Izar
Wikipedia(e)tik
Izar bat unibertsoan dagoen plasmazko gorputz masatsu eta trinkoa da, bere nukleo beroan fusio nuklearra mantentzeko bezain masatsua. Nukleo atomiko hauen fusioa da izarrek beren kanpo geruzetatik etengabe kanporatzen duten energiaren iturburu.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
Antzinatik izan dira izarrak garrantzitsuak kultura gehienetan, denetan ez esatearren; bai arrazoi erlijioso edo/eta kulturalengatik, orientazio lanabes gisa, egutegiak zehazteko, ... Adibidez gaur egun munduan oso zabaldua den Gregoriotar egutegia, lurrak eguzkiarekiko duen posizio erlatiboan oinarritzen da.
Demokrito eta Epiricus greziar filosofoek izarrak beste eguzki batzuk zirela eta haien inguruan beste lur batzuk izan zitzaketela argudiatu zuten.
Tycho Brahe astronomoak izar berriak identifikatu zituen zeruan, zerua aldakorra zela ondorioztatuz.
Geminiano Montanari italiar astronomoak. Algol izarraren argitasun aldaketak behatu zituen 1667an.
Edmong Halleyk bi izarren arteko mugimenduaren lehen neurketak argitaratu zituen, Ptolomeo eta Hipparchus greziar astronomoen garaitik beraien posizioak aldatu egin zirela frogatuz.
Izar bateraino dagoen distantziaren lehen neurketa zuzena 1838an egin zuen Friedrich Besselek, paralaxia teknika erabiliz. Paralaxiak demostratu zuen izarren arteko distantzia zein handia den.
[aldatu] Izena
Zeruko izarrik distiratsuenek, planeta batzuk tartean direlarik, kultura ezberdinetako mitologia izenak dituzte, greziar, latin eta arabiarrak asko. Askok izen desberdinak dituzte munduan barrena, tokian tokiko izen propioak.
Azken 2000 urteetan 300 izar ingururi eman zaie izena, gehienak mitologiarekin zerikusia dutenak. Begi hutsez 4000 izar inguru ikus litezke lurreko hemisferio bakoitzean. Astronomia katalogoetan miloi batzuk badira. Gure esne-bidean bilioi batzuk badaude eta unibertsoan dagoen izar kopurua infinitua da. Beraz astronomoak aurkitzen diren izar guztiak behar bezala sailkatzen saiatzen dira.
Johann Bayer alemaniar astronomoak konstelazio bakoitzean izarrei izena emateko greziar hizkiak erabiltzen zituen izendapena sortu zuen. Beranduago, John Flamsteedek zenbakiak zerabiltzan sistema sortu zuen. Ordudanik sistema desberdin ugari erabili izan dira, izar katalogoak azaldu ziren arte. Gaur egun Nazioarteko Astronomia Elkartea da izar berriak izendatzeko gaitasuna duen erakunde bakarra.
Gerora izarra kokatzeko balio duen izena ematen diote astronomoek izarrari. Dauden konstelazioaren izenari greziar alfabetoko hizki bat jartzen zaio aurretik. Izarrik distiratsuenari alfa hizkia ematen zaio, hurrengoari beta, ... Adibidez: Betelgeuse, Orion konstelazioko izarrik distiratsuenari, Alpha Orionis ere deitzen zaio. Greziar alfabetoko hizkiak bukatzen direnean, zenbakiak erabiltzen dira.
Baina izar kopurua hain handia denez, Nazioarteko Astronomia Elkarteak sistema ezberdina darabil izar berrientzako: laburdura bat eta sinbolo batzuk. Laburdurak izar mota edo izarrari buruzko informazio duen katalogo bat adierazten du. Adibidez: PSR J1302-6350; PSRk pultsarra dela adierazten du; Jk ordea J2000 izeneko koordenatu sistema erabiltzen dela adierazten du eta zenbakiak koordenatuak dira.
Izar aldakorrei RR Lyrae edo TT Arietis izena ematen zaie; Lyrae eta Arietis konstelazio hauetan daudela esan nahi du, hasierako hizki bikoiztuak aurkitzen diren eran sailkatzeko balio duelarik; AA da konstelazio batetan aurkitutako lehen izar aldakorra. ZZ hizkira iritsitakoan zenbakiak erabiliko lirateke.
