Euskararen historia
Wikipedia(e)tik
Euskararen historia bi aro nagusitan banatu dezakegu, 1545 urtea data muga hartuz, Linguae Vasconum Primitiae euskarazko lehen liburua argitaratu baitzen.
Eduki-taula |
[aldatu] Idatzi aurreko garaiak
- Mendebaleko Europako hizkuntzarik zaharrena omen da gurea, 8.000 urtekoa gutxienez, antza denez. Batzuen ustez, euskara zen Babelgo dorrean sortu ziren 72 hizkuntzetako bat. Benetako jatorria eta sorterria ez dakigu; "uharte hizkuntza" da.
- I. mendea - Hainbat ikerlariren arabera, euskararen lurraldea oraingoa baino zabalagoa zen: iparraldean Baionatik gora, ipar-ekialdean Paueruntz, ekialdean Ilerda-raino (gaur egungo Lleida), hegoaldean Nafarroako erribera eta Errioxako iparralderaino eta mendebaldean Kantabriako ekialde eta Burgosko iparralderaino. Gaur egun, euskal jatorrizko 200 toponimo baino gehiago daude Aragoi eta Kataluniako iparraldean. Idatzi gabekoa izan da gainera mendeetan zehar eta, ulertzekoa denez, horrek ikerkuntzak izugarri zaildu egin ditu.
- III. mendetik VI. mendera - Euskararen lehen idatziak Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako hitzak dira. Hauek III. mendetik VI. menderarteko hedapena izan dezakete. Bertan ZURI URDIN GORI, EDAN IAN LO, GEURE ATA ZUTAN, URDIN ISAR, IESUS IOSHE ATA TA MIRIAN AMA, IAN ETA EDAN eta IAUN dira aurkitutako hitz batzuk.
- X. mendea - Euskarazko lehen esaldi idatziaren testimonioa: "Izioqui dugu" eta "Guec ajutu ez dugu" glosak (bazter testuak) dira, Susoko monasterioan gordeta daudenak, Donemiliaga Kukulan, Errioxan.
- 1140an - Aymeric Picauden "Liber Sancti Jacobi" liburuan, euskarazko hitzak agertzen dira, Donejakue Bidea egiten zuten erromesentzako hiztegitxo gisa: "andrea, Andre Maria, aragui, araign, ardum, belaterra, echea, elicera, gari, iaiona, iaona domne iacue, orgui, Urcia".
[aldatu] Euskara idatziaren aroa
[aldatu] XVI. mendea
- 1545. urtean, Bernart Etxepare baxenafarrak "Linguae Vasconum Primitiae"' liburu ospetsua argitaratu zuen Bordelen, euskararen historian lehenengoa eta Ipar Euskal Herritar batek idatzitako libururik zaharrena dena. Haren hitzetan: "Berze jendek uste zuten ezin eskriba zaiteien; orai dute phorogatu enganatu zirela"; "Lehen inprimazalia heuskararen hura da".
- 1567an, Joan Perez de Lazarraga arabarrak “Dianea eta Koplak” liburua kaleratu zuen Madrilen, orain dela gutxi ezagutu egin dena, Hego Euskal Herriko idazle batek eta gaur egun deitzen den mendebaldeko euskaraz idatzitako libururik zaharrena.
- 1571an Joannes Leizarraga baxenafarrak “Iesus Christ gure iaunaren Testamentu Berria” karrikaratu zuen, Bibliaren lehendabiziko bertsioa euskaraz.
- 1596an Atsotitz edo esaera zaharren lehenengo bilduma argitaratu zuten Iruñean. Bizkaieraz idatzita dago, kurioski.
[aldatu] XVII. mendea
- 1643an "Axular" idazle nafar-lapurtarrak argira eman zuen euskarazko literaturaren historian gakoa izan den lana: "Gero".
- 1650an Arnaud Oihenart idazle zuberotarrak ”Les Proverbes Basques” izeneko lana karrikaratu zuen.
- 1664an John Ray eta Francis Willughby naturalista ingelesek 391 sarrera dituen latina-okzitaniera-gaztelania-arabiera-mendebaleko euskara ("Latine", "Provencel", "Hispanice", "African" eta "Biscay") hiztegia idazti zuten, Europan barna bidaian ibili ondoren.
- 1692an Dessancak Albaitaritza tratatua kaleratu zuen Ipar Euskal Herrian.
[aldatu] XVIII. mendea
- 1729an Aita Larramendik "El imposible vencido" argitaratu zuen, euskarazko lehenengo gramatika izan zena.
- 1730an erregistratu zen lehen testimonio idatzia "eraztuna"ri buruzkoa, Beasaingo eskolan. Tortura txikien praktika hau erabili izan dute historian zehar eskoletan euskararen erabilera murrizten saiatzeko, batzuetan zoritxarrez emaitza onekin. Beste hizkuntza gutxitu batzuen kasuetan ere erabili izan dute.
