Karakala
Wikipedia(e)tik
Karakala, latinez Marcus Aurelius Antoninus Caracalla, (186ko apirilaren 4 - 217ko apirilaren 8) erromatar enperadorea izan zen, 211tik hil zen arte. Karakala goitizena jaso zuen izen horretako galiar tunika txanoduna janzten zuelako.
Septimio Severok, Karakalaren aitak, enperadore bihurtu zen 193an. Hiltzean, 211an, Karakala eta Geta anaiek boterea eskuratu zuten. Karakalak Geta berehala hilarazi zuen ordea. Karakalak aldarrikatu zuen bere burua defendatzeko hil behar izan zuela. Alexandriako biztanleek, berri hori ezagutzerakoan, Karakalaren trufa egin zuten. Enperadoreak hiria bisitatu zuen 215ean eta harrera ematera joandakoak bertan hil zituen. Horren ostean, soldaduek hiria arpilatzeari ekin zioten. Dion Kasio historialariaren arabera, 20.000 pertsona inguru hil ziren.
Septimio Severok aholkatu zion bezala, Karakalak arreta handia eman zion armadari. Soldatak ikaragarri igo zizkien soldaduei, esate baterako. Beste kontuei, berriz, ez zien adina kasu egin. Izan ere, Constitutio Antoniana legearen bidez, hiritartasuna askatutako esklabuei ere zabaldu zien, honela Estatuak zergadun gehiago izanen zuelako. Zilarraren balioa %25 murriztu zuen, legioak ordaindu ahal izateko. Azkenik, Erromatik kanpo terma erraldoiak eraikitzeari ekin zion. Karakalaren termen hondakinak oraindik ikus daitezke.
Hau guztia zela eta, Karakalak oso ospe txarra zeukan, soldaduen artean izan ezik. Partiarren kontra borrokatzeko bidean, txiza egiten ari zela hil zuen haren laguntzaile batek 217ko apirilaren 8an. Hiltzaileak segituan hil zuten. Karakalaren ondorengoa Makrino Pretoriar Goardiako burua izan zen.