[aldatu] Izarraren zatiak
Izar tipiko baten zati nagusiak nukleoa, barnealdea eta atmosfera dira. Nukleoan gertatzen dira izarraren energia iturburu diren erreakzio nuklearrak. Barnealdeak gainazalera garraiatzen du nukleoan sortutako energia. Garraio hori bi era ezberdinetan egiten da, horren arabera bi eremu bereiziz: barnealde erradiaktiboa eta barnealde konbektiboa. Atmosfera da izarraren kanpokaldean dagoen eremua; hiru zati ditu barnekaldetik kanpora: fotosfera, kromosfera, eta koroa. Atmosfera da izarreko zatirik hotzena eta bertan gertatzen dira materia igortzen duten fenomenoak. Nahiz eta afmosfera izan izarreko zatirik hotzena, koroan tenperatura asko igotzen da, milioi graduraino gutxienez. Koroak dentsitate baxua du eta tenperatura altua izarraren eremu magnetikoan abiadura handiz mugitzen diren partikula ionizatuek ematen diote.
Bere bizitzan izarren eremuek tamainaz aldatzen dira, baita kokapenez ere. Batzuetan barnealde konbektiboa barnealde erradiaktiboa baino lehen egongo da, eta besteetan alderantziz. Nukleoak ere alda ditzake bere ezaugarriak eta tamaina.
[aldatu] Ezaugarriak
Izarren ezaugarri gehienak Nazioarteko Unitate Sistemak adostutako unitateetan ematen dira, CGS unitateak ere erabiliak izan arren.
Masa, argitasuna eta erradioa adierazteko ohikoa da eguzki unitateak erabiltzea:
Luzera handietarako, erraldoi baten erradioa adierazteko adibidez, Unitate astronomikoak ere erabiltzen dira, hau da, eguzkia eta lurraren arteko distantzia.
[aldatu] Adina
Izar gehienek bilioi bat eta 10 bilioi urte bitarteko adina dute. Batzuek 13,7 bilioi urte dituzte, hau da, unibertso ezagunaren adina.
Izar masatsuenak dira bizitza laburrena dutenak, erdigunean dagoen presio ikaragarriak hidrogenoa beste izarretan baino azkarrago erretzea eragiten baitu. Izar masatsuenen bizitza milioi bat urte ingurukoa da, masa txikiena duten nano gorriak hidrogenoa motelago kontsumitzen dutenez ehunka bilioi urte iraun ditzaketelarik.
[aldatu] Metalikotasuna
Astronomian helioa baino pisutsuagoak diren elementuak metal elementu kontsideratzen dira, eta elementu hauen kontzentrazio kimikoari metalikotasuna deritzo. Metalikotasunak izarraren atmosferako burdin kopurua adierazten du orokorrean, burdina oinarrizko elementua denez neurtzen erreza baita. Izarrak etengabe supernoben leherketek igorritako elementu pisutsuz hornitzen direnez, burdin kopurua izarraren adina neurtzeko erabiltzen da. Elementu pisutsuen kopurua izarrak planeta sistema bat izan dezakeen jakiteko ere balio du.
Metalikotasunak, eremu magnetikoen sorrera, izarrak bere erregaia erretzeko behar duen denbora eta izar-haizearen indarra baldintzatzen ditu.
Izar zaharrek gazteek baino metalikotasun txikiagoa dute, sortu ziren lainoaren konposaketa dela medio.
[aldatu] Konposaketa kimikoa
Izar baten hastapenetan bere konposaketa, osagaien masa kontutan izanik, honako hau da:
- %70 hidrogeno
- %28 helio
- %2 beste elementu pisutsuagoak (metal elementuak)
Eguzkiak, helio eta hidrogenoa ez ezik, karbonoa, oxigenoa, nitrogenoa eta burdina ditu osagaiak. Bere metalikotasuna 0.02koa da, masaren %2a dira beraz metal elementuak. Ezagutzen den burdin kopuru baxuena duen izarra HE 1327-2326 nanoa da, eguzkiaren 1/200.000 burdin kopurua duena.
[aldatu] Diametroa
Lurraren diametroa 13,000 kilometrotakoa da. Eguzkiaren diametroa 1,500,000 Km ingurukoa da eta beste izar batzuena, Antares eta Betelgeuse horien artean, 700 eta 800 eguzki-diametro dituzte.