- 1745ean, Larramendik berak Hiztegi elehirudun (Gaztelera, Euskara eta Latina) erraldoia argitaratu zuen.
- 1764an Xabier Munibe kondeak eta Azkoitiako zalduntxoek “Sociedad Bascongada de Amigos del País” Bergaran sortu zuten. Koldo Mitxelenaren arabera, hauxe da euskal kulturaren historiako gertaerarik garrantzitsuena.
- 1789. Frantziako Iraultzan, hasien errespetu giroa izanik, laister errepresio handia hasi ziren erabiltzen frantsesa ez zen beste hizkuntzen (patois, dialectes vulgaires) aurka, hau da Frantziako estatuaren hizkuntza gutxituen aurka: euskara, bretoiera, okzitaniera, kataluniera, etab. Orduko testuetan agertzen den bezala: L’ignorance de la langue nationale, c’est trahir la patrie; Jargons barbares et ces idiomes grossiers qui ne peuvent plus servir que les fanatiques et les contre-révolutionnaires!.
[aldatu] XIX. mendea
- 1848an argitaratu zuten lehenengo egunkaria euskaraz, "Uscal Herrico Gaseta", Agosti Xaho zuberotarraren ekimenaren bidez. Bi zenbaki baino ez dugu ezagutzen.
- 1881an Juan Antonio Mogel eibartarrak "Peru Abarka" liburu ezaguna argitaratu zuen.
- 1885an "Escualdun gazeta" astekariaren 3 ale kaleratu zituzten Los Angelesen (AEB).
- 1887an "Eskualduna" astekaria hasi zen argitaratzen, Louis Etxeberriren ekimenez Ipar Euskal Herrian. Aldizkaria 1944 arte kaleratu zen.
[aldatu] XX. mendea
- 1901. "Euskal Lore Jokoak" kultur ekitaldiaren barruan, Unamunok hitzaldi ezaguna egin zuen, non tartean euskararen hileta duinen alde egin baitzuen: “El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna (...) Bilbao hablando vascuence es un contrasentido (...) El vascuence se extingue (...) Enterrémosle santamente”.
- Urte berean, “La lucha de clases” Bilboko aldizkari sozialistan antzeko iragarpenak egin zituzten: “El vascuence es un enfermo tuberculoso en su último grado que irremisiblemente perece”.
- 1901: "Pizkundea" (1936 arte). Ortografia batuari buruzko Kongresua Hendaian egin zuten.
- 1902 "Euskaltzaleen Biltzarra" burutu zuten Hondarribian.
- 1911ko maiatzaren 21ean "Mendi, mendiyan" Bilbon arrakastaz estreinatu zuen Jose Maria Usandizagak, Campos Eliseos Antzokian. Euskaraz idatzitako lehen opera izan zen.
- 1918an Euskaltzaindia sortu zuten, hizkuntzaren akademia.
- 1923an "Galeusca" sortu zuten Bartzelonan Galizia, Euskal Herria eta Kataluniako idazle eta kulturgile batzuk, Casanovaren omenez, doi-doi Primo de Riveraren diktadura ezarri baino lehentxeago.
- 1927an "Euskaltzaleak" euskal poeten elkartea fundatu zuten. Urte berean Lauaxetak "Bide barrijak" eta Lizardik Bihotz begietan liburuak argiratu zituzten.
- 1935ean Iñaki Eizmendi "Basarri" bertsolariak irabazi zuen lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1936an Eusko Jaurlaritzak Euskera hizkuntza ofizial izendatu zuen Estatutuan. Urte berean piztu zen Espainiako Gerra Zibila (1936-1939). Hau amaitzean, Francoren diktadura hasi zen, euskal kultura (kataluniarra, galiziarra eta beste txikiago batzuekin batera) erreprimituta izan zen aro beltza.
- Urte hartan bertan, "Txirrita" bertsolariak irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1957an "Leturiaren egunkari ezkutua" liburua kaleratu zuen Txillardegik, aurreko narratibaren tradizioarekin apurtu zuen lana.
- 1960an "Basarri" bertsolariak irabazi zuen bigarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 1962an Manuel Olaizola "Uztapide" bertsolariak irabazi zuen lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1964an Gabriel Aresti "poeta hiritarrak" Zarautzen argitaratu zuen "Harri eta Herri", euskal poesiaren historian liburu iraultzailea izan dena.
- 1965eko azaroaren 1ean Durangoko Azokaren lehenengo aldiz antolatu zuen Gerediaga Elkarteak, urte hartan berean sortu zutena.
