Rafael Moneo
Wikipedia(e)tik



José Rafael Moneo Vallés (Tutera, 1937ko maiatzaren 9a) arkitekto nafarra da, mundu mailan arrakasta handien lortu duen arkitekto nafarra.
[aldatu] Biografia
Ikasketak Madrilgo Arkitektura Goi Eskola Teknikoan egin zituen, 1961. urtean amaitu zituelarik. Ikasle zelarik Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto espainiarrarekin hainbat proiektutan parte hartu zuen.
1961 eta 1962 urtetan beharbada Danimarkako arkitektorik handiena izan den Jorn Utzon maisuaren bulegoan lan egin zuen, eta ondoren, 1963an Erromako Espainiar Akademian bi urtez ikasteko beka bat lortu zuen eta gertaera honek garrantzi handia izango zuen bere lanaren etorkizuneko garapenean.
1966tik 1970era Madrilgo Arkitektura Eskolan irakasle ihardun zuen, eta ondoren Bartzelonara joan zen bizitzera, bertako Arkitektura Eskolan Konposizio Elementuen katedraduna izan zelarik ia hamar urtez, 1980 urtean berriro ere Madrilgo Eskolara itzuli zen arte, oraingoan Konposizio Katedraz ardura hartzeko.
1973tik Moneok bulego propioa zuen Madrilen, eta bai bulegoaren proiektazio lanaren bitartez, bai irakaskuntzak ideien hedapenari ematen zion aukeraren bitartez, denboran zehar gaurkotasunez mantentzen diren obrak defendatu zituen. Garaiko arkitekto askok ez bezala, Moneok ez ditu utilitarismo eta espresionismo korronteak jarraituko, izan ere Eskandinaviako estiloan eta Holandako tradizioan oinarrituko da arkitektura garaikideari dagokion lengoaian bere obra garatzeko.
1976an Estatu Batuetara joango da, New Yorkeko Arkitektura eta Hiri-Ikasketen Institutoan lan egitera eta hiri bereko Cooper Union School of Architecture-an irakasteko. Hurrengo urteetan Princeton eta Harvard-en ere klaseak eman zituen eta baita Lausanako Ecole Polytechnique Fédéral-eko Arkitektura departamentoan.
1985ean Harvard-eko Unibertsitateko Arkitektura Departamentuko dekano izendatu zuten, postuan 5 urte iraun zituelarik. Oraindik eskola horretako Arkitektura Katedra mantentzen du, eta Sert Professorship delako ohorezko kargua eman diote bertan.
1992an Espainiako Gobernuaren Arte Ederren Urrezko Domina jaso zuen.
1993 urte oparoa izan zen Moneorentzat. Lovainako Unibertsitateak Honoris Causa Doktore izendatu zuen. American Academy of Arts and Letters-ek arkitekturako Arnold W. Brunner Memorial Prize-a eman zion eta Nafarroako Gobernuak Vianako Printze saria.
1996an Arkitekturako Nobel saritzat hartzen den Pritzker saria jasotzen du. Horrez gain Frantziako Arkitektura Akademiak Urrezko Domina ematen dio.
Horrez gain beste hainbat sari irabazi ditu eta hainbat Arte Ederretako Akademien kide da.
Egun Moneok lanean dirau historiaren garapenaren parte izan nahi duen arkitektura baten alde. Bere ustez arkitektoari garai bakoitzaren elementu eta ereduak identifikatu eta garaiaren beharrei egokitzea dagokio. Gaur egun, proiektatzaile eta irakasle bezala, munduko arkitekto handienetakoa dugu Moneo.
[aldatu] Lan Garrantzitsuak
- 1968-72 : Urumea etxebizitza eraikina, Donostia (Xabier Unzurrunzaga, Xabier Marquet eta Luis Zulaika arkitektoen agentzian)
- 1973-76 : Bankinter egoitza, Madril
- 1973-81 : Logroñoko Udaletxea, Logroño, Errioxa, Espainia
- 1980-85 : Erromatar Museoa, Merida, Espainia
- 1982-87 : Española Seguros eraikina, Sibilia, Espainia
- 1982-88 : Espainiako Bankua, Jaen, Espainia
- 1987-92 : San Pablo Aireportua, Sibilia, Espainia
- 1983-92 : Tarragonako Arkitektoen Elkargoaren egoitza, Tarragona, Katalunia
- 1986-92 : Atocha Geltokia, Madril
- 1989-92 : Thyssen-Bornemisza Museoa (Villahermosa Jauregia), Madril
- 1987-92 : Pilar i Joan Miró fundazioa, Mallorca, Balear Uharteak
- 1988-93 : L'Ila Diagonal Eraikina (merkatari gunea eta bulegoak), Bartzelona
- 1993 : Davis Museoa eta Kultur Etxea, Wellesley College, Massachusetts, AEB
- 1995-97 : Don Benito Kutur Etxea, Don Benito, Extremadura
- 1991-98 : Murtziako Udaletxea, Murtzia, Espainia
- 1994-98 : Arte Modernoaren eta Arkitekturaren Museoa, Estokolmo, Suedia
- 1993-98 : Grand Hyatt Hotela eta Bulegoak Potsdamerplatz auzoan, Berlin
- 1990-99 : Bartzelonako Auditorioa, Bartzelona
- 1995-1999 : Kursaal Biltzar Jauregia, Donostia
- 1992-2000 : Audrey Jones Beck Arte Museoa, Houston, AEB
- 1996-2000 : Katedral katolikoa, Los Angeles, Kalifornia, AEB
- 1999-2005 : Nafarroako Artxibo Nagusia, Iruñea
- Arintzano Jaurerriko Ardandegia, Aberin, Lizarrerria, Nafarroa
Egun, hainbat proiektu ari da garatzen, hala nola Prado Museoaren handitzea Madrilen.
Euskal Herrian bi proiektu ditu eraikitzeko:
- Loiola Erriberako Eliza, Donostian
- Deustuko Unibertsitatearen Liburutegia, Bilboko Abandoibarran
[aldatu] Kanpo loturak
Pritzker Saria irabazi dutenak | ||
---|---|---|
1979: Johnson 80: Barragán 81: Stirling 82: Roche 83: Pei 84: Meier 85: Hollein 86: Böhm 87: Tange 88: Bunshaft and Niemeyer 89: Gehry 90: Rossi 91: Venturi 92: Siza 93: Maki 94: Portzamparc 95: Ando 96: Moneo 97: Fehn 98: Piano 99: Foster 2000: Koolhaas 01: Herzog eta de Meuron 02: Murcutt 03: Utzon 04: Hadid 05: Mayne 06: Mendes da Rocha |