Izarren diametroa ez da konstantea, beraien bizitza fasearen arabera aldatzen baita. Izar aldakor periodikoek masa aldakorra dute; RR Lyrae, Cepheides eta Mira adibidez.
Lurretik oso urruti daudenez eguzkia ez beste izarrak puntu soil bezala ikusten dira lurretik behatuta. Izarren kanpo diskoa txikiegia da teleskopio optiko arrunt batekin ikusi ahal izateko, interferometro-teleskopio bat behar delarik behaketarako.
Izar txikienak neutroi izarrak dira, kilometro gutxi batzuk dituztenak, eta handienak berriz supererraldoiak dira. Adibidez: Orion konstelazioan dagoen Betelgeusek eguzkiak baino 1.000 bider diametro handiago du: 1,6 bilioi kilometro.
[aldatu] Masa
Izarren masa 0,08 – 120 eguzki-masa bitartekoa da. Masak izarraren bizitza baldintzatzen du, izar masatsu baten bizitza oso laburra izango baita, oso argitsua izan arren.
Ezagutzen den izarrik masatsuenetakoa Eta Carinae da, 100 – 150 eguzki-masakoa. Bizitza oso laburra du, milioika urte batzuk soilik.
[aldatu] Errotazioa
Izar guztiek egiten dute bere buruaren inguruan bira. Errotazio abiadura, zahartzen doan eran, txikitu egiten da, eta izarraren izaera - sinplea, binario edo multiplea - baldintzatzen du
Izarra objektu solidoa ez denez diferentzial-errotazioa du, abiadura ezberdina dute latitude ezberdinetan dauden bi puntuek. Izar gazteen errotazioa ekuatorean 100 Km/s izan liteke. 300 Km/s kontsideratzen da izarra desegingo lukeen abiadura kritikoa. Eguzkiak 25-35 egunero biratzen du, ekuatore abiadura 1,994 Km/s duelarik. Achemar izarrak ordea 225 Km/s abiadura du ekuatorean.
Masa konpaktuko objektu izateraino eraldatzen diren izarrak, errotazio abiadura handitzen dute erradioa txikitzean, nahiz eta abiadura hau ez izan momentua angeluarraren kontserbazio legeak aurreikusi bezain handia. Izarraren momentu angeluar galera izarrarteko haizeak galarazitako masaren ondorio da hein handi batetan. Pulsar baten errotazioa oso altua izan liteke hala ere, erradiazio igorpena eta abiadura txikitzen joango delarik pixkanaka. Crab Nebularen bihotzeko pulsarrak, adibidez, 30 bider segundoko errotatzen du.
[aldatu] Kolorea eta tenperatura
Begi hutsez begiratu ezkero zuriak dirudite izar gehientsuenek, baina urdinak, zuriak, gorriak eta horiak dira. Kolorea izarraren tenperaturarekin dago erlazionaturik.
Koloreak izarren espektro-mota ematen digu, izarra sailkatzeko baliagarria izango dena.
[aldatu] Tenperatura
Sekuentzia nagusiko izarren gainazalaren tenperatura erdigunean sortzen den energia eta erradioaren araberakoa da. Eguzkiak milaka gradu batzuk ditu. Izar masatsuek ordea 50,000 ºK ere izan ditzakete. Erraldoi handiek tenperatura baxuak dituzte, 3,600 ºK inguru, baina argitasuna handia izaten da azalera handia baitute.
Gainazaleko tenperatura izarra sailkatzeko erabiltzen da, bere magnitude eta espektro absortzio marrekin batera.
[aldatu] Argitasuna
Astronomian argitasuna izarrak denbora unitateko igortzen duen argi kopurua da. Erradioak eta izarraren gainazalak baldintzatzen dute izar baten argitasuna.
Ohikoa baino argitasun eta tenperatura baxuagoa duten izarreko guneei izar-lohiuneak deitzen zaie.
Eguzkia bezalako nano txikiek normalean lohiune gutxi batzuk dituen gainazal lauak dituzte. Handiagoak diren erraldoiek lohiune handiago eta nabarmenagoak dituzte.
[aldatu] Distira
Izarren distira magnitudea izeneko balore batekin adierazten da. Balore hau zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta distiratsuagoa da izarra.
Magnitudea neurtzeko bi balore ezberdin erabiltzen dira:
- Itxurazko magnitudea: Izarraren distira behatzaile eta izarraren arteko distantzia kontutan izan gabe ematen du.
