Sestao
Wikipedia(e)tik
Sestao |
|||
---|---|---|---|
Bizkaia | |||
|
|||
Izen ofiziala | Sestao | ||
Antolaketa
Estatua
Autonomia Erkidegoa Lurralde Historikoa Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Bizkaia Bilbo Handia |
||
Posta-kodea | 48910 | ||
Koordenatuak | Koordenatuak: | ||
Garaiera Eremua Biztanleria Dentsitatea |
-67 m 3,5 km² 30.036 (2006) 8.671 bizt/km² |
||
Sorrera | 1805 | ||
Herritarra | sestaoar | ||
Alkatea | J.L Marcos Merino (PSE-EE) | ||
www.sestao.net | |||
Sestao Bizkaiko Bilbo Handia eskualdeko udalerria da. Nerbioi ibaiaren ezkerraldean kokaturik dago. 2005. urtean 30.350 biztanle zituen. Bizkaiko zazpigarren herririk populatuena da.
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala eta Klima
Sestaoko herria, Ibaizabal ibaiaren mendebaldean aurkitzen da. Mendebaldean, Trapagaraneko udalerriarekin egiten du muga, ekialdean Ibaizabal ibaiarekin, hegoaldean Barakaldorekin, eta iparraldean Portugaleteko udalerriarekin.
Sestaoren erdigunea, puntu gorenean 83,95 metrot dauzkan muino baten ezartzen da, leunki Ibaizabal ibairantz altuera galtzen doana. Hegoalderantz ordoki hau bat-batean amaitzen da 50-60 metrotako labandegi batean, aspaldiko harrobi batzuk baitadude. Herriaren gunerik lauenetan industriak ezarri ziren orain dela ehun urte baino gehiago, Galindon eta Ibaizabal ibaiaren ondoan.
Orain hiru mende zelaiak, mahastiak eta padurak ziren nagusi gaur Sestao dagoen lekuan eta 19 baserrik baino ez zuten herria osatzen. Udalerritik Ibaizabalez aparte, Ballonti eta Galindo ibaiak igarotzen dira. Ballontik Galindon isurtzen du eta hau itsasadarrean hiltzen da, Barakaldorekiko muga ezarriz.
Sestaoko klima ozeaniko hezea da, korronte bero baten eraginarekin, eta urte osoan zehar tenperatura lasaiekin. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira, negu onberarekin eta uda ez oso beroekin. Dena dela, bai uda zein neguetan egun oso hotzak eta termometroa 40ºC-tik gora igotzen den egunak badaude.
[aldatu] Historia
Sestao udalerria, 1805. urtean sortu zen, Somorrostroko Hiru Kontseiluetatik bereizi zenean, beraz nahiko udalerri gaztea dela esan daiteke. Bilboko garapen industrialak bete-betean eragin zion hartara herrixka baino ez zenari. Hazkundea XIX. mende bukaeratik aurrera nabarmendu zen batez ere, mehagintzaren garapenarekin batera. Mehagintzak altzairugintzaren garapena ekarri zuen eta Bilboko itsasadarretik hurbil arlo horretako hainbat industria ezarri ziren, Altos Hornos y Fábricas de Hierro y Aceros de Bilbao, La Vizcaya eta La Iberia esaterako.
Hiru enpresa horiek izan ziren 1902an Bizkaiko Labe Garaiak enpresa sortu zutenak, 1990eko hamarkada erdialderarte lanean ibilitako enpresa. Lan handieneko urteetan 10.000 langile inguru izatera ailegatu zen, Sestaoko herriko familia guztiek kideren bat bertan lan egiten zutela esan liteke. Industriarekin batera nabigazioa ere garatu zen, horrela ontziola ezberdinak, horien artean Sestaoko La Naval.
1970eko hamarkadako krisialdia gogorren eragin zuten herrietako bat da Sestao. Sektore industrialaren erabateko garrantziak, hondamendia suposatu zuen herriarentzat industriak porrot egiterakoan. Horrela, azken hogeitabost urteetan zehar, herria aurrera ateratzeko ahaleginak egon diren arren, oraindik ere, krisialdian murgildurik dago Sestao. Ezegonkortasun politikoa, eta azkenaldian La Navalen egondako krisialdiak egoera zailago egin dute.
Sestaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu bat martxan jarri nahi dute, etxebizitza zahar eta hondatuak bota eta berriak eraikitzeko, Urbinagatik Galindo ibaiaren iparraldean zehar doan gune batean.
