Euskaltzaindia
Wikipedia(e)tik
Euskaltzaindia euskara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzeko akademia ofiziala da. Juridikoki, 1919an Alfontso XIII.ak sortu zuen eta euskal aldundiek bultzatu zuten Eusko Ikaskuntzarekin batera.
Egoitza Bilboko Plaza Barrian du, baita ordezkaritzak Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Baionan.
Diru-laguntzak Eusko Jaurlaritza, Arabako Aldundia, Bizkaiko Aldundia eta Gipuzkoako Aldundiatik jasotzen ditu nagusiki.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
Eusko Ikaskuntzaren lehenengo biltzarrean, lau probintzietako aldundien babesean sortu zuten, Oñatin, 1918an.
Irailaren 5ean izendatu ziren lehen lau euskaltzainak: R.M. Azkue, Luis Elizalde, Julio Urkijo eta Arturo Kanpion.
1919an onartu zen hamabi euskaltzain izendatzeko araudia eta honakoak izendatu ziren: Txomin Agirre, Pierre Bruzain, J. Blaise Adema, Ramon Intzagarai, Jose Agerre, Juan Bautista Eguskitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande. Resurecccion Maria Azkue izan zen lehenengo presidentea eta hamabiak izan ziren lehen euskaltzain oso.
Erakundearen helburuak, modu honetan agertzen dira lehenengo Arautegian: "1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. 2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik."
Aurrera egin ahala kopuru hori handitu egin da eta egun euskaltzain osoak 24 dira. Euskaltzain osoez gain, urgazleak 150 inguru dira eta Ohorezkoak dira: J. Alliers, J. Bilbao, J. Caro Baroja, Basarri, J. Etxaide, J. Garate, N Holmer, J.M. Jimeno, B. Larrakoetxea, G. Lopez de Gereñu, A. Martinet, S. Onaindia, R. de Rijk, H. W. Terence, P. de Irizar eta Y. Zytsar. Euskaltzain osoen kopurua finkoa da, baina ohorezkoena eta urgazleena beharren araberakoa da. Euskaltzain osoek hitza eta botoa dute, baina gainerakoek hitza bakarrik.
Euskaltzaindia, hasieran, bi ataletan banatu zen: ikerketa-atala, euskararen hizkuntza arazoak bideratuko zituena, eta lan praktikoa burutuko zuen atala, hau da, gizarteko alor guztietara euskararen erabilera bultzatuko zuena. Hasierako urteetan batzarrak gazteleraz egiten ziren eta konpondu behar izan zituen arazoen artean euskara batuarena zegoen. Halaber, neologismo ugalketa handiko garaiak ziren eta berauek arautu eta onartu beharra zegoenez, lan horri ere ekin zion. Literatur lehiaketak antolatu zituen, euskara eskoletan irakats zedin saiatu zen, euskara neurtzeko azterketak prestatu eta burutu eta bertsolari txapelketak antolatu zituen. Euskaltzaindiaren erabakiak argitaratzeko "Euskera" aldizkaria sortu zen.
Espainiako Gerra Zibilak eta Mundu-Gerrak eragin handia izan zuten, euskaltzainak sakabanatu egin baitziren. Azkueri euskaltzain-taldea berpizteko eskaria egin zitzaion, baina, Azkue zaharra zen eta Krutwig arduratu zen lan horretaz (1941). Nola hala, berriro lanean hasi ziren eta aldizkaria ere berrargitaratu zen; 1956az geroztik eten gabe argitaratu da.
Euskararen arazoaren inguruan biltzarrak antolatzen ditu; lehena Arantzazun egin zen, 1956an. Oihartzun berezia izan zuen Euskaltzaindiaren 50. urteurrena zela eta 1968an Arantzazun burututakoa. Bertan, euskara batua sortzeko bideari ekin zioten eta hizkuntza idatziari buruz arauak eta erabakiak hartu zituzten: ortografia, sintaxia, deklinabidea, aditza eta lexikoa. Euskaltzaindiak bigarren etapa horri ekin zionetik lan joria egin du, literatur lehiaketak, gramatika lehen urratsak eman (EGLU), lexikografia erabakiak, ortografia landu, euskal alfabetatze eta euskalduntzean lehen urratsak eman, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), eta abar.
Azken urteotako lanak, "Orotariko Euskal Hiztegia", "Euskararen Herri Hizkeren Atlasa", "Euskal Gramatika" eta "Hiztegi Batua" izan dira.
[aldatu] Euskaltzainak
Euskaltzainak dira Euskaltzaindiko kideak, hau da, euskararen akademialaria.
Funtzioen arabera, hiru kategoriatan sailkatuta daude:
- Euskaltzain osoak: Erakundearen Osoko Bilkura osatzen dute. Kide berriak izendatzeko gaitasuna daukate bai eta erabakietan parte hartzekoa ere.
- Euskaltzain urgazleak: Funtzio murriztuagoa dute, baina batzordeetan parte har dezakete.
- Ohorezko euskaltzainak: Izendapen ohoragarria da.
[aldatu] Presidenteak
- Resurreccion Maria Azkue (1919-1951).
- Yon Etxaide (1952-1962).
- J.M. Lojendio (1963-1966).
- Manuel Lekuona (1967-1970).
- Luis Villasante (1970-1988).
- Jean Haritxelhar (1989-2004)
- Andres Urrutia (2005-...)
[aldatu] Batzordeak
- Ahoskera.
- Argitalpena.
- Azkue Biblioteka.
- Corpusa.
- Dialektologia-Atlasgintza.
- Euskara batua.
- Gramatika.
- Hiztegigintza.
- Lege-ekonomia.
- Literatura.
- Onomastika.
- Sustapena.
[aldatu] "Euskera" aldizkaria
1919an hasi ziren "Euskera" aldizkaria argitaratzen, halabeharrez bi aldiz eten bazuten ere.