Euskara batua
Wikipedia(e)tik
Euskara Batua, euskalki ezberdinak hitz egiten duten euskaldunen arteko ulertze arazoak gainditzea helburu duen Euskararen dialekto bateratua da, 1968an Euskaltzaindiak Arantzazuko Batzarrean (Oñatin) egindako bileran abiatu zen batasun prozesutik sortua.
Bilera hartan Euskara bateratzeko lehenengo arau multzoak finkatu zituzten, hizkuntza idatzian erabil beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea eta neologismoei buruzko arauak emanez. Euskararen batasunerako Gipuzkera eta Nafartera euskalkiak hartu ziren oinarri giza, gainontzeko euskalkien berezitasunak eta aldaerak kontutan hartzen ziren bitartean.
Batasun prozesua ez zen bapateko gauza izan, eta urteak pasa ahala, Euskaltzaindiak, euskararen alor ezberdinei buruzko arauak eta gomendioak kaleratzen joan da, prozesua oraindik bukatutzat eman gabe.
[aldatu] Kritikak
Euskara Batuak bere bizitzako lehen urteetan kritika ugari jaso zituen arren, gaur egun euskal gizartean guztiz sustraiturik dago, hezkuntzan, komunikabideetan eta administrazioan erabiltzen den Euskara mota bihurtu delarik.
Jasotako kritika gehienak batetik, Gipuzkerak Euskara Batuan bereganatu zuen gehiegizko garrantziaren ildotik zihoazen, eta bestetik, hizkuntza bateratu bat erabiltzeak euskalkien desagerpenean izan zezakeen ondorioetan.
Euskaltzaindiko kideak diren Ibon Sarasolaren "Euskara batuaren ajeak" liburua (Alberdania, 1997) eta Koldo Zuazoren "Euskararen sendabelarrak" ere (Alberdania, 2000) honen harira datoz. Lehenengoak hainbat hitz eztabaidagarri birplanteatzen ditu, askotan nazioarteko ereduei jarraituz eta Ipar/Hego Euskal Herriaren erlazio berdintsuagoa aldarrikatuz. Bigarrenak euskara batua eta euskalkien arteko orekaz jorratzen du. Hauetaz gain, beste egile batzuk lanak argitaratu dituzte azken urteotan, prozesua bizirik dagoela erakutsiz.