Gabriel Aresti
Wikipedia(e)tik
Gabriel Aresti (Bilbo, 1933 urriaren 14 - Bilbo, 1975 ekainaren 5) euskarazko idazle eta olerkigilea izan zen, XX. mendeko euskal literatura berritu zuena.
12 urtez hasi zen euskalduntzen: “Egondu nintzen ordu luzeak euskal liburuen ganean, izaera berbakintzea geureak estudietan”. Nerabezaroan, hirikidea zen Blas de Otero, Gabriel Zelaia eta Antonio Machado poetak erreferentzia nagusitzat eduki zituen, garai hartako “Poesia Soziala”-k Arestirengan aztarnak utziz.
1954an lehenengo poemak argitaratu zituen, Frankismoaren urteetan, eta 10 urte geroago, 1964an bere lanik esanguratsuena argitara eman zuen Zarautzen Itxaropena argitaletxearen bidez: “Harri eta Herri”.
Arestik intelektual galiziar batzuekin adiskidetasun estua mantendu zuen eta, besteak beste, Federico García Lorcaren poema galizierazkoak, Castelaoren "Nós" albuma eta Valle-Inclánen gaztelaniazko "Divinas Palabras" itzuli zituen.
Hizkuntzari dagokionez, Euskaltzaindiako kidea izan zen eta euskara batua sortzeko asmoa defendatu zuen.
Ideologiari dagokionez, Arestiren kezkak esparru sozial eta nazionalaren artean banatzen ziren eta alderdi komunistaren inguruan ibili zen, beti ere unibertsalismoa eta bertako euskal sentimendua uztartu nahian. Poeta sozial eta iraultzailetzat jo dute, baina batik bat poeta hiritartzat. Hain zuzen ere, 50-60. hamarkadetako Bilbo industrial hura biziki presente egon da haren lanean, eta konkretuki bera bizi izandako langileen auzoak: Zorrotza eta Basurtu. Azken auzo honetakoa da, izan ere, Amelia Esteban bere alarguna, "Melitxu", Leondik etorritako familiakoa dena.
1975eko ekainaren 5ean gazte eta etorkizunez beteta hil zen, 42 urtez hain zuzen ere, gibel gutxiegitasunak jota.
Eduki-taula |
[aldatu] Aroak
Bi aro bereiz daitezke haren lanean:
-Aro sinbolista: (1954-61) Maldan behera Maldan behera poema, argi-ilunez iritsi zaigun mintzoa da; argi antsiak ez dira ilunpe eta itzaletatik bereizten.
-Aro soziala (1964-1975) Ez dago ilunperik. Malda beherako laino eta itzalak argi bortitz eta kolore bakaneko mintzo bilakatzen dira. Giza arazoen isla eta injustizien salaketa minbera da aro honetako lanetan ageri dena. Harria da erabiltzen den irudia: Harri eta Herri (1964), Euskal Harria (1967), Harrizko Herri lau (1970), Azken Harria (1976) (hil ondoren argitaratua).
[aldatu] Iritzi kritikoa
Adituek diotenez, T.S. Eliot poeta anglo-amerikarraren eragina nabaria da Arestiren lehen poeman. Gizaki modernoaren irudi triste eta zibilizazioaren deskalabruaren adierazpena litzateke Maldan behera. Gizakiak zibilizazioaren aurrean egiten duen ibilbidearen kontaketa sinbolikoa da.
-Aro soziala deitzen deneko lanek gizarteko arazo gordinak adierazten dituzte. Kale gorriko arazo arruntak eta euskararen kezka bizia nabaria dira.
-Garbizalekeriaren aurka, herri-hizkeran aldeko konpromisoa.
-Neurri tradizionalekin batera, bertso libreari ere ematen dio bide.
-Bertsolaritza, kopla zahar eta herri-kantuen bidez, herritarrek errazago ulertzeko moduko olerki mota.
-Euskara batuaren aldeko apustu tinkoa: eskolaren bidez euskal irakurleengana iristeko ezinbestekoa bidea baita.
-Harria eta arbola Euskal Herriko sinbolo bihurtzen du Oteiza bezala.
-Poetari garai zailetan kontzientzia-iraultzaile izatea dagokio. Mandatu bat du olerkiak: gizartean eragiteko eginkizuna, sasoi hartako erlijio eta abertzaletasun tradizionalaren aurka.
-Gune poetiko berriak eskaini nahi dizkio Euskal Herriari: mendi-kaskoen eta erreka-zokoen edo udaberriaren ederra baztertu gabe, lanaren, izerdiaren eta mailuaren hotsaren poetikotasuna erakutsiz.
[aldatu] Bibliografia
- Hainbat artikulu prentsan, bereziki “Zeruko Argia” eta “Anaitasuna” aldizkarietan.
- "Harri eta Herri", Zarautz, Itxaropena, 1964.
- “Euskal elerti 69”, Donostia, Lur, 1969.
- “Batasunaren kutxa”, Donostia, Lur, 1970.
- “Cuarenta poemas”, Madril, Helios, 1970. Barruan “Nire aitaren etxea defendituko dut” poema ospetsua dago.
- “Harrizko Herri Hau”, Donostia, Lur, 1970.
- “Kaniko eta Beltxitina”, Donostia, Lur, 1971.
- “Lau teatro arestiar”, Donostia, Lur, 1973.
- “Hiztegi tipia”, Donostia, Lur, 1973.
- “Aurtengo zenbait berri”, Donostia, Lur, 1973.
- “Obra guztiak”, Donostia, Kriselu, 1976.
- "Lehen poesiak" Susa 1986
- "Euskal harria" Susa 1986
- "Poesia argitaragabea. Azken poesia" Susa 1986
- "Narratiba" Susa 1986
- "Antzerkia" Susa 1986
- "Itzulpenak 1" Susa 1986
- "Itzulpenak 2" Susa 1986
- "Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak. " Susa 1986