera handiak eman zizkion Aro Modernoan ere hainbat onura edukitzeko. Idazki horren arabera 717ko urtarrilaren 20an gertatu zen eta Iruñeako Apezpikua eta 600 aitonenseme agertu ziren. Gregorio II.a Aitasaintuak abuztuaren 30ean onartu zuen bula batekin erregetza hori.
1194 eta 1234 Antso Azkarrak foruak eman zizkion Irañetari eta Urrunza izeneko herriko jendeak osatu zuen herria.
1208an Burundako biztanleei Laguardiako forua eman zien Antso Indartsuak, aukera handiak ematen zituena. Ura erabiltzeko, epaiketa justu bat edukitzeko edo euren etxera norbait sartuta hiltzen bazuten isun bat bakarrik ordaintzeko eskubidea ematen zien besteak beste. 1336an berrezarri zen forua, zegoen kopia Aguraingo biztanleek erre baizuten Altsasuko eliza erre ondoren. 1375an Karlos III.a erregeak berriro eman zien forua.
1210ean Irurtzun, Izurdiaga, Satrustegi, Ihabar eta Irañetari forua eman zien Antso Indartsuak. 1365ean Karlos II.a Nafarroakoaak Aginart izeneko lekua saldu zien Ihabartarrei eta 1398an Ilarrazu erosi zioten Karlos III.ari
1312an Nafarroa Arabako gaizkileengandik babesteko Etxarri-Aranatz eraiki zen, aurretik zegoen Aranaz herriko biztanleek populatu zutelarik. 1351an herria eraikia zegoen eta urte horretan herria fortifikatzeko obrak hasi ziren, baina 1396an beharrezkoa ez zela erabaki zuten.
1377an Nafarroako Erregeak Urizko Rodrigori Arruazu kendu eta Arellanoko Juan Ramirezi eman zion. 1394an Irañetari Zabal eta Torrino izeneko lurrak eman zizkien erregeak.
1378an Etxarri-Aranazko dorrea gaztelarrek hartu zuten eta 1.500 florin lapurtu. 1388an Karlos III.a Nafarroakoak Etxarriko elizako zergak Baionako apezpikuari eman zizkion.
1415ean Oyan Ederraren jaurerritik Arbizu sortu zuen Sarako Lope Gilek. Urte horretan bertan Arakil eta Irurtzun artean nonbait zegoen Agitako gaztelua erori zen eta izen bereko herria hustu.
XV. mendearen lehen herenean Gaztela eta Nafarroaren arteko gerrak zirela eta Gipuzkoarrek Sakana osoko hainbat leku erre zituzten. 1431an erregeak zergak jaitsi zizkien herri hauei jasotako kalteak konpon zitzaten.
1462an Juan II.ak Ziordiako Lanzarot aitonsemeari eman zion eskumena inpostuak jasotzeko. Inpostu horiek gailurdea izena zuena zen eta gainera Ziordian zegoen bidesariko dirua jasotzeko eskubidea eman zion. 1498an Labriteko Juanek gailurdea zerga betirako kendu zien Burundako biztanleei.
1467an Irañetan sortzen zituen zergak Navazeko Pedrori eman zizkioten.
[aldatu] Aro Modernoa
1500. urtean Nafarroako erregeek Ergoiena Etxarri-Aranatzetik bereiztu zuten. Honek iskanbilak sortu zituen herriek partekatzen zituzten santuen prozesioak zirela eta, baina epaileek elkarrekin egin behar zituztela erabaki zuten, janaria erdibana jarriz. Ergoienaren bereizketa honetan jada udalerria osatzen duten hiru herrien artean liskarrak hasi ziren zergen ordainketa zela eta.
Nafarroako konkistaren pasarte garrantzitsuak gertatu ziren Sakanan. Honela 1512ko uztailaren 21ean Gaztelako tropek Etxarri-Aranatz konkistatu zuten eta hurrengo egunean Uharte-Arakil. Tropa hauek Aguraindik sartu ziren eta Luis Beaumont Leringo kontea izan zen tropen buru. Honek Sakanako herriak ez suntsitzea eskatu zuen eta Iruñeara sartu aurretik Uharte-Arakilen egon ziren akantonatuak. 1512an Ozkiako pasalekuan erronkariarrek eta gaztelarrek eginiko batailari Irurtzungo baitaila ere deitzen zaio.
1568an Arbizuko 49 etxe erre ziren.
1575an inkisizioak sorginkeriaren aurkako prozesuak hasi zituen, bereziki Ziordia eta Urdiainen. Azken herri honetan Maria Martiz izeneko emakume bat deserriratu zuten. Urte batzuk geroago Inkisizioak Altsasun epaimahai txikia osatu zuen.
Felipe IV.a Espainiakoak 1630 eta 1632. urtetan burundarrek inposturik ez ordaintzea erabaki zuen, hauek bertan Nafarroako lehen erregeari koroa jarri ziotela argudiatu ostean.
