Konstantzio II.a
Wikipedia(e)tik
Konstantzio II, latinez Flavius Julius Constantius (317ko abuztuaren 7 - 361eko azaroaren 3) erromatar enperadorea izan zen, 337tik hil zen arte. Konstantino I.a Handiaren eta Faustaren bigarren semea izan zen.
337an, aita hil zenean, Konstantzio Kloro aitonaren eta Teodora haren bigarren emaztearen senideen triskantza agindu zuen Konstantzio II.ak. Konstantino I.a Handiaren gizonezko ondorengo bakarrak haren hiru semeak, Konstantzio II.a bera, Konstantino II.a eta Konstante, eta haien bi lehengusuak, Juliano Apostata eta Galo Zesar. Konstantinoren hiru semeek haien artean banatu zuten Inperioa, aitaren testamentuaren arabera. Konstantziori ekialdea egokitu zitzaion.
Nolanahi ere, Konstantino II.a 340an hil zen, Konstante erasotzen ari zela. Honela, Konstante mendebaldeko buru bakarra bilakatu zen. 350ean, oreka hori berriro desegin zen, Magnentzio jeneralak bere burua enperadore izendatu zuelako eta Konstante hil zuelako. Une hori arte Konstantzioren kezka nagusia pertsiarren inbasioak ziren. Galo lehengusuari zesar titulua eman behar izan zion Konstantziok berak usurpatzailearen aurka egin ahal izateko.
351n Konstantziok Magnentzio garaitu zuen bataila odoltsu batean. Magnentziok bere buruaz beste egin zuen 353an. Galo lehengusua segidan hiltzera zigortu zuen.
Hala ere, ezin zen ekialdeko eta iparraldeko mugez aldi berean arduratu. Hortaz, bizirik geratzen zitzaion senide bakarrari, Juliano Apostatari hain zuzen ere, zesar titulua eman zion. Galiako armadak, ordea, augusto titulua aldarrikatu zuen Juliano Apostatarentzat. Konstantziok gerrari ekin behar izan zion orduan. Borroka baino lehen, halere, sukarrak hil zuen Konstantzio 361eko azaroaren 3an. Juliano Apostata Inperio osoko enperadorea onetsi zen.