Adolf Hitler
Wikipedia(e)tik
Adolf Hitler (Braunau, Austria Garaia, 1889ko apirilaren 20 - Berlin, 1945eko apirilaren 30) politikari austriar-alemaniarra zen, nazional-sozialismo izeneko ideologiaren sortzailea eta haren bultzatzaile nagusia.
Agurkideek "Der Führer" (buruzagia edo gidaria) esaten zioten haien ideologiaren arabera pertsona gutxi batzuk zeudelako agindu eta gidatzeko eginak eta, jakina, bera haietako bat zen.
Eduki-taula |
[aldatu] Bizitza
Lehen Mundu Gerran gudukatu zen eta bertan hainbat misio arriskutsuren protagonista heroikoa izan zen. Soldadu eta kaporal soila izan arren Alemaniako burdinazko gurutzea eman zioten birritan (erabat ezohikoa zen armadako maila apaleko gudari soil bati sari hura ematea). Gertaera haiek zeharo izen ona eskuratu zioten orduko alemaniarren artean.
Ospitalean zegoela -ez zen hura zauritu zuten aldi bakarra- sinatu zen kapitulazioak erabat erresumindu zuen uste zuelako orduantxe hasiak zirela gauzak aldatzen Alemaniaren alde, gatazka batzuk irabazi berriak zituzten-eta. Baketzeko hitzarmen hark zeharo nahigabetu zuen eta umilazio eta traizio ezin onartuzkotzat eduki zuen beti ere.
Hala eta guztiz, Alemaniako gudarostean segitu zuen eta armadan eman zioten hurrengo ardura Alderdi Nazional Sozialista espiatzea izan zen. Ondo zelatatu zuen baina ez armadakoek uste zuten moduan. Izan ere, handik lasterrera partidu hartako buruzagi nagusi eta bakarra bihurtu zen.
1923an porrot egin zuen estatu-kolpea jo zuen Munichen. Hala ere, betearazi zioten espetxealdia urtebetekoa baino ez zen izan. Kartzelan zegoela "Mein Kampf" ("Nire Borroka") diktatu zion bere agurkide Rudolph Hess-i. Bertan nazismoaren hezurmamiak azaldu zituen argi eta garbi.
SA eta, geroago, SS taldeak sortu zituen aurkari eta etsai politikoak suntsitzeko. Hizlari sutsu eta etorri handikoa izan zen ("gidarigai" baten ezinbesteko dohainetako bat, berak esaten zuenez).
[aldatu] Hirugarren Reich-a
1933an kantzelari izendatzea lortu zuen. Atoan botere guztiak bereganatu (Reichsführer), beste alderdi guztiak ilegalizatu, demokrazia ezabatu eta Gestapo (polizia berezia) eratu zuen. Orduan lehenagotik ahoz eta idatziz egindako iragarpenak betetzeari ekin zion, hasieran apurka-apurka baina geroago eta arinago.
Juduak (mikrobio bezalako azpi-gizaki higuingarri eta ezin zitalagoak, bere teoriei kasu egin ezkero) eta ezkertiarrak (bere ustean komunistak eta boltxebikeak ez ziren egiazko sozialistak. Benetako sozialistak naziak ziren) jazarri egin zituen, talde biok Versailleseko kapitulazioaren eta alemaniarren ezbehar guztien errudunak zirelakoan.
Handik gutxira Franco diktadoreari lagundu zion Espainiako gerran eta bere agindupeko hegazkinek Gernika eta Durango (Bizkaia) bonbaz josi zituzten. Ekintza hura probalekua izan zen ordurako erabat erabakita zeukan Mundu Gerrarako.
Sasoi hartan eta hurrengo bi urteetan bere handinahi asezinari gogor lotu zitzaion: ahal beste arma asmatu eta produzitu arazi zituen eta baita alemaniar gudarostea etengabe hazi (biak ere Vesailleseko hitzarmenaren aurka).
Bizkitartean, Frantziako eta Ingalaterrako gobernu gizonek ez zuten errakzionatu, amore eman baino. Hala, lehendabizi (1936) Lehen Mundu Gerrako lur galerak (Renania) berreskuratu eta, geroago (1938), Austria eta Txekoslovakia mendean hartu zituen, bertan alemaniar arioak ere bizi zirelako estakuruaz eta odol tanta bat ere isuri barik.