- Berezko magnitudea: Izarraren distira behatzailea eta izarraren arteko distantzia 10 parsec (32,6 argi-urte) denean adierazten du.
Itxurazko magnitudea |
Izar kopurua |
---|---|
0 | 4 |
1 | 15 |
2 | 48 |
3 | 171 |
4 | 513 |
5 | 1,602 |
6 | 4,800 |
7 | 14,000 |
Bi magnitudeak unitate logaritmikoak dira: Magnitude aldea unitate batekoa den bi izarren arteko argitasun aldea 2,5eko da. Beraz +1,00 magnitude duen izarra +2,00 magnitudea duen izarra baino 2,5 bider distiratsuagoa da eta +6,00 magnitudea duen izarra baino 100 bider distiratsuagoa.
Bi magnitude hauek desberdinak dira izar berdinean. Adibidez Eguzkiaren itxurazko magnitudea -26,7 da eta berezko magnitudea +4,83. Lurretik ikusita Sirius da zeruko izarrik distiratsuena, baina itxurazko magnitudea -1,44 du eta berezkoa berriz +1,41. Itxurazko magnitudeak lurretik ikusita izarrik distiratsuenak zein diren esaten digu, eta berezko magnitudeak berriz benetan izarrik distiratsuena zein den.
Begi hutsez ikuskorra den distira gutxieneko izarra +6,00 magnitude ingurukoa da.
2006ean ezagutzen den izarrik distiratsuena, LBV 1806-20 da eta -14,2 du berezko magnitudea. Izar hau eguzkia baino 38.000.000 bider argitsuagoa da. Distira gutxien duten izarrak NGC 6397 multzoan daude, eta berezko magnitudea +28 duen nano zuri bat topatu da bertan.
[aldatu] Eremu magnetikoa
Izar gehienek izar-haizearen araberako eremu magnetiko oso biziak dituzte, baita eguzkiak ere. Izar-haizea izarrek igorritako erradiazio eta partikulei deitzen zaie; eguzkiarenari eguzki-haizea deritzo.
Eguzkiaren eremu magnetikoaren intentsitate aldaketak jakiteko, eguzki-haizearen gorabeherei behatzen zaie, hau da, gainazaleko lohiuneen kopuru eta tamainei.
[aldatu] Eboluzioa
Izar baten bizia bere masak eta konposaketa kimikoak baldintzatzen dute. Masak bere iraupena eta heriotza baldintzatuko ditu.
Izar batek fase desberdinak igaroko ditu bere eboluzioan zehar. Lehenena nano edo sekuentzia nagusia izango da, bigarrena erraldoia, superraldoia jarraian eta supernoba edo planeta nebula bat bukaeran.
[aldatu] Sorrera
Molekula-hodei batetan du jatorria izarrak eta grabitate ezegonkortasunak bultzatzen du bere sorrera. Ezegonkortasunaren jatorria supernoben leherketa edo bi galaxien arteko talkak eragiten du sarri. Gune horretan dentsitatea behar adina handia denean, Jeansen ezegonkortasuna, bere grabitate indarraren ondorioz kolapsatu egingo da.
Lainoa kolapsatzen den heinean, Bok globuloak izeneko hauts eta gasezko gorputz trinkoak eratzen dira. Hauek 50 eguzki-masatik gora izan ditzakete. Globulua kolapsatu eta dentsitatea handitzen doan eran grabitate indarra bero bilakatzen da eta tenperaturak gora egingo du. Protoizarraren lainoak oreka hidrostatikoa lortzen duenean, protoizarra sortzen da erdigunean. Sekuentzia nagusi aurreko izar hauek protoplaneta disko batek inguratzen ditu sarri. Grabitazio-kontrakzioak 10-15 milioi urte inguru irauten ditu. 2 eguzki masa baino txikiagoak direnei T Tauri izarrak deritzate eta handiagoei Herbi Ae/Be izarrak. Izar jaioberriek bere errotazio ardatzetik gas zorrotadak isurtzen dituzte, Herbig-Haro izenez ezagunak diren nebulosa txikiak sortuz.
