Iruñeko historia
Wikipedia(e)tik
Iruñeko historia abiatzen da baskoien herrixka batetik, hortik Pompaelo erromatarrera. Musulmanen okupazioaren ondoren, Iruñeko Erresuma eta Nafarroako Erresuma etorri ziren. Hauek erortzean, XVI. mendean Espainiako erregeen menpe gelditu zen Iruñea.
Azkenik, XX. mendean hiria izugarri hasi zen zabaltzen. Azken hamarkadetan mundu mailan ospe handia hartu du hiriak San Fermin jaiak direla-eta, bereziki Ernest Hemingway idazleak hauei egindako oihartzunagatik.
Eduki-taula |
[aldatu] Jatorria
Hiriko jatorria baskoien herrixka da. Haren kokapen babestua dela eta, Ponpeiok (K. a. I. mendean) hor neguko akanpalekua jarri zuen, Sertorioren kontra borrokatzen ari zela. Pompaelo, latinezko izena, Ponpeioren hiria izango litzateke, fundatzailearen omenez. Hortik Pamplona eta Pampelune izenak garatu ziren
Erromatar Inperioa desegin ostean, urte ilunak etorri ziren historiari dagokionez, dokumentu gutxi guregana iritsi direlako. Baskoiek etengabe egiten zieten aurre godoei, baina Iurñeko apezpikuren bat Toledoko kontzilioetara joana zen.
714 eta 718 bitartean, musulmanei errenditu zitzaien hiria. Musulmanak, hurrengo urteetan, Iruñetik abiatzen ziren frankoen hego-lurraldeak arpilatzera. 778an Karlomagnok hiriko harresiak suntsitu zituen. Historialari batzuen ustez, horren mendekuan gertatu zen Orreagako gudua.
[aldatu] Iruñeko Erresuma
IX. mendean, Iruñea tokiko buruzagien menpean zegoen, Arizta leinukoak ziren. Hala ere, errege titulua ez zieten ematen ondoko erresumetako kronikalariek. Erregetza lortu zuen lehendabizikoa Antso I.a izan zen, Ximeno leinukoa, Iruñean oinarritua gainera, zeren titulua Rex Pampilonensium zen. Antso VI.ak erresumaren izena aldatuko zuen 1164an. Hortik aurrera Nafarroako Erresuma izango litzateke.
Erregei titulua ematen bazien ere, ez zen erregeen ohiko bizilekua. Gortea mugikorra izan arren, Iruñea baino Naiara, Lizarra, Tutera edo Erriberri hobesten zuten erregeek bizitzeko. Izan ere, Iruñean apezpikuaren jauregia zegoen, hiriko benetako jauna, eta bi botereek, lurrekoak eta zerukoak, talka egiten zuten behin baino gehiagotan. Antso VI.ak Erret-Jauregia eraiki zuen Nafarreria auzoan, katedralaren alboan, baina berehala apezpikuaren esku geratu zen. Erret-Jauregi hori Nafarroako Artxiboa da, zaharberritu ostean. Hala eta guztiz ere, erresumako administrazio-gune batzuk hor paratu ziren, Kontuen Ganbera esaterako.
[aldatu] Nafarroako Erresuma
XI. mendearen bukaeran, burgu berriak sortu ziren Iruñean, Nafarreria hiri zaharrenaren ondoan: San Zernin (batez ere okzitaniarrek osatua) eta San Nikolas (okzitaniarrek zein nafarrek osatua). Burgo berri horiek bere pribilegio eta foruak zituzten, Nafarreriako nafar bizilagunek apezpikuaren mende jarraitzen zuten bitartean. Horrek ika-mika andana sortu zuen haien artean, sonatuenak 1222 eta 1277koak ziren. Azken horretan, Frantziako armadak Nafarreria auzoa suntsitu zuen. 1324 arte baino ez zen berriro horko etxeak eraikitzeko baimena eman. 1423an, Karlos III.ak hiru auzoak batu zituen.
1512an Albako dukeak konkistatu zuen hiria. Nafar erregeek, saiatu arren, ezin izan zuten Iruñea bere mende bueltatu, eta hiria nahiz erresuma osoa Gaztelaren mende geratu zen.
[aldatu] Espainiako erresuman
XVI. mendeko bigarren erdian, Felipe II.ak hiriaren ondoan gotorlekua eraiki zuen Ziudadela izenekoa, "tokikoak mendean edukitzeko". Halaber, Frantziatik igarobidea defendatzeko ere balio zuen. Izan ere, XVI. eta XVII. mendeetan oso ohikoak ziren bi erresuma horien arteko borrokak. Horien lekukoa izan zen Iruñea.
[aldatu] Historia garaikidea
XX. mendera arte Iruñea harresitik atera ezinik egongo da. 1905ean harresiak botata, Bigarren Zabalgunea eraikitzen hasi zen. Lehenengoa 1888ko Ziudadela inguruko hazkunde txikia baino ez da. Gaztelu Plazatik abiaturik, kale berriak zabaldu ziren, Bartzelonaren erara.
XX. mendeko erdialdean, industrializazioaren eskutik auzo berriak eraiki ziren, herrietatik zetorren jendea bizi ahal izateko. Honen lehen adibidea Txantrea eta Arrotxapea dira. Hurrengoak Arrosadia, Ermitagaña eta Sanduzelai. 70eko hamarkadakoak Iturrama, Azpilagaña eta Donibane. Are berriagoak Mendebaldea eta Mendillorri, zein Eguesibartik bereizia, Iruñekin bat egin zuen. Ezkaba eta Buztintxuri dira eraiki berrienak. Hiriburuarekin batera, aldameneko herriak ere hazi ziren: Burlata, Atarrabia, Noain, Barañain, Zizur Nagusia, Antsoain, Berriozar besteak beste.