Bikingo
Wikipedia(e)tik
Bikingoak Eskandinaviako gudariak ziren, eta hedaduraz beraien herrikideak VIII-XI mendeen bitartean izan ziren. Garai hartan, argi ez dauden arrazoiengatik, hegomendebalderantz eta hegoekialderantz abiatu ziren guda eta merkatal bidai luzeetan. Gehienetan untzi luze eta meheetan bidaiatzen zuten, zeinen branka eta popa garai eta estuak ziren. Ikaragarri trebeak ziren barkugintzan eta baita nabigatzen ere. Honi esker adituek diotenez amerikara iritsi ziren Colón baino lehen eta baita mediterraneora ere.
Hegomendebalderantz joandakoei normandiar ere deritzaie. Normandia erresuma sortu zuten. Hegoekialderantz joandakoei, aldiz, barego esaten zaie. Azken hauek Errusiar Estatuaren oinarria jarri bide zuten. Beraien itsas-bidai luzeetan Ternuaraino iritsi ziren, eta beste aldera, ibaietan gora eta behera, Kaspio Itsasoraino. Mediterraneon ere ibilitakoak dira.
Guda espedizio handienetan ehunka untzik hartzen zuten esku, Bikingo Aroaren bukaeran. Belauntzien ikuste hutsak izua zabaltzen zuen Europako Mendebaldean.
Bikingoen erlijioa, nordikoa zen, indoeuroparra. Odin eta Tor zituzten jainko nagusi.
Gudarien balentriak sagetan kantatu eta harri errunikoetan idazten zituzten, eta ornamentazio arte berezia garatu zuten.
[aldatu] Historia
Dokumentatutako lehen erasoa Portlanden aurka egin zuten 787an, Dorseten. Hurrengoa 793an gertatu zen, Lindisfarne monasterioa, Ingalaterrako ekialdea kokaturik, arpilatu zutenean. Hurrengo bi mendeetan vikingoekiko beldurra Europa osora zabaldu zen, haien erasoek eta arpilaketek amaigabe ziruditen eta.
816an, Iruñean nafarren alde esku hartu zuten maurien aurkako gudaldian. 823an eta 825ean Mundakan, Urdaibai kresal-ibaian geratu ziren. 840an daniarrek Imperio Frankoa erasotu zuten Atturri ibaitik. Akitaniaren nolabaiteko kontrola lortu zuten 15 urtetan. Charles le Chauve enperadoreak Garona ibaiaz hegoaldera galdu zuen agindua. 859an Nafarroa Erresuma zeharkatu zuten Mediterraneorantz.
Bikingoen aginteak 982 arte iraun zuen Gaskonian, noiz Nafarroak gailendu zituen.
XI. mendean kristautzen hasi ziren. Europar estatuak indartsuagoak ziren, eta bikingoak beraiek gizarte antolaketa ezberdina zuten. Ingalaterraren konkistarekin 1066an bukatzen da Bikingo Aroa.