Soziolinguistika
Wikipedia(e)tik
Soziolinguistikak bi adiera ditu nagusiki: adiera hertsia eta adiera zabala.
Adiera hertsiaren arabera, soziolinguistika hizkuntzalaritzaren adarra da, hizkuntzak jendartean dituen arazoez arduratzen dena: adibidez, argotak, haur hizkera, soziolektoak, klaseen artean dauden hizkuntza aldaerak, ... Adar honek aztertzen ditu hizkuntza batek gizartean dituen aldaketak. Horregatik, zenbait autorek honi soziolinguistika bariazionista deitzen diote.
Adiera zabalaren arabera, soziolinguistika termino anabasa bat da, bertan sartzen baita hizkuntza eta gizartea harremanetan jartzen duen oro. Eta horren barruan egongo lirateke: soziologia, gizarte psikologia, antropologia, komunikazioa, politika, zuzenbidea, ... Adiera honetan nagusitzen den ikuspegia soziologikoa da, ez horrenbeste hizkuntzalaritzakoa. Zenbait autorek, hori dela eta, soziolinguistika baino, hizkuntzaren soziologia deitzen diote adar honi.
Espainia mailan soziolinguistika unibertsitate giroan hizkuntzalaritzaren adarra gisa hartzen da, baita wikipedian ere. Nazioartean ere horrela hartzen da nagusiki. Adiera zabala, berriz, nazioartean gehien bat hizkuntzaren soziologia gisa hartzen da.
Euskal Herrian, berriz, bigarren adieran erabiltzen da nagusiki berba hau. Adibidez, Soziolinguistika Klusterra, UEUren Soziolinguistika saila, Eusko Jaurlaritza ... Katalunia eta Quebec aldean ere adiera honekin erabiltzen da terminoa.
[aldatu] Soziolinguistika Euskal Herrian
Azken 200 urtetan apenas izan da Euskal Herriko hizkuntzen eta euskal gizartearen arteko harremanak aztertzeko saio sistematikorik, joan den mendeko azken laurdena arte. Baieztapen hau egitean, badakigu jakin, harreman horiei buruzko jakintzaren oinarrietako asko ondorengo hauek landu zutela: Louis Lucien Bonapartek, Aingeru Irigaraik edo Irizarrek euren mapekin, Luis C. Nuñezek, Joan Mari Torrealdaik, Maria Jose Azurmendik eta, bereziki, SIADECO taldeak.
Administrazio autonomoa garatzearekin eta Soziolinguistika zientzia gisa haztearekin batera, joan den mendeko 1980ko hamarkadan jaio ziren, euskararen gizarte-gertaeraren inguruan, kontzeptuzko funtsaz eta oinarri enpirikoaz hornitutako jakintza-corpus bat eratzeko lehenengo saiakera serioak. Euskararen egoera zehatz deskribatzeko eta haren etorkizuna antolatzeko asmoarekin ez ezik, haren gizarte-funtzioen, esku hartzen duen kultura eta gizarte-prozesuen azterketaren ikuspegitik ere.
Azken urteotan Euskal Herriko soziolinguistikan mugarri bat egon bada, hori izan da Txepetx-en teoria. Teoria horri tiraka Euskara Elkarteak sortu ziren eta euskal soziolinguistika adin nagusitasunera heldu zen.
Dena den, oraindik hutsune nabarmenak ditu euskal soziolinguistikak. Alde batetik, unibertsitate mailako formazioan. Gaur egun, ez dago soziolinguistika ganoraz ikasteko modurik gure herrian. Saiakerarik inportanteenak, gainera, herri mugimenduetatik datoz: Eusko Ikaskuntzaren HIZNET graduondokoa eta UEUren Soziolinguistika Saila.
Horrez gain, dibulgazio mailan ere hutsuneak daude. Bat aldizkaria kenduta, soziolinguistika herritarren artean gizarteratzeko saio gutxi egon da.
Azkenik, aipatu behar da Soziolinguistika Klusterra. Ezagutza soziolinguistikoaren ikerketan, zabalpenean, eta aplikazioan dauden gabeziei eta beharrei dinamika berri batekin erantzuteko sortu zen. Euskal Herrian hizkuntza normalizazio prozesuan inplikaturik dauden erakunde eta taldeentzat –pribatu, publiko, zein gizarte mailako- arlo zientifiko-aplikatutik datuak, metodologiak, eta bestelako materialak eskaintzeko egitasmoak lantzen ditu, jarduteko moduaren gaineko ezagutza eta, ondorioz, normalizazio ahaleginen emaitzak hobetzeko.
[aldatu] Kanpoko loturak
Soziolinguistika Klusterraren webgunea
Bat soziolinguistika aldizkariaren webgunea
UEUko Soziolinguistika sailaren webgunea
HIZNET graduondokoaren webgunea