[aldatu] Aro Garaikidea
Aro Garaikidean Sakanak ere garrantzi estrategikoa izan zuen. Gipuzkoa Espainiarekin komunikatu ahal izateko biderik errezena Altsasutik igarotzen zen. Hori dela eta errepideak eta trenbideak eraiki ziren.
1794ko urriaren 15ean espainiar tropak Lekunberritik Irurtzuneraino egin behar izan zuten atzera. Urriaren 24an frantsesak Irurtzun hartzen saiatu ziren. 1795ko uztailaren 6an espainiarrek Irurtzun bertan behera utzi zuten. 1795ko uztailaren 13an Irurtzunetik 4.000 soldadu atera ziren espainiarrak Bilboraino bidaliz.
Napoleonen aurkako gerretan hauek Arbizu eta Bakaiku guztiz erre zituzten. 1810an Francisco Espoz y Minaren gerrilariek Lakuntza utzi eta Olaztin hartu zuten atsedena. 1811ko azaroan ere Olaztitik igaro ziren eta euren atzetik Abbé jeneralak agindutako 4.000 soldadu eta 300 zaldun. 1813ko apirilaren hasieran Espoz y Minak talka egin zuen frantzesekin Irurtzunen, hauek herria fortifikatu baitzuten. Gau horretan bertan galdu zuten frantziarrek herria.
Trenbidearen eraikuntzak garrantzi demografiko handia izan zuen. Altsasuk bere populazioa modu ikusgarri batean gehitu zuen eta industria gune garrantzitsu bilakatu zen. Fundizioak irekitzerakoan are eta garrantzitsuagoa izan zen. Gizarte eredu berriaren (liberala) eta zahrraren artean gatazka sortu zen Sakanan. Guda Karlistek eragin handia izan zuten eta Zumalakarregi eta Quesadaren arteko lehen talka handia Altsasun izan zen, Altsasuko Bentak izeneko lekuan. Zumalakarregik Sakana ondo lotua eduki nahi zuen eta tropei instrukzioak emateko egindako bidaia zirkularrak Sakana izan zuen pasaleku gisa. Bidaia horretan Iruñea, Logroño eta Gasteiz inguruko zirkulua lotzeko saiakera militarra egin zuen. Altsasun egindako bataila honetan liberalek 100 gizon galdu zituzten eta militarrak hornitzeko balio zuten 500.000 erreal. Era berean Leopoldo O'Donnell koronela atxilotu zuten. Zumalakarregik Etxarri-Aranatzen jaso zuen Gipuzkoa eta Bizkaiako Aldundien babesa. Guda Karlistetan Bakaikuk min handiak jasan zituen.
[aldatu] XX. Mendea
XX. mendean, behin foruak galduta industria iraultza iritsi zen Sakanara. Hasierako Altsasuko industriaguneaz gain bestelakoak ireki ziren Etxarri Aranatzen, Lakuntzak eta Irurtzunen eta beranduago gainontzeko herrietan. Industriaren sakabanatze honek herri txikiagoetan ere lana egotea lortu zuen.
Espainiako Gerra Zibilan Nafarroa berehala erori zen Mola jeneralaren eskuetan. Altsasun, ordea, tradizio sozialista handia zegoen, batez ere PSOE eta UGTren eskutik. Tradizio horrek Altsasun erresistentzia biltzea ekarri zuen. Behin gune hori galduta Sakana berriro gune estrategiko bilakatu zen garraiorako. Hori dela eta faxisten eta Himmlerren arteko bilkura bat ospatu zen Altsasun. Olaztin 21 hiritar fusilatu zituzten eta 1936ko uztailaren 21ean Guardia Zibilak udala kendu eta bere konfidantzazko jendea jarri zuen.
1950 eta 1960ko hamarkadaren artean inmigrazio ugari jaso zuen Sakanak, bereziki Altsasu eta Olaztin pilatu zena. Langile guzti hauen etorrerak tradizio ezkertiarra mantendu zuen arren momentuan beherakada ekarri zuen abertzaletasunean. Denborarekin, ordea, geroz eta gune abertzaleagoa eta euskaltzaleagoa bilakatu zen. Euskal Herriaren zentru geografikoan egonda ekimen ugari burutu ziren Altsasun, Urdiainen eta Etxarrin, besteak beste. Herri Batasunaren sorrera, adibidez, Altsasun izan zen, baita lehenengo Gazte Topagunea, Etxarri-Aranatzen. Nahiko herri aktiboak izan dira hainbat borroka sozialetan. 2006an, adibidez, Sakanako 4 udalerrik Israelen aurkako boikota babestu zuten. Arbizu ere Palestinako Marda herriarekin anaikidetza egin zuen.
[aldatu] Garraiobideak
Sakanak duen berezitasunetako bat garraiobide kantitate handiarena da. Iberiar Penintsularen iparraldeko ekialde-mendebalde konexioa izateaz gain Iberiar penintsula eta Europaren arteko komunikabideetako bat ere bada. Hori dela eta beste herri eta hiriekin konektatzeko aukera onak eskaintzen ditu.
[aldatu] Trena
Bi tren lerro igarotzen dira Sakanatik. Lehenengoak Zaragoza eta Altsasu lotzen ditu eta zabalagoa den Bartzelona-Vigo trenbidearen ataletako bat da. Trenbide horietatik Iruñea eta Gasteizera doazen eskualde trenak har daitezke eta herririk handienetan egiten ditu geltokiak. Talgoa ere igarotzen da, Altsasun bakarrik eginez geltokia. Bartzelona, Vigo, Zaragoza... hiriekin egin daiteke lotura.
Bigarren tren lerroa Madrildik Irunera doana da. Honek Olazti eta Altsasun ditu geltokiak trenak Gasteiz eta Donostiara doazenean, nahiz eta gehienetan Altsasun bakarrik egin geldialdia. Talgo askok eta RENFEren luzera handiko trenek hartzen dute bide hau eta Madril, Irun, Lisboa... hirietara doazen trenak gelditzen dira.
[aldatu] Autobusak
Altsasun ezik beste herri guztietan dagoen autobus konpainia bakarra La Burundesa da. Honek Sakana eta Iruñea eta Gasteiz lotzen ditu. Autobus batzuek herri guztiak lotzen dituzte eta beste batzuek bakarrik handienak.
Altsasun Continental-Auto enpresak ere egiten ditu geldialdiak Madril eta Irunera bidean. Bilbora joateko Altsasun gelditzen da Iruñea-Bilbo autobusa.
[aldatu] Errepideak
Sakanako errepide nagusia N240 errepidea da. Errepide honek zati bat N1arekin egiten du Ziordiatik Altsasura eta gero berezita doa autobide batean Altsasutik Irurtzunera. Errepide honekiko paralelo errepide zaharra doa, herri guztietatik igarotzen dena.
Honetaz gain N1ek jarraitzen du bere bidea Altsasutik Etxegaratera eta A15a Irurtzunetik Andoainera doan autobidea dago. Bada beste modu bat Gipuzkoarekin komunikatzeko Etxarri-Aranatzetik ateratzen den Lizarrustiko portuko errepidetik. Errepide honek kontrakoaldera Lizarragara joan eta izen bereko mendatea igotzen du Lizarrarako bidean. Urbasara beste errepide bat dago ere Olaztin.
[aldatu] Kultura
[aldatu] Euskara
Euskararen ezagutza Sakanan ehunekotan | ||||
Udalerria | 1991 | 1996 | 2001 | |
---|---|---|---|---|
Altsasu | 13,5 | 16,2 | 21,6 | |
Arakil | 19,5 | 15,9 | 19,4 | |
Arbizu | 92,3 | 91,3 | 83,0 | |
Arruazu | 83,3 | 87,2 | 73,7 | |
Bakaiku | 51,6 | 51,4 | 50,6 | |
Etxarri Aranatz | 73,9 | 79,5 | 73,6 | |
Ergoiena | 96,7 | 91,5 | 88,3 | |
Irañeta | 34,0 | 44,1 | 30,3 | |
Irurtzun | 21,0 | 21,3 | ||
Iturmendi | 24,9 | 26,2 | 28,4 | |
Lakuntza | 66,7 | 57,6 | 60,5 | |
Olazti | 13,1 | 16,0 | 21,0 | |
Uharte Arakil | 29,5 | 24,8 | 23,8 | |
Urdiain | 86,0 | 83,2 | 74,7 | |
Ziordia | 11,5 | 17,8 | 26,0 | |
Sakana | % 35,4 | % 36,5 | % 37,00 | |
Iturria: Sakanako mankomunitatea |
Sakana eskualde euskalduna da. Bere populazioaren %37ak hitz egiten du euskaraz, baina Altsasu kenduko bagenu portzentai hori %46ra igoko litzateke. Orokorrean herri txikietan ez da gehiago hitz egiten eta Sakanako zentruko herritan euskara gehiago erabiltzen da mugako herrietan baino.
Euskalkiaren arabera Gipuzkera hitz egiten da, nahiz eta herri bakoitzak bere esaera eta aditz propioak erabiltzen dituen. Aldea nabarmena da Etxarri-Aranatz eta Arbizuren artean, zeintzuk kilometro bateko distantziara egon arren oso euskara ezberdina hitz egiten duten.
Hainbat herritan euskalki propioa galdu da, Ziordia, Olazti eta Altsasun kasu, non adineko jendeak ia-ia ez duen hitz egiten. Beste herri batzuetan euskaraz hitz egiten du gehiengo osoak, Arbizu edo Ergoienan kasu.
[aldatu] Jaiak
[aldatu] Erreferentziak
- Auñamendi Entziklopedia
- LUR HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOA, ATLAS HISTORIKOA. EUSKAL HERRIA. Lur Argitaletxea.
- SAKANAKO MANKOMUNITATEA
- SAKANERRIA.COM