[aldatu] Sekuentzia nagusia
Izarrek beren bizitzako denboraren %90 inguru fusio bidez hidrogenoa helio transformatzen iragaten dute, prozesu horretan bero eta presio altuko erreakzioak sortuz. Fase honetan dauden izarrak sekuentzia nagusian daudela esaten da eta nano deitzen zaie. Izarraren sekuentzia nagusiak irauten duen denbora bere masa eta ‘argitasuna’k baldintzatzen dute. Eguzkiaren kasuan 10.000.000.000 urte duela aurreikusten da. Izar masatsuek erregaia oso azkar erretzen dute eta bizitza oso motza dute. Izar txikiek ordea, nano gorri deituak, erregaia oso poliki erretzen dute eta biziraupen oso luzea dute, ehunka bilioi urte. Beraien bizitzaren bukaeran argitasuna galtzen doaz poliki, nano beltz bilakatuz. Halere, nano beltzen biziraupena egun unibertsoari estimatzen zaion adina baino handiagoa denez, 13,7 bilioi urte, oraindik ez da halako izarrik dagoenik aurreikusten.
Izar guztiek sortzen dute izar-haizea, espaziorantz gas isurketa etengabearen iturburu. Izar gehienetan galdutako masa kopurua irrigarria da. Eguzkiak urtero 10-14 eguzki masa galtzen ditu, hau da, bere bizitza osoan zehar masa guztiaren %0,01. Izar oso masatsuek 10-7 edo 10-15 masa inguru galtzen dute urtero, beraien eboluzioaren ondorio den jarioa. Beraien bizia 50 eguzki-masa baino gehiagorekin hasten duten izarrek masaren erdia ere galdu dezakete sekuentzia nagusian dauden bitartean.
Masa izan ez ezik, helioa ez den beste elementu pisutsuek, metalikotasunak, garrantzi handia dute izarraren bilakaeran.
[aldatu] Sekuentzia nagusiaren ondoren
0,4 eguzki-masa baino gutxiago duten izarrek erdiguneko hidrogenoa kontsumitzen dutenean, kanpo geruzak zabaldu eta hoztu egiten dira, erraldoi gorri bat sortuz. 5 milioi urte barru, eguzkia erraldoi handi bilakatzen denean, Artizarra eta Merkurio irentsiko dituela aurreikusten da.
Erraldoi gorri batetan fusioak nukleoa inguratzen duen geruza batetan jarraitzen du. Orduan nukleoa helioaren fusioa hasteraino konprimituko da, izarraren erradioa txikitu eta gainazaleko tenperatura igoaz. Izarrak nukleoko helioa kontsumitu ondoren, fusioak karbono eta oxigenozko nukleotik kanpo jarraituko du. Orduan izarrak hasierako erraldoi gorriaren antzeko garapena jasango du, baina gainazal beroagoaz.
[aldatu] Izar masatsuak
Helio erretze fasean, 9 eguzki-masa baino gehiago dituzten izarrek superraldoi gorriak eratzeraino zabaltzen dira. Nukleoko erregaia erre ondoren, helioa baino pisutsuagok diren elementuak fusionatzen jarrai dezakete. Nukleoa konprimitu egingo da, tenperatura eta presioa igoaz, karbonoa fusionatzeko gai izan arte. Prozesuak jarraipena izango du, oxigenoa, neoia, silizioa eta sulfuroa erreaz. Bizitzaren bukaeran fusioa izarraren kanpo geruzetan gertatzen da. Geruza bakoitzak elementu bat erretzen du; kanpokoenak hidrogenoa, barrukoak helioa, eta abar.
Izarraren bizitzaren bukaera burdina sortzen hasten denean iristen da. Burdinazko nukleoa fusionatuz gero ez da energia igortzen, kontsumitu baizik. Izar oso masatsuetan burdina pilatuko da nukleoan. Elementu pisu hauek kanpo geruzetara irten litezke, izarra inguratzen duten objektuak sortuz, Wolf-Rayet izar bezala ezagunak direnak eta kanpo atmosfera argitzen duen izar-haize trinkoa dutenak.
[aldatu] Kolapsoa
Tamaina ertaineko izar garatu batek, 1,4 eguzki-masa baino txikiagoa, planeta nebula bezala askatuko ditu kanpo geruzak. Kanpo geruzak askatu ondoren geratzen den objektu txikia ez da konpresio gehiago jasateko gai eta nano zuri deitzen zaio. Nano zuriaren barruko materiak ez du plasma izaten jarraituko, izarrak normalean plasmazko esfera kontsideratu arren. Nano zuriak nano marroi bilakatuko dira, eta azkenik nano beltz denbora epe oso luzean.