- Urte hartan bertan, "Uztapide" bertsolariak irabazi zuen bigarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 1966an "Ez Dok Amairu" taldea sortu zuten, euskal kulturan gaur egun hain ezagunak diren Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Xabier Letek, besteak beste, osatutakoa.
- 1967an "Uztapide" bertsolariak irabazi zuen hirugarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 1968an Arantzazuko Batzarrean hasi zen Euskara batua sortzeko prozesua.
- 1972an Oskorri euskal musika talde ezaguna jaio zen.
- 1975ean "Ehun metro" liburua kaleratu zuen Ramon Saizarbitoria idazleak.
- 1977an: euskal izenak legalak (Franco diktadorea hil eta bi urte geroago). Hortik aurrera euskal kultur adierazpenak hasiko zituzten legeztatzen.
- 1978an Euskal Zine eta Bideo Bilera (EZBB) hasi ziren antolatzen Lekeition, euskarazko ikus-entzunezko arloan bakarra den jaialdia.
- 1980an Xabier Amuriza bertsolariak irabazi zuen lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1982: Euskararen Normalizazioaren Legea (EAEn). EiTBk urte hartan ere emisioak hasi zituen. Ikastolak berriro abian ipini zituzten.
- Urte hartan bertan, Xabier Amuriza bertsolariak irabazi zuen bigarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 1985ean "Ehun metro" liburuaren bertsioa egin zuen zinemarako Alfonso Ungria zuzendariak.
- 1986an Sebastian Lizaso bertsolariak irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1988an Bernardo Atxagak “Obabakoak” argitaratu zuen. Urte bat geroago, Espainiako Literatur Sari Nazionala lortu zuen, euskal idazle batek erdiesten zuen lehenengo aldia izanda.
- 1989an Jon Lopategi bertsolariak irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1990eko abenduaren 6 - Euskaldunon Egunkariaren lehen zenbakia argitaratu zuten, herri-ekimen batek abiatuta. XX. mendeko euskarazko egunkaririk arrakastatsuena izan zen.
- 1991n hil zen Fidela Bernat, erronkarierazko azken hiztuna.
- 1993an Andoni Egaña bertsolariak irabazi zuen lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1996ko irailaren 9an “Oskorri” musika talde tradizional baina berritzaileak 25. urteurrena ospatzeko kontzertua egin zuen Getxon.
- 1997an Andoni Egaña bertsolariak irabazi zuen bigarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
[aldatu] XXI. mendea
- 2001eko urriaren 29an Sustatu bilakatu zen lehendabiziko euskarazko bloga.
- Urte hartan bertan, Unai Elorriagak "SPrako tranbia" kaleratu eta, urte hartan bertan, Espainiako Sari Nazionala eskuratu zuen.
- Halaber, Andoni Egaña bertsolariak irabazi zuen hirugarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 2003ko otsailaren 20an, Del Olmo epaileak eta orduko Espainiako Gobernuak agindu zuten "Euskaldunon Egunkaria" ixtea, oraindik argitu ez dituzten akusazio batzuengatik.
- Otsailaren 22an Donostian manifestazio erraldoia burutu zuten Egunkariaren aurkako erasoa salatzeko, historiako handienetarikoa.
- Ekainaren 21ean "Berria" egunkariak lehen zenbakia kaleratu zuen, Egunkaria ordezkatuz.
- 2005eko irailaren 22an "Aupa Etxebeste" filma estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian, aspaldiko partez zinemaratutako lehenengo euskarazko film luzea.
- Urriaren 13an "Kaukasiar kreazko borobila" antzerkian estreinatu zuten Izpuran, inoizko antzezlanik handiena Euskal Herrian, Itxaro Bordak euskaratutako Bertolt Brechten lana.
- Urte hartan bertan, Andoni Egaña bertsolariak irabazi zuen laugarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 2006ko irailaren 28an "Kutsidazu bidea Ixabel" filma estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian, Joxean Sagastizabal idazleak idatzitako izen bereko liburu arrakastatsua zinemaratuz.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Bibliografia
- "El Libro Blanco del Euskara" Elkarlanean. Euskaltzaindia, 1977.
- "Orhipean. Gure Herria Ezagutzen". Xamar. Pamiela, 1992.
- "Lingua Navarrorum" Txillardegi. Egin biblioteka, 1996.
- "Navarra. Historia del Euskera". J.M.Jimeno Jurio. Txalaparta, 1997.
- "El Libro Negro del Euskara" J.M.Torrealdai. Ttarttalo, 1998.
- "Euskararen Historia txikia Donostian. 1800-1998". Koldo Izagirre. Susa, 1998.
- "Arabarrak Euskararen Herrian". Koldo Zuazo. Araba bilduma, 1999.