Euskalki
Wikipedia(e)tik
Euskalkiak euskararen aldaerak dira. Euskal dialekto izena ere hartzen dute.
1729an, Manuel Larramendi jesuitak El Imposible Vencido. El arte de la lengua bascongada izeneko euskararen gramatika bat argitaratu zuen Salamancan. Bertan hainbat dialekto edo euskalki bereizi zituen: gipuzkera, bizkaiera, nafarrera eta lapurtera, eta azken bi hauek bat bezala har zitezkeela adierazi zuen.
Louis-Lucien Bonapartek, Napoleon Bonaparteren hilobak, euskalkien beste banaketa bat egin zuen, egundaino indar handiz iritsi dena. Euskaltzaindiko lehen presidente Resurreccion Maria Azkue (1864-1951) Bonaparteren banaketa berrikusi zuen. Besteak beste, 1991ean desagertutako erronkariera euskalki berezitzat jo zuen, Bonapartek zubereraren barnean sailkatu zuen bitartean.
Euskalki hauekin batera, toponimia arrastoak eta idatzi batzuk direla eta, Araban berezko euskalkia izan zela esan daiteke, egun guztiz desagertutakoa.
Koldo Zuazoren 1997ko azken sailkapenaren arabera, honako 6 hauek dira:
- Bizkaiera edo mendebaldekoa: hiztun gehien daukan euskalkia. Mendebaldera, Ibaizabal du muga; ekialdera, Bizkaiko lurretatik 13 kilometrora dagoen Deba ibaia, Gipuzkoan; hegoaldera, ostera, Araba.
- Gipuzkera edo erdialdekoa edo ertaldekoa: Gipuzkoan eta Nafarroa Garaiko ipar-sartaldean hitz egiten dena.
- Behe-nafarrera: Nafarroa Beherean.
- Nafar-lapurtera: Lapurdin, Gipuzkoako ipar-ekialdean eta Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean mintzatzen dena.
- Ekialdeko Nafarrera: Nafarroa Garaiko ekialdean hitz egiten den euskalkia dugu. Zaraitzuera eta Aezkoako hizkera hartzen ditu barne.
- Zuberera: Zuberoa eta Oloroeko biarnotar kantonamenduan (Gaskonia) hitz egiten da. Erdi Aroan, nafarrerak gaskoieraren eragina jaso zuen fonetikan eta lexikoan. Eragin hartatik sortu ziren iparraldeko bi dialektoak. Zubererari dagokionez, bilakaera horretan, halaber, nafar-aragoiar hizkuntza erromanikoak hartu zuen parte.
Sailkapen horretatik kanpo:
- Erronkariera: Erronkarin hitz egiten zena (galdu egin zen).
[aldatu] Adibideak
Lapurtera
"Alabainan Jainkoak altean du mundua maithatu, non bere Seme bekharra eman baitu, hunen baithan sinhesten duen nihor ez dadien gal, aitzitik izan dezan bethiko bizitzea"
Zuberera
"Zeren Jinkoak hain du maithatü mundia, nun eman beitü bere Seme bekhotxa, amorekatik hartan sinhesten dian gizoneratik batere eztadin gal, bena ükhen dezan bethiereko bizitzia"
Gipuzkera
"Zergatik aiñ maite izan du Jaungoikoak mundua, non eman duen bere Seme Bakarra beragan fedea duan guzia galdu ez dedin, baizik izan dezan betiko bizia"