[aldatu] Demografia eta biztanleria
Biztanleriaren bilakaera | ||
---|---|---|
Errolda urtea |
Biztanleria | |
|
||
1800 | 340 | |
1850 | 346 | |
1877 | 4.347 | |
1885 | 4.729 | |
1890 | 6.851 | |
1900 | 10.833 | |
1910 | 11.820 | |
1920 | 15.579 | |
1930 | 18.335 | |
1940 | 18.625 | |
1950 | 19.969 | |
1960 | 24.992 | |
1970 | 37.312 | |
1981 | 39.933 | |
1991 | 35.537 | |
2001 | 32.533 | |
2005 | 30.350 |
Sestaok 30.350 biztanle dauzka (2005) gaur egun. Udalerri moduan historia laburra izan arren, aldaketa handiak jasan ditu hamarkada gutxiren buruan. Hasieran herrixka bat baino ez zena hiri industrial bilakatu zen urte gutxiren buruan. Garatzen ari zen industria eta meagintzarekin batera ehundaka etorkin etorri ziren Sestaora Bizkaia eta Espainiatik.
Meagintza eta altzairugintzaren garapenarekin batera, lantegi handiak ezarri ziren herrian, Bizkaiko Labe Garaiak enpresa esaterako. Hogeigarren mende hasierarako Sestao Bizkaiko hirugarren herririk jendetsuena zen, Barakaldo eta Bilboren atzetik.
Biztanleri hazkundeak jarraipena izan zuen gerra zibilaren ondoren, baina Ezkerraldeko beste herrietan gertatu bezala 1970. urtetik aurrerako krisialdi ekonomikoarekin batera etenaldia izan zuen. Eta biztanleriak beherantzko bidea hartu zuen.
Gaur egun, Sestao, Euskal Autonomi Erkidegoko herri handienen artean, proportzionalki biztanle gehien galtzen dituen udalerria da. Tendentzia honi buelta emateko inbertsio eta etxebizitzak eraikitzeko planak martxan jartzeko asmoa dauka udalak. Baina oraindik ere, krisialdi ekonomikoaren eraginak agerian daude.
[aldatu] Gehiago jakiteko
[aldatu] Hauteskundeak
Alberto Lozano (Euzko Alderdi Jeltzalea) da Sestaoko alkatea 2003ko hauteskundeez geroztik. Ez du gehiengorik udalean, Vecinos por Sestao eta Ezker Batuarekin izandako koalizioa 2005ean hautsi ostean. 2003ko hauteskundeetan EAJk 6 zinegotzi lortu zituen, PSOEk 6, Vecinos por Sestaok 4, PPk 3 eta EBk 2.
Boto kopuruari dagokionean, EAJk 4.801 boto lortu zituen, PSOEk 4.621, PPk 2.253 eta EBk 1.867. Baliogabeko botoak 1.029 izan ziren, Aralarrek 175 botu lortu zituen eta zuri bozkatu zutenak 159 izan ziren. Aipagarria da baliogabeko botoek izan zuten gorakada, ezker abertzaleak hauteskundeetara aurkezturiko zerrendak (Sestaorekin Bat) Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabe utzi eta gero.
[aldatu] 2007ko udal hauteskundeak
Alderdi politikoa | Bozka kop. | bozken %-a | 2007ko zinegotzi kop. | 2003ko zinegotzi kop. |
---|---|---|---|---|
PSE-EE/PSOE | 4.758 | 33,24 | 8 | 6 |
EAJ | 4.480 | 31,30 | 8 | 7 (PNV+EA) |
PP | 1.495 | 10,45 | 2 | 3 |
EB/Aralar | 1.159 | 8,10 | 2 | 2 (EB) 0 (Aralar) |
VPS | 677 | 4,73 | 1 | 3 |
EA | 307 | 2,15 | 0 | 7 (PNV+EA) |
EAE-ANV | 2 (aldarrikatuak) |
- Errolda 27.635
- Bozkak 14.302
- Zuriak 261
- Baliogabeak 1.175 (Sestaoko EAE-ANVren hautes zerrenda baliogabetu zuen Espainiako Epaitegi Gorenak)
- Parte hartzea %56,68
- Abstentzioa %44,32
Jose Luis Marcos Merino da alkatea, 2007ko maiatzaren 27az geroztik.
[aldatu] Garraiobide eta Azpiegiturak
Sestaoko udalerriaren historiako momenturik garrantzitsuenetako bat, 2005ean Bilboko metroak herriko erdiguneko geltokia inauguratu zuenean izan zen. Ordutik, Sestaoarrak Bilboren erdigunearekin loturik daude.
Metroaz gain, herriaren ekialdean Renfe Aldiriakeko zerbitzua dabil, Bilbo eta Santurtzi arteko linea alegia. Linea honek, metroak baino arrakasta txikiagoa dauka, izan ere, herriaren ekialde eta behekaldean biztanleri gutxi bizi da.
[aldatu] Jaiak
Herriak hiru egunetan ospatzen ditu jaiak:
- Uztailaren 31n, San Inazio.
- Uztailaren 25ean, Santiago.
- Abuztuaren 30ean, Santa Rosa.
[aldatu] Sestaoar ezagunak
- "Panizo" (1922-1990), futbolaria.