1,4 eguzki-masa baino gehiago dituzten izarretan, leherketaren ondoren burdinazko nukleoaren handitzeak bere masa jasateko gai ez den arte iraungo du fusioak. Nukleoa bat-batean kolapsatuko da, elektroiak protoien barrura bultzatuak direlarik, neutroi eta neutrinoak sortuaz. Bat-bateko kolapso honek sortutako uhin astinduak izar guztia supernoba eran leherraraziko du. Supernobak denbora labur batez izarraren jatorri-galaxia osoa argitzeraino dira distiratsuak. Izar berri bezala identifikatuak izan dira historian zehar esne bidetik at zeuden supernobak, begi hutsez ikusi zitezkeenak behintzat.
Supernoben leherketan materiaren gehiengoa kanpora jaurtikiko da eta geratzen dena neutroi izar bilakatuko da, batzuetan pulsar edo X-izpi leherketa, baita zulo beltz ere 3 eguzki-masa baino gehiago dituzten izarretan. Neutroi-izar batetan materia ez da gehiago plasma izango.
Hiltzen ari diren izarrek kanporatutako geruzek izar berrien sorreran berrerabiltzen diren elementu astunak dituzte, planeten sorrera bideratuz. Izarrarteko materiaren eraketan garrantzi handia dute izar masatsuen supernoba eta izar-haizeak.
[aldatu] Sailkapena
Espektro motaren araberako sailkapena letra batez adierazten da; O motatik, oso beroa, M motaraino, oso hotza, doana. Sailkatzeko erabiltzen diren hizkiak, berotik hotzera, honako hauek dira: O, B, A, F, G, K eta M. Espektro mota bereziek letra bereziak dituzte. Ohikoenak L eta T dira, masa txikiko hotzenak eta nano marroiak sailkatzen dituztenak.
Moeta | Tenperatura | Adibide izarra |
---|---|---|
O | 33,000 K or more | Zeta Ophiuchi |
B | 10,500–30,000 K | Rigel |
A | 7,500–10,000 K | Altair |
F | 6,000–7,200 K | Procyon A |
G | 5,500–6,000 K | Eguzkia |
K | 4,000–5,250 K | ε Indi |
M | 2,600–3,850 K | Proxima Centauri |
Letra bakoitzak 10 azpi-maila ditu, zenbakiz adieraziak, 0 eta 9 bitartean beroenetik hotzenera. Mugarik beroenenean sailkapenak ez du balio, O0 eta O1 motako izarrak ez baitira existitzen.
Batzuetan sailkapen honi izarraren argitasuna adierazten duen zenbaki bat gehitzen zaio. 0 hiperraldoientzako, III erraldoientzako, V sekuentzia nagusiko nanoentzako eta VII nano zurientzako. Izar gehienak sekuentzia nagusian daude kokatuak. Eguzkia sekuentzia nagusian dagoen nano hori bat da, G2V multzoari dagokiona.
Espektro kasu berezia duten izarrak adierazteko hizki txikiak erabiltzen dira. Adibidez e hizkiak igortze-marrak daudela esan nahi du; m hizkiak ezohikoa den metal kopuru handiak adierazten ditu; var hizkiek espektro motaren aldaerak adierazten ditu.
Nano zuriek D hizkiak hasten den multzo propioa dute, ondorengo azpimultzoetan banatua dagoena: DA, DB, DC, DO, DZ eta DQ. Azken hauek espektroko marra esanguratsuenen arabera. Jarraian tenperatura adierazten duen balore bat gehitzen zaio.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Orokorrak
[aldatu] Ezohiko izarrak
- Zulo beltz
- Hipernova
- Neutroi-izar
- Izar iheskor
- Hiperabiadura izar
- Izar aldakorrak
[aldatu] Kanpo loturak
- Zientzia.net Esne-bideko X izpien sorburua masa gutxiko izarretan.
- Zientzia.net Izarrak nola sortzen diren.
- Zientzia.net Talka-uhinak izar berrien sustatzaile.
- Zientzia.net Izarrak, uste baino zaharragoak.
- Zientzia.net Izar gehienen sorrera.
- Star, World Book @ NASA NASAren entziklopedia.
- Portraits of Stars and their Constellations. Illinois unibertsitateko argazkiak.
- SIMBAD Izarrei buruzko datuak.
- Astronomy: The Stars Objektu astronomiko batzuei buruzko datuak.