Gernika
Wikipedia(e)tik
Gernika |
|||
---|---|---|---|
Bizkaia | |||
|
|||
Izen ofiziala | Gernika-Lumo | ||
Antolaketa
Estatua
Autonomia Erkidegoa Lurralde Historikoa Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Bizkaia Busturialdea |
||
Posta-kodea | 48300 | ||
Koordenatuak | |||
Garaiera Azalera Biztanleria Dentsitatea |
10 m 8,6 km² 15.959 (2006) 1.810 bizt/km² |
||
Sorrera | 1366 apirilaren 28 hiribildua | ||
Herritarra | gernikar | ||
Alkatea | Migel Anjel Aranatz Ibarra (EAJ) | ||
www.gernika-lumo.net | |||
Gernika-Lumo Bizkaiko udalerria da, Busturialdeko eskualdean kokatua.
Bizkaiko Gorteak herri honetan kokatu ziren, hemen baitago Gernikako arbola, euskaldunen ikur garrantzitsuenetakoa. Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariek hemen zin egiten dute.
Gernika mundu osoan da ezaguna, hemen gertatu baitzelako zibilen aurkako lehen airetiko bonbaketa. 1937ko apirilaren 26an, Hitleren aire armadak, Francoren babespean, hiria ia guztiz suntsitu zuten. Gertaera lazgarria oraituz, Pablo Picasso margolariak Gernika artelana egin zuen, Parisko erakusketa unibertsalean gerren zentzugabekeria mundu osoari erakusteko.
Eduki-taula |
[aldatu] Gernika, bakearen sinboloa
Espainiako Gerra Zibilean, Kondor legioko hegazkinek erabat suntsitu zuten Gernika, 1937ko apirilaren 26an. Hegazkin horiek Hitlerrek bidali zituen, Francoren armadari laguntzeko. Lau ordutan, Alemaniako hegazkinek erraustu egin zuten herri osoa. Esperimentuzko egintza horren bitartez, hasiera eman zitzaien ondorengo gerretan hain ugariak izango ziren sarraskiei.
1966an Gernikaren Sorreraren VI. Mendeurrena ospatu zen. Ospakizun horren oroigarria dugu Foru Plazan dagoen D. Telloren monumentua (Agustin Herranz arkitekto gernikarraren lana).
1987an, bonbardaketaren 50. urteurrena ospatu zen, Hiri Martirien Munduko Elkartearen Aurrebiltzarrarekin batera. Biltzar hori gero Madrilen egin zen, eta bertara mundu osoko ordezkariak bildu ziren. Harrezkero, Gernika-Lumo Elkarte horren barruan dago. Hurrengo urtean, 1988an, Eduardo Txillida eskultore donostiarraren "Gure Aitaren Etxea" monumentua inauguratu zen; eta 1990ean, horren ondoan Henry Moore eskultore ingelesaren "Large Figure in a Shelter" lana jarri zen. Bi monumentu horiek Gernika-Lumo Bakearen Hiria dela adierazten dute.
"Gernika, bakearen sinboloa" izeneko ikurra oinarri buruturiko jardueren ondorioz, zenbait hirirekiko senidetzeak egin dira, eta lankidetzarako konpromezuak hartu dira kulturan, hezkuntzan eta industrian: Berga (Katalunia 1986), Pforzheim (Alemania 1988) eta Boise (Estatu Batuak 1993).
[aldatu] Historia
[aldatu] Historiaurrea
Historiaurretik Gernikako ibarrak era guztietako aukerak eskaini dizkio gizakiari.
Gizakiak haranean utzitako santutegi nagusia Santimamiñe kobazuloa da (Kortezubi); bertan, Historiaurrean, Madeleinetik bizi izan da jendea (15.000 k.a.). Santimamiñe santutegi nagusia da, bertan aurkituriko labar-pinturei esker; pintura horien kalitatea eta aberastasuna Altamiran (erlaitz kantauriarrean) aurkiturikoen antzekoa da.
Horrela, badakigu Gernikako ibarrean baso handiak izan zirela, eta horietan oreinak, basurdeak eta beste animalia batzuk bizi zirela, Santimamiñeko bizitza ekonomikoaren oinarria osatzen zuten animaliak.
Glaziazioen garaiaren ostean (k.a. 9.000), Paleolitikoan sorturiko bizitza berria eratzen hasi zen: Maskorbiltzaileen kultura. Horien elikadura, berriz, itsasadarrak eskainitako itsaskietan oinarritzen zen. Klima hobea zen, mendietako izotzak urtu egin ziren eta ondorioz, klima hotzetako animaliek beste lurralde batzuetara emigratu zuten. Janariaren beharra, beraz, itsasadarreko itsaskiekin bete zuten.
Neolitikoan, k.a. 5.000. urtean, Santimamiñeko biztanleek ez zuten kobazuloa utzi, klima leunagoa bazen ere. Segurutik, garai horretarako, euskara eratzen hasi zen, orduko gizakien loturako eta komunikazioko tresnatzat.