[aldatu] Bigarren Mundu Gerra
1939an Polonia ere inbaditu zuen argudio berbera aitzakiatuz. Orduan Frantzia eta Britainia Handiak gerra aldarrikatu zuten Alemaniaren kontra eta orduantxe frogatu zuen Hitlerrek noraino prestatua zegoen burrukarako. Frantzia hilabete eskasean menderatu zuen harrigarriki, "tximista-gerra" izenez ezagutu zen taktika militarra erabilita. Estrategia hartan tankeen egitekoa giltzarria gertatu zen.
Hitlerrek hagitz mendeku eta umilazio zale ihardun zuen orduan ere: errendizio ituna Lehen Mundu Gerrako kapitulazioko tren bagoi beberean sinarazi zien frantziarrei. Hori egindakoan bagoia erretzeko agindu zuen. Okupazioak iraun zuen bitartean, besteak beste, Lapurdiko kostalde guztia hormigoiztatu zuen, aliatuak hortik lehorreratuko zirelakoan.
Franco espainiar agintari faxistarekin elkarrizketa bat izan zuen Hendaiako tren geltokian. Inoiz ez zen ondo argitu bilera hartan zer eztabaidatu zuten eta Francoren erregimenak -gerra amaituta- beti esan izan zuen Francok ezezko borobila eman ziola Hitlerren gerran sartzeko gonbiteari. Beranduago jakin da, Espainiako Serrano Suñer (batzarrean bertan izan zen) orduko politikari frankistak berriki argitu duenez, Francoren eskakizunak gehiegi izan omen zirela (batez ere, Afrikako iparraldeari begira) eta, gainera, ordu erdiz itxaron arazi omen ziotela Alemaniako buruzagiari. Izan ere, Hendaiaraino hurbilarazi izan zioten Munduko gizon boteretsuenari; eta horrez gain Francoren trena berandu heldu zen. Hori guzti hori, antza, larregi izan zen Hitler-lako harroputz okitu batentzat eta ero baten moduan oihuka hasi omen zitzaion Espainiako diktadore berriari. Francok gutxieneko kolaborazioa agindu eta esku hutsik atera zen batzarretik.
1940an Hitlerrek Errusiari eraso egiteko agindu zuen bere aspaldiko iragarpena beteaz (Ekialdea da alemaniarrek hedatzeko duten "espazio naturala") eta Britainia Handiaren kontrako guda irabazita zeukalakoan. Hala ere huraxe izan zen bere hondamendi eta gainbeheraren hastapena.
1940ko Ekialdeko kanpaina erdi-porrota gertatu zen. Hurrengo urtean txuluta are handiagoa izan zen, batik bat Hitler Stalingrado (Stalinen hiria zanpatzea erabat umiliagarritzat omen zeukan) garaitzearekin tematu zelako. Orduan XX. mendeko inoizko negu gorriena egin zuen Errusian eta alemaniarren armak eta uniformeak eskasak bilakatu ziren elurteari aurre egiteko. Bitartean Stalinek (Hitlerrekin batera gizaki gehien erail dituen beste diktadorea) errusiar gudarosteak arma fabrikatu berriez hornitu eta alemaniarrak inguratu eta hesian hartu zituen (milio laudenetik gora lagun kaiolatuta gelditu ziren). Handik aurrera Hitlerren gudarosteek atzeraka egin zuten etengabe eta urtebete geroago britaniar eta estatubatuarrek Normandian lehorreratzea lortu zuten.
Hitlerren izakera oldarkorrak ezin zuen galtzea inondik inora onartu, eta hortaz, inoiz ez zuen defendatzeko estrategia sendo eta hausnarturik antolatu. Azken egunak bere jauregiaren azpian beren beregi eraikitako bunker erraldoian eman zituen, boterera igo arazi zuten alemaniarrek bonbardaketa amaigabeak eraman behar izaten zituzten bitartean (Dresden egin zuten odoltsuena bertan arma fabrikak zeudelakoan).
Bere pentsakerari muturreraino eutsi zion Hitlerrek eta inoiz ez zitzaion kapitulaziorik (ezta erdipurdiko bat ere) sinatzea burutik pasatu. Hori baino nahiago izan zuen "lur errearen" estrategia zoroari eman (esana zuen "Ondoratu gaitezke baina mundu oso bat eramango dugu gurekin") eta bere buruaz beste egitea. Suizidatu aurretik agindu zorrotzak eman zizkien hurbileko menpekoei hilotza erabat errauts zezaten, beldurra ziolako etsaiek, hil eta gero, bere gorpuari egin ahal ziotenari; duela gutxi bere adiskide min Mussoliniren hilotzarekin gertatu berria zen legez.
Hitlerrek, besteak beste, 7 milio juduren asasinatzearen ardura izan zuen eta munduko inoizko gizaki hiltzaileena izan da.