Guns N' Roses
Wikipedia(e)tik
Guns N' Roses 1985ean sortutako Amerikako Estatu Batuetako hard rock musika taldea da, zeinek 1980etako amaieran eta 1990etako hastapenetan ospea lortu zuen.
Disketxe garrantzitsu batekin grabatutako lehen lana, Appetite for Destruction, (1987) mundu osoko arrakasta izan zen. 1991an, gogor ahaleginduta, Use Your Illusion I eta Use Your Illusion II plazaratu zituzten. Ondorengo birarekin batera, haien lehen mailako estatusa frogaturik geratu zen. Guztira, munduan zehar 90 miloi album saldu dituzte.
Hard rocka urrats bat haratago eraman zuten. Glam metala 1980ko hamarkadako musika-korronte nagusia menderatzen ari zela, Guns N' Rosesek jatorrizko rockean oinarritutako estiloa luzatu zuen. Horren ondorioz, zale franko bereganatu zuten, eurena rock benetakoagoa eta garbiagoa zelakoan. Taldearen urrezko urteak 1987 eta 1993 bitartekoak izan ziren. Hortik aurrera, barenko tirabirek (batik bat Slash eta Axl Rosen artekoek) nahiz gehiegizko alkohol eta drogen erabilpenak elkarrekin lan egiteko ahalmena oztopatu, eta, azkenean, galarazi egin zuten. Axl Rose da egun jatorrizko osakideengandik geratzen den bakarra.