Burdinaren kultura indoeuroparrak izandako eragina, beste alde batetik, lehenengo milurtekoaren hasierako mendeetan nabaritu zen, k.a. II. mendearen inguruan. Leku estrategikoetan ezarri eta tontor jakinak aukeratzen zituzten; horietatik, komunikazio bide nagusiak kontrolatzen zituzten, baita ibai nagusien bideak ere. Kultura horretako aztarnak ondoko herrisketan aurkituko ditugu: Marueleza (Nabarniz), Kosnoaga (Gernika) nahiz Iluntzar (Nabarniz) eta Gaztiburuko Santutegia (Arratzu).
Erromatarren garaiari dagokionez, Gernikako itsasadarra da, Bizkaiko lurraldearen barruan, aztarnarik gehien dituena: Morgako hilarria (IV. mendea), Foruko Haitzaren gauzak, Portuondoko ezarkuntza eta kostaldeko beste batzuk. Horiek berezko aldapetan daude, itsasadarraren ezkerreko hegalean, kabotajeko itsas-trafikoari lotuta, baita eremu horretako natur baliabideen ustiapenari lotuta ere (burdinaren eta marmolaren meatzeak).
[aldatu] Gernikaren sorrera eta bilakaera
Inguru horretan, Don Tello kondeak Gernikako hiribildua sortu zuen 1366ko apirilaren 28an. Jatorrian, hiribuldua, batetik, Bermeotik Durangorako bideek, eta bestetik, Bilbotik Elantxoberako nahiz Lekeitiorako bideek osaturiko bidegurutzean kokatuta zegoen. Horrenbestez, leku estrategikoan kokaturik zegoen; kokaleku horretatik, gainera, bide horiek ez ezik, berezko bide bat ere igarotzen zen, itsasadarra alegia; bertara, itsasuntziak Susoko Portua deritzonaren etxeraino iristen ziren. Sorrera horretan, hortaz, merkataritzari loturiko arrazoi batzuk ere egon ziren.
Gerora, Gernikak euskal hiribilduaren ohiko hirigintza-tipologia hartu zuen; zenbait kale paralelok osatzen zuten: Goienkalek, Azokekalek, Artekalek eta Barrenkalek.
Baita zeharkako kale batek ere, Santa Mariak; halaber, hiriko barrutiaren muturretan kokaturiko elizak ere baziren.
Gernikako bizitzan (udal-arautegi zorrotza, nagusiak ziren burges txikien pribilegioak zaintzeko) ez zen aldaketa handirik izan, XVI. eta XVII. mendeetan.
XVIII. mendean plaza bat zegoen hirigunean, eta bertan Udaletxea; espetxe publikoa zuen, Jaurerri osoko gaizkileak zigortzeko, baita Ospitale bat eta Erruki-etxea ere, bertako pobreak hartzeko. Gernikarraren eguneroko jarduerak nekazaritza (laborea, barazkiak eta frutarbolak), artisautza (errementariak, jostunak, zapatariak, linuaren fabrikazioa...) eta merkataritza ziren (merkantzien garraioa eta salmenta).
Mende horiek izandako beste ezaugarri bat, bestalde, ondoko herriarekin izandako gatazka izan zen, Lumoko elizatearekin izandakoa alegia; gatazka hori jurisdikzio mailako arazoek eragin zuten, eta horiek ez ziren 1882ra arte konpondu, herri biak bildu eta Gernika-Lumo sortu zutenera arte.
Industriak XX. mendean iritsi ziren. Biztanleriak etengabeko gorakada izan zuen; 4.500 biztanletatik 6.000tara iritsi zen, 1936an.
Gernikako muino txiki batean Juntetxea eta Arbola daude. Euskaldunen arteko ohitura zaharra arbola baten azpian biltzea zen, batez ere haritz baten azpian, komunitate osoko interesak erabakitzeko (ohitura hori nahiko arrunta zen Erdi Aroko Europan). Bizkaiari dagokionez, lurralde administratibo bakoitzak (Merindadea) bere arbola zuen. Mendeen joanean, Gernikako arbola nagusitu zen, eta hori Lumoko elizatean zegoen; bertan, Gernikazarra izeneko ingurua zegoen, harizti eta baseliza batekin. Arbola horren azpian, Bizkaiko legeak idatzi ziren 1876ra arte; herri guztiek ordezkariak (batzarkideak) bidaltzen zituzten bilkuretara (Batzar Nagusiak). Demokrazia mota edota askatasuna errespetatzeko modu hori Rousseau filosofoak iruzkindu zuen, baita William Wordsworth olerkariak, Tirso de Molina dramaturgoak eta Iparragirre koblakariak ere (Gernikako arbola ospetsua).
Bizkaiko Jaurerria Gaztelako erreinuan sartu ondoren, errege gaztelarrak Gernikara joateko ohitura sartu zen, Bizkaiko Foruak errespetatzeko juramentua, Arbolaren azpian egitearren. Francisco de Mendietak jaso egin zuen, "Eskumuina" izeneko koadro batean, Fernando Katoliko erregeak 1476ko uztailaren 30ean egindako Foruen juramentua. Borboiko Karlos erregegaia, karlistadetan, Gernikara joan zen 1875ko uztailaren 3an, Foruen juramentua egitera. XIX. mendean zehar, Juntetxean bilera asko egin ziren, bai Batzarretarako eta bai egintza politikoetarako.
[aldatu] Pertsonaia ezagunak
- Rafael Iriondo (1918-), futbolaria eta entrenatzailea.
- Luis Villasante (1920-2000), apaiz eta euskaltzaina.