Benedikto XVI.a
Wikipedia(e)tik
Benedikto XVI.a (latinez, Benedictus PP. XVI; italieraz Benedetto XVI) edo jaiotzez Joseph Aloysius Ratzinger (Marktl am Inn, Bavaria (Alemania), 1927ko apirilaren 16-) Eliza Katolikoko Aita Santu da 2005eko apirilaren 19tik.
1950etik aurrerako teologo katoliko ezagunenetarikoa da, baita idazle ekintzailea ere. Aditu gehienek doktrina katolikoaren defendatzaile ikusten dute. Alemaniako zenbait unibertsitatetan irakasle izan zen, eta Vatikanoko II. kontzilioan parte hartu zuen laguntzaile gisa.
Munich eta Freising-eko gotzain eta kardinal izendatu zuen Paulo VI.ak. Joan Paulo II.aren garaian Fedearen Doktrinarako Kongregazioko buru izan zen.
Eliza Katoliko Erromatarreko 265. Aita Santua da 2005eko apirilaren 19tik. Aita Santu izendatzean honako hitz hauek esan zituen: "Anai-arreba maiteok, Joan Paulo II.a aita santu handiaren ondoren kardinal jaunek neu aukeratu naute, Jainkoaren mahastiko langile apala".
Ratzingerrek sei hizkuntza menderatzen ditu (alemana, italiera, frantsesa, gaztelania, ingelesa eta latina) eta gainera grekera klasikoa eta hebreera irakurtzeko gai da. Europako hainbat zientzia akademietako kide da, eta hainbat unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu dute.Pianoa jotzen du eta bere musikari gogokoena Mozart da.
Bere Aita Santutzan gizarteko erlatibismoa gaitzetsi du, eta Europari bere oinarri kristauetara bihurtzeko deia egin dio behin eta berriz. Jainkoaren maitasunean irautea garrantzitsua dela azpimarratu zuen bere Deus Caritas est (Jainkoa maitasuna da) entziklikan.
Eduki-taula |
[aldatu] Bizitza
[aldatu] Haurtzaroa eta gaztaroa
Bavariako Marktl am Inn herrixkan jaio zen 1927ko apirilaren 16an (Larunbat santua). Bere gurasoak Joseph Ratzinger aita, polizia, eta Maria Peinter (ezkondu ondoren Ratzinger abizena hartu zuen) izan ziren. Hiru seme-alabako familian gazteena, bere anaia Georg apaiz egin zen eta arreba Maria ezkongabe bizi izan zen anaia Josephekin.
1941ean seminarioan sartu zen apaiz ikasketak egiteko, nahiz eta gurasoen egoera ekonomikoa oso ona ez izan. Naziek Gazte Hitleriarretan sartu zuten, seminarioko bere lagunekin batera. Besteak beste, lantegiak eta ikastetxeak ikuskatzea izan zen bere zeregina erakunde horren baitan.
II. Mundu Gerra amaitzear zela, desertatu egin zuen, baina soldadu aliatuek preso hartu zuten 1945ean. Urtebete geroago, askatu eta seminarioan ikasten jarraitu zuen 1951ra arte, teologia eta filosofia ikasiz.
[aldatu] Irakasle
Bonneko unibertsitatean hasi zen 1959an klaseak ematen. 1963an Münsterreko unibertsitatera joan zen, ordurako teologo ezagun bihurtuta. Vatikanoko II Kontzilioan parte hartu zuen Koloniako Josef Frings kardinalaren laguntzaile. Kontzilioaren garaian aurrerakoitzat zeukaten, eta berak ere Karl Rahnerren teologia berria miresten zuela zioen.
1968an Kristautasunerako Sarrera liburua idatzi zuen. Elizaren gehiegizko zentralismoa gaitzetsi zuen bertan, eta Aita Santuak erabaki bat hartu aurretik Elizaren barneko ahots guztiak entzun behar zituela defendatzen zuen. Liburua hainbat aldiz berrargitaratua izan zen, baina parrafo horiek kenduta, Ratzingerren arabera gaizki ulertu baitziren.
Tübingenneko unibertsitatean zegoen giro gero eta marxistagotik aldentzeko Bavariako Regensburg edo Ratisbona unibertsitatera joan zen klaseak ematera. Une honetatik aurrera, bere gertukoek gero eta kontserbadoreago ikusi zuten.
[aldatu] Apaiz, gotzain eta kardinal
1951an apaiz izendatu zuten Georg bere anaiarekin batera. 1972an Communio aldizkaria sortu zuen Henri de Lubac, Hans Urs von Balthasar eta beste batzuekin batera. Egun 17 hizkuntzatan kaleratzen da, eta agerkari katolikoen artean garrantzitsuenetakoa da mundu mailan.
1977an Munich eta Freisingeko gotzain izendatu zuten, eta ekainean Paulo VI.ak kardinal egin zuen. Momentu horretan topo egin zuen lehen aldiz Karol Wojtilarekin, geroago Joan Paulo II.a izango zenarekin.
[aldatu] Fedearen Doktrinarako Kongregazioaren buru
1981eko azaroaren 25ean Joan Paulo II.ak Fedearen Doktrinarako Kongregazioaren buru izendatu zuen. Municheko gotzaintza utzi zuen Erromara joateko, lan hori betetzera.
Ideologikoki Joan Paulo II.aren gertukoa zen Ratzinger kardinala; zenbaitzuk ekumenismoaren eta erlijioen arteko elkarrizketaren aurrean kritikoa izatea leporatu diote. Besteak beste, homosexualitatearen errekonozimendu juridikoa gaitzetsi izan du hainbatetan, baita Askapenaren Teologiak izandako desbideraketa batzuk ere (marxismotik gertu daudenak, dirudienez). Teologo kritiko askori irakasteko baimena kendu die, hala nola, Hans Küngi edo Leonardo Boffi.
[aldatu] Aita Santu
2005eko apirilaren 19an aukeratu zuten Joan Paulo II.aren ondorengo izateko. Askoren arabera, Ratzingerrek Vatikanoko II Kontzilioaren aurreko eliza-antolaketa ekarriko zuen eta gai batzuetan (abortoa, homosexualitatea, dibortzioa, eutanasia...) elizaren jarrera asko gogortuko zen. Hala ere, bere defendatzaileen arabera, Ratzingerrek Elizatik kanporatu zuen bakarra Lefevre gotzain ultrakontserbadorea izan zen, eta horregatik gezurtatu egiten duten Benedikto XVI.aren ustezko izaera kontserbadoreegi hori.
Orain arte entziklika bakarra kaleratu du, Deus Caritas est izenekoa. Bertan Jainkoaren maitasuna deskribatzen du. Jainkoak bideratutako salbamen historian maitasunak izan duen eta gaur egun duen garrantzia azpimarratzen du. Era berean, gizarte justizia lortzeko karitatearen eta maitasunezko zerbitzuaren beharra adierazten du.
Bidaia garrantzitsuak egin ditu bere agintaldian, esaterako Koloniara joan zen 2005eko abuztuan Munduko Gazteen Batzarrean parte hartzera, eta, horrez gain, Espainia, Turkia, Bavaria eta Polonia ere bisitatu ditu, Italiako hainbat lekuz gain.
Artikulu hau pertsona baten biografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |